}

Mikrobioek sendagaiak ekoizten dituzte

2001/03/02 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Escherichia coli oso bakterio ezaguna da laborategian dabiltzanentzat. Science aldizkarian argitaratu lan baten arabera, Stranford-eko Unibertsitateko ikerlariek sendagai garrantzitsu askoren aitzindari diren hainbat poliketido ekoitz ditzan lortu dute. Horri esker, sendagaiak errazago produzitu ahal izango dira eta, beraz, merkeagoak izatea lortuko da.

Asko erabiltzen diren sendagai ezagun ugari lehengai horiekin eginak daude, esate baterako, eritromizina antibiotikoa, FK506 immunosupresorea eta kolesterol-maila jaisten duen lobastatina. Beren garrantzi ekonomikoa izugarria da, farmazia-industrian diru-kopuru handia mugitzen baitute. Nekez sintetizatzen direnez, iturri naturaletara jo behar izaten da. Bakterio eta onddo berezi batzuetatik lortzen dira eta horien hazkuntza-prozesua luzea eta hauskorra denez, ekoizpena garestia da. Gainera, ez dute poliketidoak ekoizten dituzten entzimak genetikoki aldaraztea lortzen.

E. coli bakterioa, berriz, oso erraz hazten da, baina poliketidoak ekoitz zitzan zailtasun asko gainditu behar izan dituzte ikerlariek. Hasieran, Saccharopolyspora erythraea bakterioaren hiru gene sartu zizkioten, hain zuzen ere, poliketido-sintasa izeneko entzima kodifikatzen dutenak. Poliketido-sintasak, bestalde, poliketido jakin bat produzitzen du, baina, horretarako, kofaktore baten (fosfopanteteina) beharra du. Horregatik, Bacillus subtilis-aren beste gene bat sartu zioten, fosfopanteteina ematen duen entzima kodifikatzen duena. Gainera, bi bidezidor metaboliko aldatu zizkioten E. coli-ak ikerlariek lortu nahi zituzten poliketidoak ekoizteko lehengai kimikoak izan zitzan.

Horrela, E. coli-ak S. erythraea-k adina poliketido ekoitz dezake. Horretaz gain, S. erythraea-ren poliketido-sintasaren osagai baten ordez beste sendagai bat egiteko erabiltzen den entzima batengatik aldatzen bada, naturan ez dagoen poliketidoa produzitzen duen entzima hibridoa lortzen da. Ikerlarien ustean, hori benetako iraultza da.

Hala ere, oraindik ez dakite E. coli-ak ekoitzitako poliketidoak maila industrialean produzitzea lortuko duten, baina emandako aurrerapausoa benetan garrantzitsua izan da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia