}

Metadonak HIESaren birusaren eragina areagotzen du

2001/05/18 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Aste honetan, metadonak GIBaren kutsatzeko eta erreplikatzeko gaitasuna areagotzen duela eman dute jakitera Herbehereetako Utrecht-en egin den psikoneuroimmunologiako bileran.

Filadelfiako ikertzaileek HIESa zuten gaixoen odoleko zelulei metadona gehitu zieten eta, 6 kasutatik 5etan, birus sorrak erreplikatzen hasi ziren. Gainera, mikrogliako zeluletan eta makrofagoetan in vitro egindako saiakuntzetan, metadonak GIBaren kutsatze-abiadura areagotzen du. Bi zelula-mota horiek giza gorputzean birusaren gordailu dira.

Dirudienez, metadonak zelula-mintzeko CCR5 errezeptorearen adierazpen-maila igoarazten du eta egoera sorretik aktibora pasarazten duen GIB LTR sustatzailea aktibatzen du. Hala ere, GIBaren aldaera batzuek bakarrik erabiltzen dute CCR5 errezeptorea zelula barnera sartzeko; beraz, metadonaren eragina ez da berdina kasu guztietan.

Ikertzaileek beste opiazeo batzuen eragina ere aztertu dute eta antzeko emaitzak ikusi dituzte. Dena dela, egindako ikerketak in vitro izan direnez, ezin da metadona hartzen ari diren GIBez kutsatutako pertsonei berdin eragingo diela ondorioztatu, kontuan izan behar dela uste duten arren.

HIESa dutenetan kokaina eta marihuanaren eragina ikertzen duen Kaliforniako ikertzaile batek, adibidez, saiakuntza horien baliagarritasuna zalantzan jartzen du. Bere ustez, in vitro eragin zuzenak besterik ezin dira ikusi eta ez da jakiten zer gertatzen den sistema osoan. Beraz, ondorio ziurrak zein diren jakiteko, ikerketa gehiago egin beharko da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia