}

Mendikateak azkar hazten dira

2006/01/30 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Mendikateak zer abiaduratan hazten diren aztertzeko, bi metodo landu dituzte Rochestergo Unibertsitateko ikertzaileek. Horien bidez aztertu dituzte Andeak, eta bietan ondorio bera atera dute: ordura arte uste zuten baino azkarrago altxatu ziren.

Zaila da mendien hazkundea neurtzea. Batetik, mendiak hazi ahala, klimaren eraginez higatu egiten dira, baina klima aldakorra da, ez da faktore konstantea. Bestetik, garaierarekin eta denborarekin, ingurunea aldatzen doa, eta horrek ere zaildu egiten du geologoen lana. Horregatik, ikertzaileek metodo fidagarri bat behar zuten, eta, bakarra beharrean, bi probatu dituzte.

Boliviako goi-lautadan egin dute lan, eta duela 12-5 milioi urteko jalkinak aztertu dituzte. Metodoetako batean, mineralen konposizioa aztertu dute, eta hortik ondorioztatu dute nolako prezipitazioak izan ziren denboran zehar. Beste teknikan, berriz, arrokak zer tenperaturatan sortu ziren aztertu dute.

Bi metodoak bat datoz: Andeak duela 10 eta 7 milioi urte artean altxatu ziren. Emaitza harrigarria da, orain arte inork ez baitzuen uste hain azkar hazi zirenik, baina horren azalpena ere eman dute ikertzaileek. Nonbait, mantuaren litosferan gertatzen diren fenomenoek gorantz bultzatzen diete mendiei, eta horregatik hazten dira hain azkar.

Bi ikerketak zientzia-aldizkari banatan argitaratu dituzte, Science eta Earth and Planetary Science Letters aldizkarietan, hain zuzen.

Argazkia: Martin / Bonngo Unibertsitatea.