}

Marten ur likidoa detektatu dute, izotz azpiko aintzira handi bat

2018/07/25 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

marten-ur-likidoa-detektatu-dute-izotz-azpiko-aint
Marteko hego poloa. Mars Expressek 2012an hartutako irudia. Arg. ESA/DLR/FU Berlin / Bill Dunford

Marten izotz azpiko aintzira handi bat detektatu dutela iragarri du Italiako ikertzaile-talde batek. Hego poloan aurkitu dute, izotz azpian 1,5 km-ko sakoneran, eta 20 km inguruko zabalera du aintzirak. Science aldizkarian eman dute aurkikuntzaren berri.

MARSIS radarrarekin Marteren hego poloan hartutako datuen profilean erreflektantzia handiko guneak ikusten dira, ustez, ur likidoari dagozkionak. Arg. ESA, INAF. Graphic rendering by Davide Coero Borga – Media INAF

Poloetako izotz-kaskoen azpian ur likidoa egon zitekeen susmoak bazeuden ere, orain arte ez da halakorik aurkitu. Orain, Mars Express zundan dagoen MARSIS radarrarekin egin dute aurkikuntza. 2012 eta 2015 bitartean, radarrak Planum Australe izeneko eremuan egindako hainbat neurketa aztertuta, ikusi dute kilometro eta erdiko izotz-geruzaren azpian bat-batean aldatzen dela radarraren seinalea. Eta eremu horretan radarrak ematen dituen profilak Antartikan eta Groenlandian dauden izotz azpiko aintzirenen oso antzekoak dira. Hala, ondorioztatu dute Marten ere aintzira bat dagoela izotz azpian.

Aintzira horretako uraren tenperatura uraren izozte-tenperatura baino txikiagoa dela uste dute ikertzaileek. Marteren gainazalean magnesioa, kaltzioa eta sodioa ohikoak direnez, horien gatzak uretan disolbatuta egotea ez litzateke arraroa, eta horrek, batetik, eta izotz-geruzaren presioak, bestetik, jaitsi egingo lukete uraren izozte-puntua.

“Marten aintzira handi bat egotea albiste garrantzitsua da; eta aukera irekitzen du planetako beste leku batzuetan ere, gainazalaren azpian, beste aintzira batzuk egoteko, agian, sakonera txikiagoan”, dio Agustín Sánchez Lavega EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko zuzendariak. “Eta ur likidoa badago, biziaren osagai funtsezkoetako bat izanik, nabarmen handitzen dira Marten bizia aurkitzeko aukerak ”.