}

Marraztutako pantailak, zergatik ez?

2000/07/18 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Bideoaren teknologiak aukera berri asko eskaintzen ditu. Hala ere, oraindik telebista eta monitore handiak nagusi dira. Hurrengo urteetan hori alda dezakeen asmakizuna plazaratu da

Telebistarako edo ordenagailurako pantaila koloretan izateko oinarrizko bi modu egon dira. Zaharrena eta hedatuena da argi izpi koloredunak pantailara botatzea hodi katodiko baten bitartez. Metodo horrek emaitza onak ematen ditu, baina gailuak bolumen handia behar zuen hodia gordetzeko. Beste metodoak kristal likidoak erabiltzen ditu. Pantaila meheak egin daitezke horrela, baina ohizkoak baino kalitate kaskarragoa eskaintzen dute eta egiten zailak dira.

Berrikuntzak

Londresen pantaila mota berria aurkeztu dute Cambridge Display Tecnology (CDT) eta Seiko Epson enpresek. Batez ere, telefono mugikor berrietarako bideratutako aplikazioa da. Oinarrizko ideia potentzial elektrikoa aplikatzean argitzen diren molekulak erabiltzea da. Modu horretan ez da bestelako argi iturririk behar, ez filtro koloredunik ezta polarizatzailerik ere. Jeremy Burroughes proiektuko zuzendari teknikoaren iritziz errazagoak izango dira egiteko eta, ondorioz, askoz merkeagoak. Bere ikerketa taldean garatu zen teknika hau 1989an Cambridgeko Unibertsitatean.

Argitzen diren molekulak material polimeriko batez eginda daude (Light emiting polymers, LEP). Horrela, pantaila argi gorria, berdea eta urdina emango duten polimero tanten matrizea da. Polimeroa PPV izenekoa da. Bere egituran eraztun aromatikoak ditu, eta, beraz, elektroien mugimendua dute eta argia igortzen duten diodo txikien modura jokatzen ahal dute. Seiko Epson enpresaren teknologiaz, pixel koloredunak siliziozko euskarri batean kokatzen dira. Izan ere, oso teknika sinplea erabiltzen dute, polimeroak eta euskarriak kontrako karga elektrikoak dituztela-ko.

Aurkezpenean Seiko Epson enpresakoek LEP-ez egindako 6,3 zentimetroko pantaila txikia erakutsi zuten, telebista baten kalitateko koloretako bideoak zituena. Tamaina horretako pantailak sakelako telefonoetan erabiltzeko aproposak dira. CDTkoen ustez, interneterako kablerik gabeko konexioa duten gailuak garatzean, pantaila merkeak egin ahal izango dituzte.

Aipatzekoa da orain arte polimeroek arazo handia zutela. Argiak pixkanaka oxidatu egiten zituen eta kolorea sortzeko ahalmena galdu egiten zuten. Horregatik, kolore bakarreko pantailak egin ahal izan dituzte. Oraingo polimero berriek, ordea, luzaroan irauten dute oxidatu gabe, CDTkoen esanetan, kontsumorako produktuetan erabiltzeko epean, behintzat.

Alde txarrak

Hala eta guztiz ere, mugak oso ondo ezagutzen dira. Argi gorria igortzen duen polimeroak 100.000 ordu irauten du oxidatu gabe, argi berdearenak 30.000 ordu eta argi urdinarenak 1.000 ordu baino ez. Seiko enpresaren kalkuluen arabera, sakelako telefonoak 200 ordu inguru erabiltzen dira urte batean. Esaten dutenez, jendeak telefono berriak erosiko ditu polimero urdinaren bizitza agortu aitzin. LEPen bizitza luzatzeko ikerketak abian daude.

LEPen bidez egindako lehenengo telefonoak bi urte beharko ditu merkaturatzeko, gutxi gorabehera. Dena den, beste telefonoak baino askoz merkeagoak izatea espero da. Bestalde, kiribiltzen diren pantailak garatu nahi dituzte. Horretarako CDT-k DuPont enpresa kimikoarekin ari dira lanean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia