Merkuriok badu bihotz likidoa
2005/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Merkuriok badu eremu magnetikoa; iparrorratza erabil genezake han, beraz. Baina oso iparrorratz zehatza izan beharko luke, Merkurioko eremua Lurrekoa baino ehun bat aldiz ahulagoa baita. Hain zuzen ere, zientzialariek ez zekiten zerk sortzen zuen eremu txiki hori, eta planetaren errotazioa neurtu behar izan dute barruan burdina likidoa duela ondorioztatzeko.
Duela hogeita hamar urte inguru, Mariner 10 zundak neurtu zuen Merkurioko eremu magnetikoa. Astronomoek ez zuten uste halakorik izango zenik ere, baina ahula bada ere, zundak aurkitu egin zuen. Horrek esan nahi zuen planetak burdina likidoa izan behar zuela gunean, horixe bera gertatzen baita Lurrean eta Artizarrean. Burdina likidoa biratzearen ondorioa da eremu magnetikoa.
Hala ere, Merkurioren kasuan oso eremu ahula zen, beharbada ahulegia burdina likidoak sortua izateko. Astronomoek beste azalpen bat proposatu zuten, Merkurioren mantua izan zitekeela eremu horren jatorria, alegia. Baina Estatu Batuetako astronomo-talde batek bihotz likidoaren hipotesiaren aldeko datuak aurkeztu zituen abenduan San Franciscon. Merkurioren errotazioa zehaztasun handiz neurtu zuten, eta ez zuten planeta guztiz solido baten jokabidea aurkitu. Diotenez, azalpen bakarra Merkuriok bihotz likidoa izatea da.