}

Martek ez du aurpegirik

2001/05/28 Elhuyar Zientzia

Duela 25 urte NASAren Viking 1 espazio-ontziak Marteko Cydonia eskualdean egin zuen argazkiak zirrara eragin zuen. Argazkian ikusten zen mesak (bere inguruarekiko altuera handiagoa duen eta albo-erpinak dituen lautada) begiak, sudurra eta ahoa zituen. Segituan hartu zitzaion Egiptoko faraoi baten itxura eta azkar plazaratu ziren aurpegiaren jatorriari buruzko sineskeriak. Aurpegia antzinako zibilizazio batek egina omen zen, eta zibilizazio haren eta egiptoarren artean lotura garbia omen zegoen. NASAk mesaren itxura naturaren eta Eguzkiaren izpien gutizia zela aspertu arte errepikatu bazuen ere, sineskeriak bizirik dirau.

Orain hiru urte Mars Global Surveyor zundak aurpegiaren argazki berriak egin zituen. Viking zaharrak hartu zituenak baino 10 bider bereizmen handiagoa zuten eta ez begirik, ez sudurrik eta ez ahorik ez zuten erakusten. Deusek ez zuen bereizten aurpegi hori Marteko eskualde horretan erruz ikusten diren beste mesetatik.

Hala ere, argazkia neguan egina zela eta garai horretan egoten den lainoak beharbada aurpegiaren lerroak ezkutatu zituela argudiatu zuten sineskeria baztertu nahi ez zuten hainbatek. Joan den apirilean, hango udan, argazki gehiago egin zituen Mars Global Surveyor-ek eta berriz ere gauza bera erakutsi dute: ez dela aurpegirik existitzen eta ez dagoela ikusi nahi ez duena baino itsu handiagorik.

Edonola ere, aurpegia aitzakiatzat hartu, eta NASAk Marte berriz ere guztion ahotan ibiltzea lortu du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia