}

Martitzera kamtxatkan zehar

1991/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gure irakurleei behin baino gehiagotan sobietarrek epe motz eta ertainera espazio-esplorakuntzan dituzten planak azaldu dizkiegu. Jakina denez, azken helburua gizakia datorren mendearen hasieran martitzeratzea da .

Gure irakurleei behin baino gehiagotan sobietarrek epe motz eta ertainera espazio-esplorakuntzan dituzten planak azaldu dizkiegu. Jakina denez, azken helburua gizakia datorren mendearen hasieran martitzeratzea da eta horretarako, planeta gorria esploratuko duen misio-serie bat planeatuta dago. Lehen misioa, bere lana erabat betetzerik izan ez zuen Fobos izenekoa zen. Hurrengo urteotan, beste misio batzuk jaurtiko dira, azken helburu hori lortu ahal izateko.

Epe motzera aurrikusten diren misioen artean Martitz 96 izenekoa dago. Misio horrek berezitasun garrantzitsu bat du; urrutiko kontrolezko ibilgailu bat martitzeratuko duela alegia. 1970.eko hamarkadan sobietarrek arrakasta handiz ilargiratu zituzten ibilgailuak Lunakhod izenez bataiatu ziren eta martitzera joango direnei Marsokhod esango zaie. Marsokhodaren prototipo bat egin dute sobietarrek jada eta landa-testa egiten hasiak dira.

Landa-testak egiteko, Martitzen gainazalaren antzeko baldintzak dituzten Lurreko parajeak aukeratu dira eta bertan ibilgailuaren kontrolagarritasuna, moldagarritasuna, egokitasuna, malgutasuna eta abar frogatuko dira. Aukeratutako test-eremuen artean Siberiako ekialdean dagoen Kamtxatka penintsulako Tolbajik sumendiaren eskualdea dago. Beste test-eremu bat, Kaliforniako Mojave basamortua da.

Joan den irailean, Tolbajik sumendian egin dira Marsokhod ibilgailuaren lehen saioak eta ondorio positiboak atera dituzte. Bertan, diseinatzaile eta injineru sobietarrez gain (Alexander Kermurdian eta Valeri Gromov dira buru), proiektuaren sustatzaileetako baten ordezkariak, THE PLANETARY SOCIETY koak alegia, egon dira bertan. Marsokhodaren higidurak eta ibilbidea bideoz filmatu dira, gero lasaiago aztertu ahal izateko. Froga gogorra izan du ibilgailuak: errautsen artean ibili da; maldak igo eta jaitsi egin behar izan ditu; oztopoak gainditu edo baztertu behar izan ditu, etab.

Test hauen helburu nagusia honakoa zen: ibilgailuaren gurpiletako momentu-motereak erabiliz abiadura neurtu ahal izateko saio batzuk egitea eta lurzoru desberdinek gurpilen higidura eta momentuan duten eragina jakitea. Sobietarrek ibilgailuaren txasisa bera ere neurgailu izan dadin nahi dute. Horrek abiadura, lurzoruaren ezaugarriak, gainazalaren morfologia, etab. neurtuko lituzke.

Saioak ez dira horrenbestez bukatu. Datorren udaberrian, Mojave basamortuan, hango baldintza berezietan (beroa eta lehortasuna) jarraipena emango zaie.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia