}

Medikuntzako Nobel saria, C hepatitisaren birusa aurkitu zutenentzat

2020/10/05 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

medikuntzako-nobel-saria-c-hepatitisaren-birusa-au
Harvey J. Alter, Michael Houghton eta Charles M. Rice ikertzaileek jasoko dute 2020ko Medikuntzako Nobel saria. Arg. Niklas Elmehed. © Nobel Media

Karolinska Institutuak C hepatitisaren aurkako borrokan oso esanguratsuak izan diren hiru ikertzaile saritu ditu aurten Medikuntzako Nobel sariaz: Harvey J. Alter estatubatuarra, Michael Houghton britaniarra eta Charles M. Rice estatubatuarra. Garai batean ezezaguna zen birusa identifikatu zen haien lanari esker, eta, hala, milioika pertsonaren bizia salbatu zutela adierazi du epai-mahaiak. Izan ere, eskala handiko osasun-arazotzat jo dute C hepatitisa; hiesa eta tuberkulosiaren maila berean jarri dute.

Hainbat hepatitis-mota ezagun daude egun: batzuk alkoholaren gehiegizko kontsumoak, gaixotasun autoimmuneek eta hainbat toxinek sortuak dira, baina, gehienak, birus baten infekzioak eragiten ditu. 1940ko hamarkadan bazekiten hepatitis infekzioso horietako batzuk ur edo elikagai kutsatuen bidez transmititzen zirela (A hepatitisa), eta beste batzuk, ordea, odolaren bidez eta gorputzeko beste jariakinen bidez kutsatzen zirela. Odol-transmisioko hepatitis haiek gaixotasun larriak sortzen zituztenez —zirrosia eta gibelaren minbizia—, agente infekziosoa aurkitzea ezinbestekoa bihurtu zen. Hasteko, B hepatitisaren birusa identifikatzea lorpen garrantzitsua izan zen. Hainbesterainokoa ezen Medikuntzako Nobel saria jasotzeko arrazoia izan baitzen 1976an. Hartan, Baruch Blumberg-ek jaso zuen Nobel saria, diagnostiko eta txerto eraginkorra lortzeko bidea eman baitzuen bere lanak. Baina, hala ere, horrek ez zuen argitu zein zen odol-transmisioko hepatitis gehienen arrazoia. Azkenean, C hepatitisaren birusa identifikatzeak ahalbidetu zuen gainerako hepatitis kroniko haien eragilea aurkitzea, eta haientzako odol-analisi eta botika eraginkorrak garatzea.

Hiru aurkikuntza, hiru mugarri

Hasieran, “ez A, ez B” deitu zioten gaixotasun misteriotsuari. Havery J. Alter gaztea odol-transfusioa jaso eta hepatitisa garatu zuten pazienteen kasua aztertzen ari zen garai hartan, B hepatitisaren birusak azaltzen ez zituen kasu horiek guztiak argitu nahian. Alterrek eta AEBko Osasun Institutu Nazionaleko bere kideek frogatu zuten gaixo horien odolak txinpanzeei ere transmititzen ziela gaixotasuna, eta agente infekziosoak birus baten ezaugarriak zituela.

Birus berriaren bila abiatu ziren, baina hamarkada batez alferrik aritu ziren. Orduan, Michael Houghton eta bere kideak hasi ziren txinpanzeen odoletik birusaren sekuentzia genetikoa identifikatu nahian. Flavivirus familiako RNA-birus bat zela frogatu zuten, eta C hepatitisaren birusa deitu zioten. Ordura arte erabili gabeko estrategia bat erabili zuten horretarako: pazienteen sueroa erabili zuten birusaren proteinak kodetzen zituzten DNA-zati klonatuak identifikatzeko. Estrategia berria baliagarria suertatu zen.

Hirugarren mugarria izan zen frogatzea birusak bere kabuz eta beste ezeren laguntzarik gabe eragin zezakeela hepatitisa. Charles M. Rice Washingtoneko Unibertsitateko ikertzaile zenak birusaren erreplikaziorako garrantzitsua zirudien sekuentzia-zati bat identifikatu zuen, eta hori erabilita lortu zen C hepatitisaren birusaren aldaera infekzioso bat garatzea. RNA hori txinpanzeei injektatzean, C hepatitisa garatu zuten animaliek, eta hala frogatuta geratu zen C hepatitisaren birusak eragiten zituela transfusio-bidezko hepatitis ulergaitz haiek.

C hepatitisaren birusa aurkitu izana gaixotasun biralen aurkako borrokaren lorpen historikotzat jo du Nobel Fundazioak. Izan ere, hiru Nobel saridunen ekarpenei esker, botika antibiral eraginkorren garapen azkarra gertatu zen, eta, orain, sendagarria da C hepatitisa. Gaixotasuna desagerrarazteko esperantza bizirik mantentzen dutela adierazi du Nobel Fundazioak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia