Materia ilunaren lehen arrastoak aurkitu dituzte
2001/03/23 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Unibertsoan dagoen materia gehiena ez da ikusten. Astronomoek datu hori behaketen eta kalkuluen bitartez ondorioztatu dute. Gure galaxiako izar gazteen inguruan gasez eta izar zaharrez osatutako hodei handi bat dago. Gorputz guztien multzoak sortzen duen grabitate-eremu erraldoi horrek ematen dio sistemari osotasuna. Hala eta guztiz ere, eremuaren eraginak galaxiaren zentrotik urruti dauden izarretan oso ahula izan beharko luke, baina ez da halakorik gertatzen. Zientzialariek duten azalpenik onena materia ilunarena da, hau da, galaxiaren materiaren % 90 ezin dugula ikusi. Materia hori aztertzea erronka izugarria da haientzat.
Teoriarik zabalduenaren arabera, materia hori eguzkiaren tamainaren erdia duten izarrak dira. Nano zuri horiek oso arruntak izateaz gain, masa eta abiadura egokia dute materia ilunaren jatorria izateko. Aurkitzea besterik ez da falta. Arazoa bilatzean sortu da, zientzialariek okerreko kolorearen bila jardun direlako. Argi urdina igortzen omen dituzte nano zuri horiek eta ez gorria, orain arte uste izan den bezala.
Kaliforniako Berkeley Unibertsitateko astronomo-talde batekoek lanari ekin diote lau metroko Blanco teleskopioaren bidez. Teleskopioa Txilen dago, Cerro Tololo Inter-American behategian. Galaxia-zati baten 200 argazki digital hartu dituzte eta, horietan, ezagutzen ez ziren 38 nano zuri identifikatu dituzte. Guztira espazioaren % 12 aztertu dute. Gas eta izar zaharren hodeiaren tamaina erreferentziatzat hartuta, Kaliforniako zientzialariek kalkulatu dute materia ilunaren % 3 ikusi dutela, gutxi gorabehera.
Dena dela, astronomoen ustez baieztatu egin behar da emaitza hori, nano zuri horietako batzuk bertan egon ordez balitekeelako hodeia zeharkatzen ari izatea. Susmo horren baieztapena izateko pare bat urte edo itxaron beharko da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia