Metal preziatuak meteoritoetan iritsi ziren Lurrera
2011/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Orain dela 3.000-4.000 milioi urte Lurrak metal preziatutan aberatsa zen meteorito-zaparrada bat izan zuelako daude gaur egun metal horiek eskuragarri lurrazalean, Bristol eta Oxford unibertsitateetako ikertzaile batzuen arabera. Dirudienez, Lurra sortu zenean zituen osagaien artean ere bazeuden metal horiek. Metalok, ordea, joera handia dute burdinarekin elkartzeko, eta Lurraren nukleoaren parte izatera pasatu ziren hura eratu zenean.
Metal preziatuez gain, wolframioa ere ekarri zuten meteoritoak, eta aldatu egin zuten Lur-gainazaleko wolframio-isotopoen proportzioa.
Ondorio horretara iritsi dira ikertzaileak 2.800 milioi urteko arroka batzuk aztertuta. Meteorito-zaparrada gertatu baino lehenagoko Lurraren osagaien eta isotopoen proportzioak gordetzen dituzte, eta, ikusi dutenez, wolframioaren bi isotoporen ratioa ( 182 W / 184 W) gaur egungo arroketakoa halako 13 zen orduan.