}

Mediterranio kostaldearen pozoinketa

1986/06/01 Aizpuru, Maria Luisa - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hirietako ur beltzak, pestizidak, hidrokarburoak... mediterranio kostaldea industriaren eta milioika turisten benetako zabortegi bilakatu da. Alerta-kota gaindituta dago eta ehundaka abere- eta landare-mota desagertzeko zorian aurkitzen da.

Gaur egun Mediterranioaren ondoak, paisaia nazkagarria eskaintzen du: sulfurozko geruza lodi kiratsuan, plastikoak, barazki-azalak, aluminiozko paperak... flotatzen ikus daitezke: Honi hainbat hondakin industrial eta Frantziako kostaldean zehar dauden hirietako kolektoretatik igorritako ur-lohituak eransten badizkiogu, emaitza ezin penagarriagoa lortzen da.

Basamortu pozoindu honetan, non itsas-landareak aspaldi desagertu bait ziren, zorigaitzeko itsas-izar batzuk baino ez dute irautea lortu.

Esan eta berresan beharra dago, Mediterranioko abere eta landareak hilzorian daudela gure zibilizazioaren axolagabekeriagatik.

Poluzio bakteriologiko eta kimikoa aztertzeko egin diren ikerketek, ondorio kezkagarriak eman dituzte:

Kostaldera zuzenean egunero estoldetatik isuritako milaka litro urek, bakterio ezezagunezko multzo handi bat elikatzen dute.

Adibidez, Frantziako kostaldean Frejus -tik Bandol -era bitartean dauden 100 isurbideek, milioika turisten hondakinak botatzen dituzte Var -ko kostaldera. Honen ondorioz, aurten berriro ere, bainatzea debekatua egon da Alpes-Maritimes-ko departamentuko hainbat hondartzatan.

Hala ere, kotarik beldurgarriena Marseilla-ko golkoan jasaten da. Izan ere, Corfiu-ko isurbideak 200.000 m 3 poluitu isurtzen bait ditu inongo arazketarik gabe.

Estoldetatik irteten den litro ur bakoitzak, hesteetako 4 milioi hozi inguru daramatza. Itsasoko ura oso poluitua dagoela kontsidera daiteke 20.000 kolibazilo litroko dituenean!!!

Marseillako (kostaldetik 6 km-raino sarritan) hedatzen den lehergailu potzentzial bilakatzen ari da kolektore hori.

Inbasio honi aurre egiteko, planktonen eta itsas-bakterioen autogarbiketarako ahalmena erabat gaindituta geratu da eta horregatik hozi patogeno desberdinak ugaltzen ari dira hondartza inguruetan, inongo oztoporik gabe.

Adibide garbienak, teta-nosbaziloa, botulismoa koleraren hoziak eta batez ere salmonella ditugu. Itsaskien lagun min bilakatu dira eta urtero hainbat sukar tifoideo eta gastroenteritis-en errudun izaten dira berauek.

Hala ere turistek garbi jakin dezatela: gehienez ere, zaldar edo garauak sortuz, edo ekzema-hondar bat utziz, edo sinusitis higuingarri bat sufrieraziz erasoko dituzte bisitari gogaitu hauek. Gehienez opor-egun batzuk gal araziko dizkiete elikadur intoxikazio baten ondorioz; ez gehiago! Mediterranioko poluzioak ez du oraindik gizonik hiltzen.

Baina fauna eta landarediarentzat bestela gertatzen da. Lurren arteko itsaso honetan, ez dago hondoetako uren berrikuntzarik; ez eta marea-aldaketarik edo itsas-korronte handirik ere. Horregatik urazpiko bizia itsasertzean garatzen da gehienbat, plankton begetalak itsasertzeko gatz mineralez aberas daitezkeen lekuetan eta zabaltzeko edo hedatzeko behar adinbat argitasun jaso dezaketen lekuetan hain zuzen ere.

Infrakostalde honetara botatzen dituzte poluitzaileak aipatutako isurleek, Mediterranioko ekosistema ahuldu eta deuseztuz.

Hasteko, Posidoniko belardia, urazpiko benetako birika, (egunero m 2 -ko 10 l. oxigeno sortzen ditu) loradun landare hauetan ehundaka mikroalga eta ornogabe txikiak bizi eta elikatzen dituena eta arraientzat leku ezin hobea dena, aspaldi honetan, atzerakada ikaragarria jasaten ari da kostalde guztian zehar. Corfiou (Marseilla) eta Cap Silie (Toulon)-ko kolektoreetik gertu dauden belardiok, erabat desagertu ziren aspaldi, eta luzarorako desagertu gainera. Izan ere, m 2 -ko itsas-berlardi honek, gizaldi bat behar bait du berriro hazten.

Baina hirietako industri hondakinak ez dira hala ere, Ibaiek urtero Mediterraniora 100-150 tona pestizida eramaten dituzte. Hauetatik heren bat DDT (1969az geroztik debekatua dago). Organo kloratu honek 30 urte irauten du.

Kosziente al dira non bainatzen diren?

Produktu hauek itsasoko uretan oso egonkorrak direnez, organismo bizidunen gantz- eta nerbio-ehunetan itsasten dira. Eta hara zer nolako zorigaitza! azkenik askoz ere toxikoagoak gertatzen dira itsas-abereentzat, eltxoentzat baino!

100 litro itsas-uretan gramoaren milaren bat DDT nahastea nahikoa da aste gutxiren buruan karramorroak paralisatu edo akabatzeko. Intsektizidak dira, arrainen %1ek jasaten dituen ultzera eta lesio hepatikoen errudunak. Intsektizidak algen fotosintesia eragozten dute eta ondorioz animalia askoren arnasketa.

Itsaskiei buruz bestalde, esan beharra dago ikaragarri gordetzen dituztela, inguruko ura filtratzera behartuak eboluzio honen errudun bakarrak. Intsektizidaz betetako ibai eta errekek areagotu egiten dute sarraskia.

Kostalde frantsesean jasotako kilo bat moluskuk, 10 mg intsektizida eduki ditzake, hau da, itsas-urak baino 70.000 aldiz gehiago.

Isurbideari etenik gabe dario zikinkeria.

Aipatutako faktoreei hondakin industrial metaliko eta erradioaktibozko isurle telurikoak eta portu deportiboetako hidrokarburoak gehitzen badizkiogu, bistakoa da egoera jasan ezinera iritsi garela.

Urak garbitzeko, kostaldean araztegi egokien instalazioak sarraski hau txikiagotzea lortu beharko luke, baina azkar ibili beharra dago 3. milakadaren hasierako Mediterranioa itsas hil bihurturik ikustea nahi ez badugu behintzat.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia