}

Metafisikaren historia zientifikoa

2008/04/01 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Javier Navarro Los Arcos iruindarrak Fisika eta Metafisika proiektua aurkeztu zuen CAF-Elhuyar sarietara, eta baita irabazi ere. Proiektu horren nondik norakoak egilearen ahotik jakiteko aukera izan dugu.
Metafisikaren historia zientifikoa
2008/04/01 | Etxebeste Aduriz, Egoitz | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: Poly Fotografos)
Historian zeharreko bidaia bat proposatzen diguzu zure proiektuan. Zein da bidaia horren helburua?

Helburua metafisikaren ingurukoa izango litzateke. Metafisika hitzaren barruan gauza asko sar daitezke, eta, nire proposamenean, metafisikak historian zehar izan duen esanahia aztertzen dut. Liburua lau kapitulutan banatuta dago, historiako lau garai ukitzen dira kapitulu bakoitzean, eta, garai bakoitzean, metafisika desberdin bat azaltzen dut. Horrela, metafisikaren ikuspuntu dinamikoa, ebolutiboa eta historikoa ematen dut.

Fisika eta Metafisika uztartu dituzu proiektuaren izenburuan. Zein da bien arteko harremana?

Metafisika ezezagunaren barruan sartzeko saiakera bat dat, saiakera intelektuala eta zientifikoa; eta, metafisikaren oinarrian zientzia ez badago, orduan ez da metafisika. Metafisikaren oinarrian beti fisikak egon behar du, eta, dudarik gabe, matematikak. Beraz, metafisikaren eta fisikaren arteko erlazioa senideena da, senideak dira.

Fisikak ez ezik, matematikak ere izango du lekua, orduan, liburuan.

Bai, bai, zientzia guztietan bezala. Proiektu batek, azalpen batek, kosmologia batek edo metafisika batek, oinarri zientifikoa izateko, oinarri matematikoa eduki behar dute. Oinarri matematikoarekin metodo zientifikoaren ontasun guztiak agerian jartzen dira, ezagutzen denaren erabateko azalpena lortzen da eta aurreikusteko ahalmena irabazten da. Matematika beharrezkoa da, zientzia matematikarekin egiten delako.

Lau garai historikotan oinarrituko zarela aipatu duzu. Zer garai dira horiek?

Lehendabizikoa garai aurrezientifikoa izango litzateke, eta, gutxi gorabehera, Galileorenganainoko garaia hartuko luke. Nire ustez, esan daiteke Galileorekin jaio zela fisika.

Bigarren kapitulua Galileorentzat izango da. Eta hirugarrena Newton-ek merezi zuen, dudarik gabe, eta hari eskainita dago. Azkenik, XIX. mendean metafisika eta, oro har, zientzia egiten aritu ziren zientzialari guztiei eskainia dago laugarren kapitulua. Zientzialari haiek Newtonen aurkako korrontea eratu zuten, eta, dudarik gabe, Newtonek adina merezi dute leku bat nire liburuan.

Garai bakoitzean, alderdi zientifikoez gain, bestelako alderdiak ere azalduko ditut, oso garbi ikus dadin zientzialari bakoitzaren pentsamoldean nolako aurreiritziek eragiten zuten, eta gertaera historikoek, politikoek eta egoera ekonomikoek ere nola eragiten zuten.

Duela bi urteko saria irabazi zuen Begoña Arrateren eskutik jaso zituen Navarrok 5.000 e -ko beka eta Andonegiren eskultura.
Poly Fotografos
Galileo eta Newton ez daude hain urrun denboran. Asko aldatu zen ikuspuntu filosofikoa?

Bai. Galileorekin, zientziaren, metafisikaren eta kosmologiaren barruan lehen apustu serioak egin ziren. Baina Galileoren baitan aurreiritzi asko zeuden, erlijio-aurreiritziak. Esaterako, garai aurrezientifikoetako mundu bikoitzaren ideia: mundu lurtarra eta zerutarra. Newtonek hori guztia apurtu egin zuen, zapaldu egin zuen. Newtonekin, lehen aldiz, mundu lurtarra eta zerutarra batuta gelditu ziren. Ia-ia etxetik atera gabe, lortu zuen bi munduetarako azalpen bakarra ematea. Eta, horrekin, gizakion eskura gelditu zen mundu osoaren azalpena. Newtonetik aurrera gizakiak lortu du bere ezagupenean izugarrizko konfiantza izatea. Newtonetik aurrera, posible da den-dena ulertzea, edo denaren zati handi bat behintzat bai.

Gero, XIX. mendea, Newtonen aurkako garaia.

Bai, Newton jenio aparta izan zen, eta hura bezalakorik ez da gehiago izan, segur aski. Bueno, agian, batzuek pentsatuko dute Newton eta Einstein parekoak direla. Dena dela, Newton aparteko jenioa izan zela dudarik ez dago. Baina, Newtonek ere bere aurreiritziak izan zituen, eta oso gogorrak.

Newtonen teoriak 150 bat urte iraun zuen, eta hurrengo belaunaldiek kolokan jarri zituzten. Haien argumentuak oso serioak izan ziren, eta oso arrazoizkoak. Eta gauza askotan garbi ikusi zuten Newtonen metafisika eta kosmologia txarrak zirela. Beste metafisika bat sortu zuten, eremuen metafisika, eta Newtonen aurkako korronte hartatik jaio zen Einstein. Newton eta Einstein, biak izan ziren jenioak, baina elkarren kontrakoak ziren.

XX. mendeari buruzko ezer ez duzu kontatuko?

Oso gauza gutxi. XX. mendearen hasieran, berriz ere oso etapa kritikoa izan zen, adimen iraultzaile asko sortu ziren, eta horrekin fisika berri batzuk agertu ziren; ez bakarra. Nire ustez, aparteko ikerketa merezi zuen horrek. Horregatik, nire lana XX. mendearen hasierarekin bukatzen da, eta hortik aurrerako guztiak beste lan bat merezi du.

Etxebeste Aduriz, Egoitz
3
241
2008
4
034
Sariak; Elhuyarren berriak; Elkarrizketak
Dosierra
04

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia