‘Memoriadun’ plastikoak medikuntzan
2002/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Science aldizkarian argitaratu denez, berotzean jatorrizko itxura berreskuratzen duen plastiko biodegradagarriak hainbat aplikazio izan ditzake medikuntzan.
Material hori bi polimeroz osatua dago eta, nahastean, plastikoa, tenperaturaren arabera, era batera edo bestera jokatzeko gai da: tenperatura altuenean, plastikoak berezko itxura hartzen du; hoztutakoan, aldiz, denbora baterako luza edo bil daiteke (jatorrizko itxurakoa baino lau aldiz txikiagoa edo handiagoa egin daiteke).
Horrek aplikazioren bat izan dezake medikuntzan; adibidez, zauriak ixteko puntuak estutu gabe utz daitezke, puntuak berak estutuko baitira berotutakoan.
Hezurrak elkartzeko torlojuak, berriz, tolestuta sar daitezke, eta gero hartuko dute jatorrizko itxura eta tamaina; hartara, torloju arrunta jartzeko baino askoz ere ebaki txikiagoa egingo du sendagileak. Zalantzarik gabe, oso material interesgarria dirudi inbasiorik gabeko kirurgiarako.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia