}

Meteorologoen ospakizuna

2000/03/26 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

1873. urtean, Vienan, IMO izeneko erakundea sortu zen (International Meteorology Organisation). Ez zen gobernuerakunde bezala jaio, baina ibilbide luzearen ondoren, 1950. urtean, gobernuarteko erakunde bilakatu zen. Orduan WMO (World Meteorological Organization) izena eman zitzaion eta hurrengo urtean Nazio Batuetako agentzia espezializatu izendatu zuten.

Hasierako lana IMOk egin zuen; izan ere, nazioarteko lehen lankidetza abiarazi zuen meteorologiaren esparruan, eta ondoren, hainbat meteorologoren belaunaldiek eutsi zioten lankidetza horri. XX. mendeko aurrerakuntzak medio, lankidetza sendotu egin zen eta aurrerakuntzak meteorologia, hidrologia eta zientzia geofisikoetara bideratu ziren. WMO Nazio Batuetako meteorologoen erakunde nagusia da, dudarik gabe, baina nazioarteko lankidetzan murgilduta dago erabat, eguraldiak eta klimatologiak ez baitu muga politiko eta ekonomikorik.

Erakundeko kideen lankidetza boluntarioa eta interes ekonomikorik gabea da, bai zientzia lanean, eta bai bestelako lanetan. Behaketak egiteko nazioarteko elkarlana sustatzea, bildutako datuak estandarizatzea eta trukea ziurtatzea, eta lortutako emaitzak meteorologiarekin lotutako arloetan aplikatzea dira WMOren helburuaka, klimaren azterketa uraren kudeaketan, nekazaritzan, hegazkintzan eta nabigazioan aplikatzea, esate baterako. 185 herrialde WMOren bazkide dira eta Herrialde horietako Zerbitzu Meteorologiko eta Hidrologikoen lankidetza ezinbestekoa da ikerketarako, profesionalak prestatzeko eta teknologia trukatzeko.

WWWko hobekuntza asko GARP (Global Atmospheric Research Programme) programarekin erlazionatuta daude. GARP 1967. urtean jarri zen martxan ICSU (International Council of Science) batzarrarekin elkarlanean eta, klimatologia ulertzeko egin dituen saiakuntza orokorren bitartez, aurrerakuntza handiak lortu ditu. GARPek 70eko hamarkadan eginiko ikerketei esker eguraldiaren zenbakizko iragarpena garatu zen, 8-10 eguneko aurrerapenaz eguraldia iragartzea ahalmentzen duen sistema. Eskala ertainean eta zona mugatu batzuetan eginiko modelizazioek asko lagundu dute klimak eragindako hondamen naturalak ulertzen.

Ekonomikoki, mozkina/kostua erlazioa 10:1 dela onartzen da oro har. Eguraldiak eragindako hondamen naturalak iragarri ahal izatea oso baliotsua da gaur egungo gizartearentzat. Kalkuluen arabera, 250.000 pertsona hiltzen dituzte urtero hondamen naturalek, eta % 70ek jatorri meteorologikoa edo hidrologikoa du. Zorigaitz horiek minimizatzeko Zikloi Tropikalen Programa jarri zen martxan 1971. urtean eta etekina handia izan da.

Baina hondamendiak iragartzeko gaitasunarekin batera, iragarpen horiek prestatu gabeko populaziora iristarazteko bideak hobetu eta azkartu egin dira. Bangladeshen, esaterako, 300.000 lagun hil ziren 1971. urtean zikloi tropikal baten eraginez; 1994. urtean, pareko indarreko beste batek 200 lagun besterik ez zituen hil.

1957/58 bitartean Geofisikaren Nazioarteko Urtea ospatu zen eta, antolatu ziren ekitaldien emaitzetako bat ozono-geruza behatzeko sistema ezartzea izan zen. Behaketasistema proiektu orokor baten barnean jarri zen martxan; Atmosferaren konposizioa eta klimatologia-aldaketak aztertzen zituen proiektuan, hain zuzen. Lan horiei esker, ingurugiroa babesteari buruzko lehen ideiak zirriborratu ziren 1970eko hamarkadan: 1972. urtean Ingurugiroari buruzko Lehen Konferentzia ospatu zen, eta bertan, UNEP (United Nations Environment Programme) sortu zen. 1975. urtean ozono-geruzaren gaineko eraginaren lehen analisia plazaratu zen eta bi urte geroago hura babesteko plana idatzi zen. Helburua ozono-geruza XXI. mendearen erdialderako berritzea zen eta esan beharra dago bidean gaudela. Berotegi-efektua sortzen duten gasak neurtzen ere garai hartan hasi ziren.

Neurketa horien guztien emaitzak ikusita, WMOk klima-aldaketa gertatzen ari zela aldarrikatzeko kanpaina hasi zuen, aldaketaren eragile eta eraginak mundu osora zabaldu beharra baitzegoen. 1976an mundu-mailako Lehen Klima Konferentzia ospatu zen eta WCP (World Climate Programme) jarri zuen martxan. Programa klimaren aldaketa ikertzeko nazioartean egiten diren lanen oinarria da.

Azken bolada honetan "El Niño" efektua izan da WCPren ikergai garrantzitsuenetarikoa. "El Niño"k itsasoaren gainazaleko tenperaturan du isla handia eta, ondorioz, baita kliman ere. Azken urteetan, gainera, bereziki bortitza izan da El Niño".

Elikagaiak ere aztergai

WMOk elikagaien arloan ere aurrerakuntza handiak bultzatu ditu. Kalkuluen arabera, elikatu gabeko 700 milioi lagun egongo dira munduan 2010erako. Klima aztertuta burruka egiten du WMOk arazoaren kontra, meteorologian oinarritutako nekazaritzateknikak garatuz. Teknika horiek herrialde askotan erabili dira jada. Ildo beretik, lehorteak iragartzea basamortutzearen aurkako tresna bilakatu du WMOk. Elikaduraeskasiak basamorturtzearekin duen lotura estua delako, azken honi aurre egitea beharrezkoa da oso.

Etxean, industrian eta nekazaritzan gero eta ur gehiago behar da eta aurki egoera jasangaitza izango da. Kalkulatu denaren arabera, 2025. urtean munduko populazioaren bi herenek izango dituzte ur-arazoak. WMOk herrialde bakoitzeko Zerbitzu Meteorologiko eta Hidrologikoak babesten ditu, ur-iturrien kalitatea eta kantitateari buruzko aholkularitza bideratzeko. Jatorrizko erakundeak, IMOk, era horretako nazioarteko lehen plana 1946. urtean jarri zuen martxan. 1992. urtean gai horren gaineko gailurra antolatu zuten Rio de Janeiron. Baina 1990.eko hamarkada bitarte ez da ziklo hidrologikoaren behaketa-sistema erabiltzen hasi; ur-iturriena, beraz, erakundeak duen lehentasunetako bat da eta gogor egin beharko du lan horretan.

WMOk 50 urtez aritu da lanean eta beste 50 ere beharko ditu egiteko dagoen guztia ikusita. XXI. mendean ere, orain arte egin duen moduan, herrialdeen garapen jasangarriarako bideak eraikitzen jarraitu nahi du WMOk. Helburuetarik asko Nazio Batuen Agenda 21 deritzon dokumentuan daude bilduta: ozonogeruza babestea, klimaaldaketa, basamortutzea eta biodibersitatea dira agenda horretan aurki ditzakegun premiazko arazoak, gizartean ere gai hauek puripurian daudelarik. Hondamendi naturalen kontra borrokatzeko indarrak garapen jasangarrirantz bideratzea, elikagaien segurtasuna, energiekoizpena eta kontsumoa, hirietako poluzioa eta Atmosferaren osasuna ere ez dira ahazteko moduko buruhausteak. Horrez gain, garatutako eta garapen bidean dauden herrialdeen Zerbitzu Meteorologiko eta Hidrologikoen arteko elkarlanerako zubiak eraiki nahi ditu WMOk, zerbitzuok indartzeko legeak bultzatuz eta zerbitzuok ez dauden lekuetan hakakoak sorraraziz. Era berean, informazio meteorologiko eta hidrologikoak nazioartean banatzeko eta guztion onerako direla aldarrikatuz jarraituko du WMOk.

Teknologia eta elkarlana

Sarean egindako lana da WMOren lana eta sarelan horretan sateliteen teknologiaren esparrua oso kementsu jorratu da. Espazioa bakerako erabiltzearren lan egitea adostu zuten Nazio Batuek 1961. urtean; ildo horretatik jarraituz, WWW (World Weather Watch) izeneko programa martxan jarri zen bi urte geroago eta ondoren WMOren oinarrizko proiektu bihurtu da. Gaur egun, WWWk datuen koordinaziolanak egiten ditu meteorologiaren eta ozeanografiaren esparruetan. Datuak jasotzea, prozesatzea eta hedatzea antolatzen du alde batetik. Bestetik, satelitemultzo handia (geoegonkorrak eta poloaren gaineko orbitadunak), 10.000 lurreko base, goiatmosferako 1.000 estazio, 7.300 itsasontzi, 300 buia finko, aireko 600 buia eta 3.000 aireontzi kontrolatzen ditu. Egunean 70.000 behaketa burutzen dira guztira. Lurrean dauden zentroek, hau da, 34 eskualdetako meteorologi zentroek eta 185 Meteorologi Zentro Nazionalek 15 milioi datu eta 2.000 eguraldi-grafiko jasotzen dituzte; datuok denbora errealean jaso eta banatzen dira. WWWk geofisikako eta ingurugiroko programak ere babesten ditu: jarduera sismiko, tsunami, sumendietako errautsaren mugimendu eta substantzia erradioaktiboen isurketei buruzko informazioa bildu eta garaiz banatzeaz arduratzen da. Horretarako, atmosfera eta Lurraren gainazala behatzeko sistemetan, telekomunikazioetan eta sateliteetan izan diren azken berrikuntzak etengabe jartzen dira martxan WWWan eta WMOren beste programetan. Helburu nagusia, noski, eguraldia eta klimatologia ulertzea da.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia