Matxinsaltoen estresa, ekosistemak eraldatzeraino?
2010/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ikertzaile batek proposatu du matxinsaltoen portaerak ekosistema-mailako eragina izan dezakeela
Yale Unibertsitateko ekologo batek proposatu du matxinsaltoek estresatuta daudenean duten portaerak eragina izan dezakeela ekosistemetan. Elikadura aldatzeak eta proteinatan pobreagoak diren elikagaiak hartzeak azkenean matxinsaltoen bizileku diren lurzoruak nitrogenotan pobreagoak izatea eragin dezakeela dio.
Estresatuta daudenean, matxinsaltoek proteinatan pobreagoak eta azukretan aberatsagoak diren elikagaiak jaten dituzte. Errazago digeritzen diren elikagai gehiago hartzen dute, energia lehenago izateko eskuragarri, eta, azkarrago alde egiteko harraparien arriskutik, adibidez.
Jaten dituzten elikagaietatik nitrogeno gutxiago barneratu ez ezik, beren proteinak metabolizatu ere egiten dituzte matxinsalto estresatuek, energia gehiago sortzeko. Hala, nitrogeno gutxiago geratzen zaie gorputzean, eta, hiltzean eta usteltzean, nitrogenodun konposatu gutxiago uzten dituzte lurzoruan. Lurreko bakterio desberdinak ere aurkitu ditu matxinsalto estresatuak eta estresik gabeak usteldu diren lekuetan.
Matxinsaltoen dieta-aldaketa hori eta haren ondorioak orokortu daitezkeela dio ikertzaileak. Hortaz, animalien estresak ekosistema jakin bateko espezieen proportzioak aldatzera irits litekeela uste du.
Estresaren eta ekosistemen aldaketaren arteko lotura hori, dena den, ez dute hain argi ikusten beste zientzialari batzuek. Yellowston Parke Nazionalean antzeko hipotesi bat proposatu zuten: otsoak berriz sartzeak altzeen portaera aldatu ote zuen, eta "arriskutsuak" ziren inguruneak saihesten ote zituzten jakiteko ikerketa bat egin zuten. Hori hala balitz, altzeek jan ohi dituzten lertxunek eremu horiek birpopulatzeko aukera izango lukete.
Estatu Batuetako Geologia Zerbitzuan hipotesi hori probatzeko ikerketak egin zituzten, eta ikusi zuten baietz, altzeek portaera aldatu zutela eta, oro har, ez zirela eremu arriskutsuetan ibiltzen. Baina joan-etorriak ere egiten zituztenez eremu horietan, ez zieten aukerarik eman lertxunei beren kokapena aldatzeko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia