Marteko azken berriak
2000/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ez, Mars Polar Lander ez dute aurkitu, ez dira horiek Martetik datozkigun azken berriak. NASAk Martera bidalitako azken bi zundek porrot nabaria izan zuten arren, Mars Global Surveyor (MGS) zunda lan txukuna egiten ari da planeta gorriaren inguruan biraka.
Zundak bidalitako irudiek Marteko Hego eta Ipar poloen arteko desberdintasunen berri eman digute: Ipar Poloa ia launa da eta krater txikiz beteta dago; Hego poloan, berriz, kraterrak handiagoak dira. Ipar poloa urez eta izotzez osatuta dago eta Hego poloa ustez karbono(IV) oxidoz (izotz idorraz), metro gutxitako edo beharbada 2 edo 3 km-ko sakonerako geruza duela.
Ezaugarriok Marteko poloen klima eta historia desberdinaren adierazgarri dira. MGSk bidalitako irudiek planetaren barnealdea ere erakutsi dute: iparraldeko lautadek ur ugari pilatu zuten garai batean, baina tenperatura handiek eta azkar hozteak lur azpiko kanalak sortu zituzten, aspaldian ura garraiatu zuten kanalak. Marteko kanpo-geruzaren lodiera 80 bat km-koa da hegoaldean eta 35 bat km-koa iparraldean. Lodiera-aldaketak eragin zituen iparraldeko mendiak, garai bateko ur korronteak kontrolatu zituzten mendiak. Duela milioika urte ozeano bat betetzeko adina ur egon zen planeta gorrian.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia