}

Memoria atomikoa

2002/10/02 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Informazioa atomoetan gordetzen duen memoria garatu dute Wisconsin-go Unibertsitateko ikertzaileek. Pauso garrantzitsua izan da teoriarik praktikarako bidean.

Informazio-bitak atomoetan gordeta, CD batek 650 megabyte ez, 650 milioi megabyte gorde ahalko lituzke. Atomoetan oinarritutako memoriak nanoteknologiaren erronka handietako bat dira gaur egun, eta poliki-poliki ari dira hurbiltzen Richard P. Feynman fisikariak 1959an proposatutakoetara . Feynmanek ‘Hor behean toki asko dago’ ( There is plenty of room at the botton ) izenburuko hitzaldia eman zuen orduan Kaliforniako Institutu Teknologikoan. Hitzaldian makina geroz eta txikiagoak egiteko aukeraz hitz egin zuen, atomoak eta molekulak zuzenean maneiatzeko tresnak izan arte.

Wisconsingo Unibertsitateko ikertzaileek tresna horietako bat, tunel-efektuko ekortze mikroskopioa, erabili dute silizio-atomoz osatutako geruza batetik atomoak banan-banan ateratzeko. Hutsune horietako bakoitza informazio-bit bati dagokio, nahiz eta praktikan (hutsuneek egonkorrak izan behar dute; beraz, ezin da bat bestearen ondoan jarri) 20 atomoko sistema batek osatzen duen bit bakoitza. Ohiko memoria-sistemek, berriz, milioika atomo behar dituzte.

Laborategiko memoria honen bertsio praktikoak egiteko, baina, oztopo ugari gainditu beharko da oraindik. Sistemak giro-tenperaturan funtzionatzea lortu behar da eta informazioa azkar metatu eta irakurtzea. Hamarkadetako lana omen daukate aurretik.

Informazio osagarria:

Professor Franz Himpsel
Nanoteknologia, txikiak nagusi

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia