Marte, ura urre
2007/01/21 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Mars Oddisey zundak hidrogeno-atomoak aurkitu zituen, eta uraren parte zirela interpretatu zuten NASAn.(Argazkia: NASA-JPL )
Oraingoan , Marten ura dagoen froga bi hondar-arrasto dira; Marteren gainazaleko bi tokitan ikusi dituzte hondar-arrasto horiek, hain zuzen. Bi toki horien argazkiak 1999an eta 2001ean egin zituzten, eta errepikatu egin zituzten 2004an eta 2005ean. Azken bi argazkietan hondar-jausi bana ikusten da lau urte lehenago horrelakorik ez zegoen tokietan, eta NASA ko astronomoen ondorioa izan da ur-jario batek eragin dituela hondar-jausi horiek.
Alegia, ura aurkitu dutela, urik aurkitu gabe.
Ez da lehen aldia
Beste hainbatetan ere zabaldu dute ura aurkitu izanaren albistea. Kasu horietan ere urik ez dute aurkitu, arrasto geologiko eta kimikoak aurkitu dituzte. Uraz hitz egin dute, baina urik aurkitu gabe.
Azken urteetan, hiru aurkikuntzatan oinarritu dira Marten ura dagoela esateko. Alde batetik, 2001ean, Mars Oddisey zundak hidrogeno-atomoak detektatu zituen Marteko hego-poloan. Ez dira hidrogeno-atomo askeak, baizik eta molekulen parte. Baina zer molekula? NASAkoen arabera, ur-molekula zen hautagai nagusia. “Hidrogenoa dagoenez —esan zuten—, urak egon behar du”.
Beste alde batetik, karbonatoak aurkitu zituzten. Karbonatoak ez dira eratzen uraren eraginez ez bada, eta, beraz, karbonatoak egote hutsak adierazten zuen Marten ura zegoela. Baina karbonatoen kopurua hasieran pentsatu zutena baino txikiagoa zen; eta Opportunity ibilgailuak sulfatoak besterik ez zituen aurkitu planetaren gainazalean. Orduan, azalpen bat eman zuten: sulfatoek eragotzi egiten dute karbonatoen sorrera. “Sulfatoak eta karbonatoak tartean egonda —esan zuten—, noizbait ura egon da Marten”.
Azkenik, argazkietan aurkitu dituzte arrasto gehiago: Marteko azalean erreken arro lehorrak eta likidoak eragindako fenomeno geologiko asko ikusi dituzte; oraingo hondar-jausiak, besteak beste. Eta zein da hori guztia eragin duen likidoa? NASAren ustez, urak behar du izan.
Seguru ezer ez
Astronomo guztiak ez daude ados; likido hori karbono dioxidoa ere izan daiteke, edo hondarra bera maldan behera jausi izana. Baina, aukeran, ura izatea nahiago; izan ere, aukera zientifiko ona izateaz gain, beste zerbait eskaintzen du: publizitatea. Ura dagoen tokian bizia sor daiteke. Hori bai, ura egoera likidoan baldin badago.
Rover ibilgailuak ibili dira, besteak beste, Marteko uraren bila.(Argazkia: NASA-JPL)
Baina ez dute ur likidorik aurkitu. Eta nekez aurkituko dute, bi arrazoirengatik: alde batetik, Marte Eguzkitik urruti dagoelako, eta, bestetik, txikia delako. Urruti egonda, oso tenperatura baxua du Marteko gauak, ur likidoa guztiz izozteko modukoa. Planeta txikia izanda, grabitate txikia du, eta ez ditu gas-molekula asko inguruan mantentzen; hau da, atmosfera mehe-mehea du, eta, beraz, presio atmosferikoa ere oso txikia du. Atmosferak presiorik egiten ez badu, Marteko egun argiaren tenperaturan ura lurrundu egiten da. Horregatik ez dute ur likidorik aurkitu; urik baldin badago, solido- edo gas-egoeran egongo da, ez egoera likidoan.
Agian ez da beti horrela izan. Nolanahi ere, NASAk eta ESAk ez dute ura aurkitu Marten, baizik eta uraz hitz egiteko aitzakia bat. Bitartean, publizitateak dirua ekartzen die.
7K-n argitaratua.