}

Menopausia medikalitzatzeko arriskuaz ohartarazi du The Lancet aldizkariak

2024/03/06 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

menopausia-gainmedikalitzatzeko-arriskuaz-ohartara
Arg. © Diego Cervo/123RF

Martxoaren 8aren atarian, menopausiari buruzko artikulu-sorta bat argitaratu du The Lancet medikuntzan espezializatutako aldizkariak. Laburpenean gogorarazi duenez, menopausia munduko populazioaren erdiaren bizitzaren etapa saihestezina da, baina esperientziak asko aldatzen dira batzuetatik besteetara: emakume batzuek sintoma gutxi edo batere ez dute izaten menopausian eta klimaterioan; beste batzuek, berriz, sintoma larriak dituzte, batzuetan iraunkorrak, eta beren bizi-kalitateari eragiten diote. 

Artikulu-sorta horren bidez, beraz, emakumeak informatu eta ahalundu nahi ditu, erabakiak hartzen laguntzeko, arreta klinikoa enpatikoa jasotzeko, eta lan-baldintza egokiak izateko, beharrezkoa izanez gero. Horrez gain, adineko emakumezkoen gaineko estigma txikitzeko helburua ere badu.

Artikuluekin batera argitaratu duten editorialean, gogorarazi dute konpainia batzuek interes handia dutela emakumeek menopausiari aurre egiteko produktuak eta zerbitzuak erabil ditzaten. Horren adibidetzat, ordezko hormona-tratamendua aipatu dute, zeina ez baita beharrezkoa ez egokia emakume guztientzat. Oro har, emakumeek beren burua gutxiestera, bizipen negatiboak izatera, eta neurriz gain medikalitzatzera bultzatzeko arriskua dute horrelako mezuek. 

Horrenbestez, baieztatu dute beharrezkoa dela informazio egokia jartzea emakumeen eta medikuen eskura, erabaki aproposak hartzeko menopausiaren aurretik eta bitartean. Horrekin batera, ikerketan genero-berdintasunaren alde egiten jarraitu behar dela nabarmendu dute, medikuntzan dagoen genero-alborapena txikitzen eta inklusibitatea handitzen joan daitezen.

Irakurri honekin lotuta Menopausiaz, osotasunean erreportajea

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia