}

Metal inprimaketaren egoera

2020/05/21 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

3D inprimagailua, zentzu batean barregarria da. Efektu bitxi bat lortu du: 1980ko hamarkadan asmatu zuten, eta hari buruz hitz egiten jarraitzen dugu azken teknologia balitz bezala. Egia esan, gauza bera gertatu da droneekin, hainbat gailu elektronikoekin eta abar. Gakoa pertzepzioa da. 3D inprimagailuak modernotasun-itxura ematen du, eta modernoa da, baina ez da azken-azken teknologia.

metal-inprimaketaren-egoera
Arg. Creative Tools

Ez da azken teknologia, baina neurri batean bai. 3D inprimaketa etengabe aurreratzen ari da. Aplikazio berriak asmatzen dizkiogu. Eta, batez ere, gero eta material gehiago ari gara erabiltzen 3Dn inprimatzeko. Agian, hori da berri berria dela pentsatzeko arrazoi bat.

3D inprimagailu arruntek polimeroa inprimatzen dute tinta inprimatu ordez. Askotan, ohiko polimeroak dira, plastiko arruntak: ABS-a, edo azido polilaktikoa, edo PET (polietilen tereftalatoa), eta abar. ABS kopolimero bat da: A-B-S Akrilonitrilo Butadieno eta Estirenoz osatua (ABS). Horrela esanda oso material sofistikatua dirudi (eta kimikoki sofistikatua da), baina esaten badizuet LEGOko piezak ABSz egiten dituztela, ulertuko duzue ohiko plastiko bat dela. Eta PET izenekoa, polietilen terftalatoa, ur-botilen materiala da.

Baina nire asmoa ez zen polimeroei buruz hitz egitea, baizik eta metalei buruz hitz egitea, 3D inprimagailuetan gero eta metal gehiago ari garelako erabiltzen. Etxeko 3D inprimagailuetan ez, baina industrian bai: aeronautikarako edo medikuntzarako piezak egiteko, esate baterako. Aeronautikan aluminioa inprimatzen ari dira hegazkinen pieza konplexuak egiten dituzten enpresak gaur egun.  Ez da aluminio purua izaten, baizik eta beste metal bat duten aluminiozko aleazioak. Eta medikuntzan titanioz inprimatutako piezak. Titanioa eta medikuntza. Bikote horrek ez du aurkezpen handirik behar.

Baina adibide gehiago daude: industria askok erabiltzen dute altzairua, eta galioaren eta indioaren arteko aleazioak ere erabiltzen dira, eta kromo eta kobaltoa, eta abar.

Kontua da 3D inprimagailu gehienek berotu egin behar dutela materiala. Oro har, metala hauts-forman egoten da, beroarekin urtu egiten dute eta nahi duten forman fusionatzen dute. Imajinatu zer tenperatura lortu behar duten adibidez altzairuaren kasuan.

Zergatik ari naizen hau guztia kontatzen. Bada, ideia zen arrazoitu nahi nuela 3D inprimagailu batzuk azken teknologia direla. Nik baietz esaten dut. Teknologia hori, oraindik ere, kasu batzuetan laborategi-mailan dagoelako, ikerketa-mailan. Science aldizkarian, 2020ko maiatzeko zenbakietako batean argitaratutako adibideak balio dezake: metal-hautsa berotzen denean, metalaren partikulek energia nola absorbatzen duten argitzeko ikerketa. Izan ere, oraindik ez dago argi hori atomo mailan nola gertatzen den. Eta produktua hegaldi batean gaudela erabiltzen ari garen pieza bat baldin bada, adibidez, argi dago jakin behar dugula zehazki zer gertatu den pieza hori fabrikatzen ari ziren unean, ezta?

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia