}

Medikamentuen ikerketa-arloko bioetika eta industria farmazeutikoen interesak

2013/11/01 Calvo Hernáez, Begoña - Farmazian eta Farmazia Teknologian katedradunaFarmazia Faktultatea. EHU | Sánchez Vitores, Cristina - Farmazia eta Farmazia Teknologiako LaborategiaFarmazia Fakultatea. EHU Iturria: Elhuyar aldizkaria

medikamentuen-ikerketa-arloko-bioetika-eta-industr
Arg. © Udon Jinama/123RF

Industria farmazeutikoak osasun-gastuan duen eragina gero eta handiagoa da. Osasun Ministerioak duela gutxi leporatu dio industria farmazeutikoari tratamendu berriei 'gehiegizko' prezioa ezartzen ari dela. Esaterako, Farmazia eta Osasun Produktuen Zuzendaritza Nagusiko zuzendariak adierazi du Europan minbizia tratatzeko onartutako medikamentu berri batzuk 'oso prezio altuan' merkaturatzen direla; kontuan izanik, zenbait kasutan, 'hobekuntza ia nabariezinak' eskaintzen dituztela aurreko tratamenduen aldean.

Ez da beharrezkoa gaian aditua izatea, konturatzeko medikamentuen ikerketa eta garapena industriak ezarritako tentsio batzuei lotuta daudela. Tentsioek garrantzi handiko dilema etikoak sortzen dituzte, eta horiek ez diete soilik sistemaren ekonomiari eragiten; zoritxarrez, gaixoengan ere izaten dute eragina.

Dilema horiek kezkagarriak iruditzen bazaizkigu gure gizartearentzat, aztertu beharko genuke zein den herrialde pobreetako egoera, non, kasu askotan, medikamentuen prezioa igotzeak berekin baitakar haiek herrialde horietako herritar gehienentzat eskuraezinak izatea.

Industria farmazeutikoa: mozkinak eta inbertsioak

Industria farmazeutikoa munduko sektorerik errentagarrienetariko bat da, eta batik bat bere interesak mugatuz lortu du hori. Hau da, herri garatuetako gaixotasunen ikerketa bultzatu du, eta alde batera utzi du errentagarri ez diren herrietako gaixotasunak; hobeto esanda, garabideko herrietako gaixotasunak.

Industria farmazeutikoak ez ditu bakarrik izaera sanitarioko arazoak konpontzen, haren interesik nabarienetariko bat arazo 'errentagarrietarako' konponbideak bilatzea baita. Hala, bada, dilema etikoa sortzen da. Industriak osasunean hobekuntzak lortu behar ditu; baina, mozkinak lortzeko, eremu errentagarrietan inbertitu beharra dauka eta, askotan, lurralde pobreagoak alde batera uztea dakar horrek. Industria farmazeutikoa, edozein enpresa bezala, irabazi-asmoko erakundea da, eta osasunaren eremua du helburu. Zehazki, produktu terapeutiko eta diagnostikokoen alorrean ikertzen, garatzen, ekoizten eta merkaturatzen lan egiten duten enpresak dira. Jakina, industria farmazeutikoak egiten dituen inbertsioek etekinak sortu behar dituzte, medikamentu berrien ikerketak eta garapenak aurrera egin dezaten. Hori da arrazoietako bat, oraindik, zoritxarrez, 'gaixotasun ahaztuak' deiturikoak egoteko. Malariatik Buruli ultzeraraino doazen gaixotasunak dira, eta egunero 35.000 heriotza baino gehiago eragiten dituzte. Gutxi garatutako herrialdeetan izaten dira gehienbat horrelako gaixotasunak, ez dute tratamendurik, edo dauden tratamenduak desegokiak dira toxikotasunagatik, administrazio-arazoak dituztelako edo erresistentziak sortzen dituztelako.

Oro har, industria farmazeutikoak ezin du, inola ere, gaixotasunetan ikertu inbertsioaren parte handi bat berreskuratu gabe. Baina zer zenbateko inbertitzen du industria farmazeutikoak medikamentu berrien ikerkuntzan? Normalean, industriak etekinen % 15-19 baliatzen du ikerketa-alorrean; bestalde, inbertsio handiena produktuen marketinean egiten du. Horren erakusgarri, 10 enpresa farmazeutiko multinazional handienen salmentetatik jasotako datuak ditugu. Azken urteetan, salmentekin lortutako etekinak (% 17) handiagoak izan ziren ikerketan eta garapenean erabilitako zenbatekoa baino (% 14); merkaturatzeko eta marketineko kostuak, bestalde, askoz altuagoak izan ziren (% 35eraino). Datu horietatik zera ondorioztatzen da: ikerketa eta garapeneko kostuak enpresa farmazeutikoen aurrekontuen parte txiki bat baino ez dira, merkaturatzean eta administrazioan erabiltzen denaren aldean. Beraz, medikamentuen prezio altua ikerkuntzan inbertitzeko dirua berreskuratu behar izatearekin justifikatzea, aitzakia baino ez da.

Industria farmazeutikoarentzako sektore interesagarrienak

Industria farmazeutikoa sektorerik errentagarrienetako bat da. Arg. © Racorn/123RF

Medikamentu berrien publizitatea funtsezko faktorea da arrakasta izateko. Industriaren helburuetako bat da berrikuntza farmakologikoak medikuntza orokorrean erabiltzen hasi bitarteko denbora laburtzea. Egoera horren aurrean azaleratzen den dilema etikoa, ordea, ez da aberastasun gehiago edo gutxiago sortzeak eragindakoa; dilemaren faktore nagusiak dira hori nola lortzen den, zer baliabide erabiltzen diren, eta nola banatzen diren edo nola erabiltzen diren lortutako mozkinak. Hor sartuko lirateke industria farmazeutikoak erabiltzen dituen estrategiak merkatu farmazeutikoan dagoen lehiari aurre egiteko. Kasu askotan, enpresa farmazeutikoek beren markak babesten dituzte, eta ahaztu egiten dute beren interes nagusia osasunak izan behar lukeela. Horri gehitu behar zaio azken urteotan marketin- eta ikerketa-gastuek gora egin dutela, medikamentu berrien kopurua igo gabe. Horrek larriagotu egiten du sektoreko industrien arteko lehia, eta, hori dela bide, legezkoa eta ez-legezkoa banantzen dituen lerroa --baita etikoa eta ez-etikoa bereizten dituena ere-- gainditzen hasiak dira egoera batzuetan.

Publizitaterako baliabideak

Publizitatea da laborategi farmazeutikoek gehien erabiltzen duten baliabidea beren mozkinak areagotzeko eta beren izena handitzeko. Produktuen sustapenaren bitartez, epe motzeko salmentak areagotzea bilatzen da, batez ere. Enpresa farmazeutikoek gero eta gehiago jotzen dute marketin farmazeutikora, eta gero eta baliabide gehiago baliatzen dituzte zeregin horretarako; hain zuzen, industria farmazeutikoak bere mozkinen herena baino gehiago inberti dezake bere produktuak sustatzeko.

Produktu farmazeutikoen publizitatea Europan zehar kontrolpean mantentzeko, Medikamentuak Sustatzeko Jardunbide Egokien Kodea ezarri zen. Sustapen-arauak biltzen dira han, eta, orobat, konpainia farmazeutikoak egiten dituen informazio- eta merkataritza-jarduera guztiak, medikuen preskripzioa, botikak ematea, salmenta eta medikamentuen kontsumoa bultzatzeko. Europako Elkarte eta Industria Farmazeutikoen Federazioak (EFPIA) kode hori onartu zuen, industriak medikamentuei buruz ematen zuen informazioa zuzena, zehatza eta objektiboa izan zedila ziurtatzeko eta erabilerari zegokionez arrazoizko erabakiak hartu ahal izateko.

Industria farmazeutikoak hainbat baliabide erabiltzen ditu sustapenenerako; besteak beste, hauek dira ohikoenak: argitalpen medikoetako iragarkiak, posta bidezko publizitatea, mediku-bisita tradizionala, medikamentu berrien informazio zientifikoari buruzko bilerak (kongresuak), eta bilera zientifikoen sustapena. Batzuetan, 'etikaren kontrako' jardunbideak erabiltzen dira. Esate baterako, zuzeneko ordainketa profesional sanitarioei, agindutako medikamentu bakoitzagatik; gaixotasun zehatz batzuen publizitate-kanpainak; eta merkataritza-praktika ilegalak enpresen arteko lehiari aurre egiteko.

Errealitate hori ezagututa, bidezkoa da pentsatzea laborategi farmazeutikoek ematen duten informazioak nabarmen eragiten duela medikuen pertzepzio eta iritzietan preskripzioak egiteko orduan. Hala ez balitz, konpainia farmazeutikoek ez lukete hainbeste baliabide inbertituko praktika horietan.

Salmentak areagotzeko estrategiak

Kasu batzuetan salatu da industria farmazeutikoa gaixotasunen bat 'sortzen' saiatu dela merkatua hobetzeko, hau da, bizitzako prozesu arruntak 'medikalizatu' dituela eta arazo mediko bihurtu. Industriatik bultzatutako patologia berrien kasu bat 'emakumeen disfuntzio sexuala' izan zen. Konpainia farmazeutiko desberdinek finantzatutako espezialisten bilera antolatu zuten, 'patologia' hori ezagutzera emateko. Medikuen irizpideen manipulazio hori, merkataritza-interesen araberakoa, British Medical Journal aldizkarian salatu zuten. Kasu askotan, jendea limurtu nahi izaten da, medikuarengana joan dadin sintoma txiki edo ez-aitortuak dituenean. Hau da, medikamentuak pertsona osasuntsuentzat produzitzea eta, horrenbestez, mundu osoan saltzea da enpresa horien jokabidea. Beste kasu batzuetan gaixotasunak asmatzea edo sustatzea ez da izan helburu bakarra; adibidez, kolesterolaren edo tentsio arterialaren mugak beheratzera ere ausartu dira, jende gehiago gaixotzat hartzeko.

Ikerketa eta garapeneko kostua enpresa farmazeutikoen aurrekontuen parte txiki bat baino ez da. Arg. © Olga Miltsova/123RF

Enpresa farmazeutikoek erabiltzen dituzten estrategien beste adibide bat da produktu berriak merkaturatzea, nahiz eta benetan ez izan inolako abantaila terapeutikorik medikamentu zaharrekin konparatuz. Me-too drugs deitzen zaie ('imitazio-farmakoak'), eta Estatu Batuetan mende honen hasieran merkaturatzen ziren medikamentu berrien % 77 me-too medikamentuak ziren. Me-too drug deritzo jadanik existitzen den medikamentu baten molekula baten parte txikiena aldatzeari, hura medikamentu berri gisa merkaturatzeko. Me-too medikamentuen merkaturatze-estrategia baliatzen dute laborategiek iraungitzeko zorian dagoen medikamentu baten patentea luzatzeko. Hala, medikamentuaren patentearen muga-eguna atzeratzea lortzen dute, eta bertsio generikoaren merkaturatzea galaraztea; horrenbestez, irabazi handiagoa lortzen dute. Hain zuzen, medikamentu berri asko betiko medikamentuak baino ez dira, baina, gaur egungo legeriak aukera ematen duenez, merkaturatzea lortzen dute merkatuan daudenekin alderik ez izan arren. Me-too medikamentuen adibideak talde terapeutiko askotan aurkitu ditzakegu, esate baterako, kolesterola gutxitzeko agenteak, antidepresiboak edo tentsio altuaren kontrakoak.

Hala ere, kontuan izan behar da industria farmazeutikoak funtsezko eginkizuna duela osasunaren sustapenean, eta, gainera, logikoa dela ikerketan inbertitu duenari etekina ateratzeko asmoa izatea, gainerako enpresen moduan. Diru-sarrera minimo batzuk izan ezean, hedapena geldituko litzateke eta ez litzateke lortuko beharrezko mozkina ikerketa berriak egiteko eta medikamentu berriak garatu ahal izateko.

Jardunbide egokien balioespena

Enpresa guztiek modu etikoan jokatu behar dute, beren jokabideen ondorioak kontuan izanez beti. Gero eta gehiago balioesten da konpainia farmazeutikoek egiten duten ahalegina funtsezko medikamentuen irizpidea mundu osoan errazteko, baita enpresa horiek gaixotasun ahaztuen tratamenduen ikerketan egindako ahalegina ere.

Hala, bada, Access to Medicine fundazioak egoera horietan laguntzen hasi diren laborategi farmazeutikoak biltzen dituen zerrenda landu du. Ideia horren helburua da gainerako enpresen atentzioa deitzea, ekimenean parte har dezaten. Bestalde, fundazioa arduratzen da industria farmazeutikoen gaineko informazioa gobernuei, ikertzaileei eta gobernuz kanpoko erakundeei emateaz, bazkide egokiak bilatzeko lanean laguntzeko eta, ildo beretik, medikamentuak izateko aukera mundu osoari zabaltzeko.

Funtsezko medikamentuak izateko eskubidea guztiok nahasten gaituen arazoa da; horrenbestez, garrantzizkoa da erakundeen arteko lankidetza lortzea. Nahiz eta gai honetan laborategi farmazeutikoak diren eragile nagusiak, ez dira arduradun bakarrak.

Bibliografia

Guzmán, J.L.: Ética en la industria farmacéutica: entre la economía y la salud; EUNSA argit. Nafarroa, 2005.
Angell, M.: The truth about the drug companies. How they deceive us and what to do about it. Random House Trade Paperback argit. New York, 2005.
Moynihan, R.: "The making of a disease: female sexual dysfunction". British Medical Journal, 326 (2003), 45-47.
Access to Medicine Foundation. http://www.accesstomedicineindex.org/
Spanish Code of Good Practices for the Promotion of Medicines and Interaction with Healthcare Professionals. 2010. http://www.farmaindustria.es.
Tanner, M.; Valero-Bernal, M.: "Globalización y salud: El caso de las enfermedades tropicales y olvidadas". Rev. MVZ Kordoba, 13, (2008) 1252-1264.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia