}

Mendiak uste baino azkarrago hazten dira

2006/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Mendiak uste baino azkarrago hazten dira
2006/03/01 | Elhuyar
(Argazkia: Science)

Rochestergo Unibertsitateko ikertzaileek bi metodo berriren bidez kalkulatu dute mendien hazkundea, eta bietan ondorio bera atera dute: Andeak duela 10 eta 7 milioi urte artean altxatu ziren. Horren arabera, ordura arte uste zuten baino askoz ere azkarrago hazten dira mendiak.

Zaila da mendien hazkundea neurtzea. Batetik, mendiak hazi ahala, klimaren eraginez higatu egiten dira; baina klima aldakorra da, ez da faktore konstantea. Bestetik, garaierarekin eta denborarekin, ingurunea aldatzen doa, eta horrek ere zaildu egiten du geologoen lana.

Ikertzaileek bi metodo probatu dituzte Boliviako goi-lautadan, duela 12-5 milioi urteko jalkinetan. Batean, karbonatoan dauden oxigeno-isotopoak aztertu dituzte, eta hortik ondorioztatu dute nolako prezipitazioak izan ziren denboran zehar. Beste teknikan, berriz, karbonato-arrokak zer tenperaturatan sortu ziren aztertu dute.

Bi metodoak bat datoz, eta emaitza harrigarria da, orain arte inork ez baitzuen uste hain azkar hazi zirenik Andeak. Alabaina, horren azalpena ere eman dute ikertzaileek. Nonbait, mantuaren goialdeko zati solidoan gertatzen diren fenomenoek gorantz bultzatzen diete mendiei, eta horregatik hazten dira hain azkar.

Bi ikerketak zientzia-aldizkari banatan argitaratu dituzte, Science eta Earth and Planetary Science Letters aldizkarietan, hain zuzen.

Berriak labur
7
1
218
2006
3
015
Geologia