}

Mendi zauritua

2005/07/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

“Dagoen bezala uzten saiatu”, horixe esaten zigun mendira joaten ginen bakoitzean Juantxok, beti ingurumenaz kezkatuta. Eta guk zaborra bildu eta etxeraino eramaten genuen, eta ez genuen lorerik biltzen, eta saiatzen ginen inori eragozpenik ez sortzen, ezta putzuko igelei ere. Mendizale izateaz gain, naturazaleak ere baginen, eta, ustez, ondo zaintzen genuen ingurumena. Orain, ordea, ez dakit nahikoa egiten genuen. Mendian eta mendiaz gozatzen duten beste asko ere jabetuko ote dira uzten duten arrastoaz?

Juantxoren esana betetzea —mendi-inguruan dena dagoen bezala uztea, alegia— ez da erraza, eta sarritan ezjakintasuna da arduragabekeria horren aitzakia. Hain zuzen ere, hor dago koska: batek ezin du jakin zer neurri hartu behar dituen ingurua zaintzeko, ez badaki nola eragiten duen. Hori dela eta, mendian dabilen jendearen artean kezka zabaltzen ari da, eta egoera konpontzeko bideak bilatzen hasiak dira batzuk.

Izatez, edozein giza jarduerak du eragina, eta horrek sortzen dituen ondorioak mesederako zein kalterako izan daitezke. Gauza bera gertatzen da mendian egiten den aisiako jarduerekin ere. Hala ere, jarduera horien eragina beste hainbatena baino txikiagoa da; industria, baso-ustiaketak eta garraio-azpiegiturak, esaterako, erasokorragoak dira.

Industria, baso-ustiaketak eta garraio-azpiegiturak aisiako jarduerak baino
kaltegarriagoak dira ingurumenarentzat.

Baina, bestetik, askotan, babestutako edo gutxi erabilitako eremuetan egiten dira aisialdiko ekintzak; beraz, batzuetan, nahiz eta jarduera bera ez den hain gogorra, egiten den kaltea larria da.

Gainera, urtetik urtera areagotzen doa mendi-inguruari ezartzen zaion presioa, gero eta jende gehiago joaten baita mendira. Turismo berdea dela, abentura eta arriskua uztartzen duten ekintzak direla, kirol berriek jokaleku berriak behar dituztela... Modan dago mendia. Horren ondorioz, ingurumenari kalte egiten zaio, sarri konturatu ere egin gabe.

Horregatik komeni da jakitea zein diren inpaktuak eta zer ondorio sortzen dituzten, ahal den neurrian kalteak gutxitu ahal izateko. Eta horretan ari dira Jon Ugarte mendi-ingeniaria eta Kiko Alvarez biologoa, besteak beste. Biak dira mendizaleak eta Naturgintza Fundazioko kideak, eta urteak daramatzate aisiako jarduerek mendi-ingurunean sortzen duten eragina aztertzen, eta ikusi eta ikasi dutena besteei azaltzen.

Oinak lurrean

Hain zuzen ere, mendian ibiltzearekin bakarrik sortzen da lehen ondorioa, lurzoruan dagoen materia organikoa suntsitu egiten baita zapaltzean. Materia organikoa hilik nahiz bizirik dauden organismoez osatuta dago, eta funtzio ekologiko garrantzitsuak ditu. Gainera, lurzorua higaduratik babesten du.

Lurra zapaltzeak sortzen duen beste arazo bat trinkotzea da. Poroak itxi egiten dira, eta airearen eta uraren zirkulazioa eteten da. Ondorioz, lurzoruaren ezaugarriak aldatzen dira: tenperatura, testura, elikagaiak... Noski, horrek guztiak eragina du lurzoruan bertan bizi diren animalietan.

Ibiltzean, lurzorua higatu egiten da, eta, denborarekin zuhaitzen sustraiak
bistan gelditzen dira batzuetan.

Nolanahi ere, lurzoru-motaren arabera ondorioak desberdinak dira. Halaber, ez da gauza bera pistan ibiltzea edo basoan barrena. Eguraldiak ere badu zeresana, euritan sortzen den kaltea lurzoru lehorrean baino larriagoa baita; eta, zenbat eta jende gehiago ibili, orduan eta nabarmenagoa da higadura. Ugarteren arabera, horren adibide garbiak ditugu Txindokiko igoeraren azken zatian, Arantzazutik Urbiarako bidean eta Aiako Harrian. Horrelakoetan, bide bat markatzen da, eta jendeari hortik igotzeko eskatzen zaio, kaltetutako tokia nolabait mugatzearren.

Bestela, lurzorua aldatzeak ondorioak ditu landareetan, eta zuzenean ere egiten zaio kalte landaretzari. Toki bera behin eta berriz zapalduz gero, soilguneak azaltzen dira, eta, batzuetan, zuhaitzei ere sustraiak bistan uzten zaizkie. Denborarekin, landare-komunitateak aldatu egiten dira.

Jakina, animaliak ez dira mendian egiten diren jardueren ondorioak nabaritzetik libre geratzen, eta zuzeneko nahiz zeharkako kalteak pairatzen dituzte. Zuzeneko kalte bat nahi gabe animaliaren bat hiltzea da. Ez da ohiz kanpokoa animaliaren bat harrapatzea mendialdera autoz joatean. Andaluziako Ingurumen Sailaren arabera, horixe da katamotz iberiarraren heriotza-eragile handiena.

Ibiltzeak natura ezagutzeko aukera ematen du, baina kontu handia izan behar dabizidueni eragozpenik ez sortzeko.

Euskal Herrian ere gertatzen dira horrelakoak. Esate baterako, Altubeko autobidean neurriak hartu behar izan dituzte, urtean bostehun bat animalia hiltzen direlako autoek harrapatuta, tartean orkatzak, basurdeak eta oreinak.

Autoa alde batera utzita, mendian ibiltzean ere sortzen zaizkio eragozpenak faunari. Besterik gabe, zarata entzutea eta inguruan jendea sumatzea nahikoa da hainbat espeziek ugaltzeko arazoak izateko. Ugatza, sai zuria eta belatz handia, esaterako, oso sentikorrak dira, eta baita Bonelli arranoa eta arrano beltza ere.

Beste espezie batzuk, aldiz, jendera ohitzen dira, eta, bi hankakoek zaborra uzten dutela jakinda, hondakinak dauden tokira edo jendearengana hurbiltzen dira, janari bila. Azeria eta kaioak dira horren adibide. Hain zuzen, menditik kanpo, hiriguneetan ere, ikaragarri ugaldu dira kaioak, zabortegietan nahi adina janari dutela aprobetxatuz. Azkenean, habitata bera aldatzen den heinean, espezie batzuk lehendik zeudenak ordezkatzera iristen dira.

Lurrean bezala,uretan eta airean

Lurrari beharrean urari begiratuz gero, nabarmena da uraren kalitatea asko jaisten dela jendea dabilen tokietan. Hasteko, gizon-emakumeek edozein motatako poluitzaileak isurtzen dituzte uretara, nahita edo nahi gabe; hala nola, gai kimikoak, jalkinak, elikagaiak eta baita gaixotasunak sortzen dituzten mikroorganismo patogenoak ere. Horiek guztiek aldaketak eragin ditzakete komunitate urtarretan.

Zenbat eta gehiago maitatu, orduan eta errazagoa da maite dugun hori babesteko ahalegina egitea. Horregatik, komeni da jakitea zer kalte sortzen diren eta zer egin horiek saihesteko.

Pirinioetan egindako ikerketa batek agerian utzi zuenez, anfibio-populazioek behera egin dute aterpeen inguruetan dauden aintzira eta errekatxoetan. Ur horietan bizi diren uhandre piriniarrak eta beste anfibioak oso sentikorrak dira poluzioarekiko, eta, giza jardueraren ondorioz, ongarri gehiegi zuten uretan. Horren erruz galdu dira.

Uretan egiten diren zenbait kalte begi-bistakoak dira. Aldiz, atmosferan
eragiten direnak ez dira beti hain ikuserrazak izaten, baina entzun, erraz entzuteko modukoak izaten dira batzuk. Nork ez du topo egin inoiz mendizale-talde batekin, tontorretik behera kantari jaisten ari dela? Gutxi ohartuko dira abesti alai horiek zarata direla, motozerrek edo ibilgailuek
sortzen dutenaren pareko. Ugartek ohartarazten duenez, faunari eragozpenik ez sortzeko, komeni da jakitea espezie gehienek urtarriletik ekainera bitartean umatzen dutela.

Atmosferari kalte egiteko beste modu bat ibilgailuek igortzen dituzten gasen bidezkoa da. Gainera, hautsa harrotu eta lurzorua higatzen dute ibilgailuek.

Begiak ingurura altxatuta, berriz, paisaian eragiten den inpaktua nabaritzen da. Eskalatzeko aproposak diren harkaitzak eskalatzailez gainezka, tontor ospetsuenak mendizalez beteta, eski-pistak herriko plazak baino jendetsuago, inguruan sortutako azpiegiturak... denek egiten diote eraso
paisaiari. Gainera, jendeak bazterrak hartu ahala, mendiko biztanleek
bizimodua aldatzen dute. Asko zerbitzu-arloan hasten dira lanean, eta horrek, neurri batean behintzat, tradizioen eta kulturaren galera dakar.

Nolako jarduera, halako kaltea

Argi dago jarduera guztiek ez diotela neurri berean egiten kalte ingurumenari. Alvarez eta Ugarteren ustez, “gutxieneko arretaz jokatuz gero, badirudi ibiltzeak berez ez duela kalte handirik eragiten, eta, gainera, alde onak ere baditu, natura ezagutzeko aukera ematen baitu”. Hala ere, baditu alde txarrak ere, batzuk erraz saihesteko modukoak, eta besteak ez hainbeste. Adibidez, zaila da zapaltzean lurzorua ez higatzeko eta ez trinkotzeko zerbait egitea, eta landaretzari zein faunari zuzenean eragitea ere ezin da erabat saihestu.

Horrelako egoeretan, kontu handiz ibili behar da erreka-bazterrak eta ura ez poluitzeko.

Aldiz, beste eragin batzuk leuntzea edo guztiz saihestea nahiko erraza da.
Esaterako, mendia `apaintzen´ duten elementu arrotzek —gurutzeak, postontziak, seinaleak— ez diote inolako mesederik egiten ingurumenari, eta nahikoa da ez jartzea arazoa konpontzeko.
Hala ere, horiek baino kalte larriagoa eragiten du bide paraleloak irekitzeak. Eta gaua pasatzeko denda jartzeak ere ondorio nabarmenak eragiten ditu. Nolanahi ere, denda jartzeko aukeratzen den tokiaren eta igarotzen den denboraren araberakoa da inpaktua.

Eskaladari dagokionez, modalitatearen arabera dezenteko aldea dago, baina, oro har, kalte larriak sortzeko arriskua dago, ez bada kontu handiz egiten. Horregatik, zenbait eskalada-eskolatan araudiak egitearen aldekoak dira Ugarte eta Alvarez. Batez ere, arroketan habiak egiten dituzten hegaztiei eragiten diete eskalatzaileek, eta baita landareei ere. Izan ere, egoera eta leku gogorretan irauteko egokituta daude, eta, horregatik, ez dira batere arruntak izaten.

Bestetik, eskalatzeko aproposak diren harkaitzetako azpialdeak zapalduta eta trinkotuta egoten dira, eta askotan eskalatzaileek landareak kentzen dituzte. Gainera, eskalatzeko erabiltzen den magnesio sulfatoak kaltzio karbonatozko arrokak higatzen ditu.

Eskaladak horiek baino arazo orokorragoak ere sortzen ditu, hala nola, zaborrak uztea, masifikazioa eta abar. Baina horiek beste jarduera askotan ere nabaritzen dira. Oro har, zenbat eta jende gehiagok egin, orduan eta larriagoa da kaltea. Espeleologia, parapentea, zaldiz ibiltzea... oraindik gutxi batzuek egiten dituzte, baina tokiren batean modan jartzen direnean, berehala nabarmentzen dira ondorioak.

Dena dela, jarduera edozein dela ere, erabateko garrantzia du ingurume
narekiko norberak duen jarrerak eta hartzen duen ardurak. Horregatik, komeni da Juantxok esaten zuena gogoan hartzea: dena dagoen bezala uzten saiatu. Horretaz gain, Jon Ugartek eta Kiko Alvarezek dei egiten diete mendizaleei beren ingurunea defenda dezaten bestelako erasoetatik. Haien hitzetan, “ikuspuntu geurekoi batetik besterik ez bada ere, merezi du natura zaintzea eta babestea”.

Naturgintza fundazioa

Naturgintza fundazioa lagun-talde baten ekimenez sortu zen. Ekintza zehatzen bidez, administrazioak bete ezin dituen zuloak betetzea da haien asmoa.

Naturgintzaren helburu nagusien artean daude biodibertsitatea zaintzea eta sustatzea, eta natura ezagutzea ahalbidetzen duten aisiako jarduerak bultzatzea. Horretaz gain, basoei arreta berezia jartzen diete, eta bizimodu tradizionala ez galtzeko lagundu nahi dute. Egitasmo irekia da, eta hainbat bazkidek zein enpresak babesten dute.

UIAAren kode etikoa

UIAA mendiko eta eskaladako nazioarteko federazioak mendian etikoki jokatzeko kode bat atera zuen 2001ean. Hainbat alderdi aipatzen ditu, eta, ingurumenari dagokionez, hamahiru puntu zehazten ditu zortzigarren artikuluan:

- Ingurumena zaintzeko neurriak hartuko ditugu, eta gure lagunek ere bete ditzaten saiatuko gara.
- Ahal bada, garraiobide publikoak erabiliz hurbilduko gara.
- Higadura saihesteko eta bizidunei eragozpenik ez sortzeko, igoera-jaitsiera egiteko bide egokiena aukeratuko dugu.
- Zarata ateratzea saihestuko dugu.
- Haitzetan bizi diren hegaztiak habia egiten eta
txitak hazten ari diren garaian, ez gara haien habitatera hurbilduko. Horretan ari direla konturatu orduko, besteei jakinaraziko diegu.
- Lehenengo igoeran, kontu berezia izango dugu landare eta animalia arraroen biotopoei kalterik ez egiteko.
- Gure zaborra ez ezik, besteek utzitakoa ere bildu eta menditik jaitsiko dugu.
- Komunik ez badago, etxe, kanpaleku, erreka eta lakuetatik nahiko distantziara egin behar dugu kaka, eta ekosistemari kalterik ez egiteko eta jendeari eragozpenik ez sortzeko neurriak hartuko ditugu. Mendizale ugari ibiltzen den jarduera biologiko gutxiko tokietan, mendizaleak bere gorotzak eraman beharko lituzke.
- Mendi garaietan, kanpalekua garbi eduki behar da. Eskalada-ekipo guztia —soka finkoak, dendak, oxigeno-botilak— kendu egin behar dira.
- Ahal den energia gutxien erabili behar da, batez ere zur gutxi duten herrialdeetan, basoak are gehiago ez suntsitzeko.
- Sartzea dela eta gatazkak daudenean, lur-jabeek, agintariek eta elkarteek negoziatu egin behar
dute denen mesederako irtenbideak topatzeko.
- Araudiak ezartzean parte hartuko dugu, batez ere laguntza ematen arauak hedatzeko eta horiek gauzatzeko behar den azpiegitura sortzeko.
- Mendizale-elkarteekin eta natur taldeekin batera, habitatak eta ingurumena babesteko garaian, eragileak gara maila politikoan.

Aurkia eta ifrentzua, kirol berean

Eskia izango da agian, modalitatearen arabera, eragin handiena eta txikiena sortzen duen kirola. Pistetan egiten den eskia, eski alpinoa adibidez, zeharo kaltegarria da ingurumenerako. Pistak egiteko lurra mugitzen da, pisten azpian dagoen guztia suntsitzen da, elurrari era artifizialean iraunarazten zaio, inguruan azpiegitura ugari eraikitzen dira, errepide berriak irekitzen dira, erabat masifikatuta dago...

Alpeetako pistetan aurten egindako ikerketa baten arabera, landare-espezie asko galdu edo arriskuan jartzen dira, eta, gainera, hogeita hamar urte baino gehiago behar dira ingurua leheneratzeko.

Beste muturrean, mendiko eskia dago. Elurra berez dagoen sasoian bakarrik egiten da, eta, apenas zanpatzen denez elurra, ez du ia eraginik ingurunean. Gainera, lagun gutxik egiten dute, oraingoz. Dena den, hor dago arriskua: gero eta jende gehiago ateratzen da pistetatik hainbat eski-modalitatetan aritzeko, eta, eskiatzaileak areagotu ahala, eragina eta ondorioak larriagoak izango dira.