}

Marteko atmosferaren galerari buruzko lehenengo emaitzak bidali ditu MAVEN zundak

2015/11/05 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

marteko-atmosferaren-galerari-buruzko-lehenengo-em
Science aldizkariak azala. Eguzki-ekaitz bortitzek Marteren eremu magnetikoa nola kanporatzen duten ikusten da. Arg. Valerie Altounian/Science

MAVEN zunda espaziala Marteko atmosfera ikertzera bidali zuten 2013an, eta, 2014ko irailean iritsi zenetik, aurreneko emaitzak argitaratu dituzte gaur. Zundaren helburua zen Marte planeta lehorra eta ia atmosferarik gabekoa zergatik ote den argitzea. Izan ere, badirudi garai batean Marte planeta hezea eta epela izan zela, orain ez bezala. Klima-aldaketa horren azalpena, Marteko atmosferan dagoela iritzi dute ikertzaileek, gaur egun atmosfera benetan fina baitu (Lurreko atmosferaren %1 inguru). Atmosfera da planetetatik berotasunak ihes ez egitearen erantzulea, eta Marteren atmosfera findu izana egon daiteke klima aldaketa horren atzean.

MAVENen emaitzek hipotesi horren alde egin dute, eta Eguzkia seinalatu dute horren arduradun modura. Izan ere, lasaia dirudien arren, 500-1.000 km/s–ko abiaduran ateratzen da batzuetan Eguzki-haizea. Hain zuzen ere, haize-ekaitz bortitz horietako bat aprobetxatu dute NASAko ikertzaileek, eta, Martera iristean, planeta gorriko atmosfera erauzi egiten duela ikusi dute. Atmosferak gasen galera handia izan du.

Martxoaren 8an eman zen gas- eta magnetismo-eztanda erraldoia Eguzkian. Une horretan, MAVEN Marteko eremu magnetikoa neurtzen ari zen, eta Eguzkiaren ekaitzak Marteren eremu magnetiko hori biratu eta kanporatu egiten zuela ikusi zuten, soka moduan kiribilduta, espaziorantz alde egiten baitzuen, 5.000 bat kilometroraino. Atmosferako ionizazioa neurtzen zuten gailuek ere, piko handiak neurtu zituzten, ioiak espaziora kanporatzen baitziren, soka moduko horien inguruan kontzentratuta eta normalean baino 10 aldiz azkarrago.

Era berean, MAVEN-ek Marteren goiko atmosfera, ionosfera eta magnetosfera aztertu duenean, tenperatura-gradiente handia dagoela ikusi dute. Gainera, karbono dioxidoa, argoia eta nitrogeno dioxidoa antzeman dira, eta lehen uste baino oxigeno gehiago. Gasen dentsitatea ere orbitaz orbita aldakorra dela geratu da agerian. Ikertzaileen ustez, Eguzki-haizeak eragindako eremu magnetikoak eragiten du, eta, neurri txikiagoan, Marteko lurrazalak ere, eremu magnetikoan eta ioietan ikusten diren gradienteak.

Orain, Martek ez du Lurrak bezalako presio atmosferikorik, ez eremu magnetiko global bat. Hortaz, eguzki-haizeak jotzen duenean, Marteko atmosfera erauzten duela frogatuta geratu da MAVEN zundaren emaitzekin. Atmosfera hori zein abiaduran gastatzen den neurtu nahi dute, eta ahal den neurrian, duela 4.000 urte atzera egin eta garai hartan Martek atmosfera handiagoa ba ote zuen estrapolatu. Izan ere, Eguzki-ekaitzak ioien galera handia eragiten duela frogatzeak eta ekaitz horiek ohikoak izateak, Marteren historia goiztiarrean galera atmosferiko handia gerta zitekeela ondorioztatzera eramaten ditu NASAko ikertzaileak.

Zientzialariek gero eta argiago dute garairen batean ura izan zela Marten. Orain ikusten ditugun kraterrak, garai batean aintzirak zirela. Orain ikusten dugun desertu lehor eta hotza, bailara hezeez betea zegoela. Gaur egun Marteko atmosfera hain eskasa izanik, ez dago Lurrean bezala ura azalean egotea eragiten duen presio atmosferikorik -Marteko presioa 7 milibarekoa da, Lurrekoa 1.013 milibarekoa den bitartean-. Garai batean, ordea, karbono dioxidozko atmosfera itxia zuela uste dute. Atmosfera mardulagoa izateak, azalean ura presente egotea eragin zezakeela uste dute NASAkoek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia