Migratzaileen txapela, gabai ilunarentzat
2006/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gabai ilunaren migrazioa errekorren liburuan agertzeko modukoa dela ikusi dute ikertzaileek: 64.000 kilometro egiten ditu 200 egunean, beste edozein animalia migratzailek baino gehiago.
Ikertzaileek lehenbizikoz aztertu dute itsas hegazti horren migrazioa. Horretarako, ohiko tresnaren ordez, arrainekin erabiltzen direnen antzeko bat erabili dute, arinagoa baita eta jarraipena geolokalizazioz egiteko aukera ematen baitu. Gainera, datuak memorian gordetzen ditu. Horrekin, jakin ahal izan dute hegaztiak non zeuden eta nora zihoazen zehatz-mehatz, zenbat murgiltzen ziren itsasoan janaria lortzeko eta zer tenperatura zuen azaleko urak.
Azkenaldian gero eta gabai ilun gutxiago daude, eta, ikertzaileen ustez, bildutako datuak oso baliagarriak izango dira jakiteko zergatik ari den gertatzen galera hori.