“Mihi elektronikoa” eta metal astunak
2010/05/30 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Inguruan ditugun gauza guztien ezaugarri organoleptikoek lotura zuzena dute haien konposizio kimikoarekin. Substantzia ezberdinen presentziak, kontzentrazio-maila zehatz batean, kolorearen, usainaren edo zaporearen berri ematen dio guk jan, edan edo arnasten dugun aireari ere (gorputza garbitzeko erabiltzen ditugun produktuei ere bai, besteak beste). Eta konposatu horietako bakoitzak oso argi definitutako berezko propietateak ditu.
Hori hala, lehenbizikoz substantzia batekin kontaktuan jartzen direnean, gure zentzumenek erlazionatu egiten dituzte hautemandako sentsazioak eta aipatutako sustantzia kimikoaren presentzia. Eta gure garunean prozesatu eta pilatutako informazio horrek berebiziko garrantzia du, konposatu haiekin berriz kontaktuan jartzen garenean haiek identifikatzea ahalbidetuko baitigu informazio horrek. Definitutako proportzio batzuetan nahasten badira, patroi sentsorial berri eta bakarra sortzen dute, eta gure garunak “sentitu” eta “biltegiratu” egiten du hori. Guk hala jakiten dugu zer ari garen jaten, edaten edo usaintzen, eta, aldi berean, aurretik bizi izandako esperientzia atsegin, txar edo arriskutsuekin ere lot ditzakegu.
Gure mingainean oinarrizko zaporeak detektatzen dituzten dastamen-papilak daude. Tresna analitiko berriek, aldiz, sentsore-multzo bat izaten dute laginaren informazioa jasotzeko. (Argazkia: Mike Burns) .
Horregatik guztiagatik esan ohi da tresna analitikorik perfektuenak gure zentzumenak direla. Eta, “perfekzio” hori berdindu nahian, gizakion zentzumenek errekonozimendurako dituzten printzipioak oinarri hartuta sortzen ari dira azkenaldian “zentzumen elektronikoak”. Halako tresna analitikoek sentsore-multzo bat izaten dute laginaren informazioa jasotzeko, eta gure mihietako dastamen-papilen antzera jokatzen dute. Hain zuzen, gizakion mingainean oinarrizko zaporeak detektatzen dituzten dastamen-papilak daude; zaporedun molekulek papiletako nerbioak kitzikatzen dituztenean, seinalea garunera igortzen da, eta, bertan, zaporea identifikatzen da.
Bada, Madrilgo ikertzaileen “mihiaren” sentsoreek sufre-atomoak dituzte. Sufre-atomo horiek elektroiak emateko joera dute; kasu honetan, metalei ematen dizkiete, eta, nolabait, erreakzionatu egiten dute haiekin. Sentsore horiek ez dira espezifikoak, eta horrek esan nahi du elektroiak ez dizkiola metal bati bakarrik ematen, baizik eta hainbati. Horrenbestez, mihi elektroniko horrek metal bat baino gehiago detekta ditzake.
Erraz, azkar eta zehatz
“Mihi elektronikoak” lagin likidoekin aplikatzen diren bezala, gasentzat “sudur elektronikoak” garatu dira azkenaldian. Adituen esanean, egungoekin alderatuta kostu txikiko metodo analitikoak dira biak: emaitzak modu azkar eta erraz batean ematen dituzte, eta behar bezalako zehaztasunarekin.
Esparru anitzetan baliatzen dira gailuak (lagin klinikoak edo ura, ardoa, freskagarriak, garagardoa, esnea, tea nahiz kafea sailkatzeko, kasu). Industria- edo ingurune-analisian, lagin baten toxikotasun- edo kutsadura-maila bereiz daitezke ongi diseinatutako tresna elektronikoei esker, eta substantzia baten baino gehiagoren kontzentrazioa nola aldatzen den detektatzeko aukera ere izaten da.
Madrilgo Unibertsitate Autonomoko kideek, besteak beste, merkurioa detektatu dute “mihia” baliatuta, eta pozik daude lortutako emaitzekin. Orain arteko metodologia konplexuen alternatiba eraginkorra izan liteke.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia