}

Mikrohari metalikoak ia edozertarako

2004/06/22 Pikabea Amundarain, Nerea - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Mikrohari metalikoa egitura oso txikiko haria da. 20-30 mikrako diametroa du, gizakiaren ilea baino lau aldiz txikiagoa. Nukleo metaliko bat du, pyrex motako beira-estaldura batekin. Aplikazio batzuetarako mikroharia kotoiaz estaltzen da.

Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolan, Fisika Aplikatuaren Saileko magnetismo laborategian ikerketa-proiektu bat egiten ari dira beste laborategi batzuekin elkarlanean. Mikrohariaren karakterizazioa egiten ari dira, haren ezaugarri elektromagnetikoak eta portaera aztertzen, hain zuzen ere. Mikrohariaren inguruan orain arte egin diren ikerketa guztiak Sobietar Batasun ohian egindakoak dira. Urtetan ikertu dira han mikrohariak erabilera militarrerako.

Mikroharien gama oso zabala da. Mikrohariak propietate elektriko eta magnetikoak ditu; eta, horri, eta nukleo metalikoaren izaera amorfoari esker, ingurunean dagoen elektromagnetismoa absorbatzeko gaitasun handia du. Oso egokia litzateke, esate baterako, telefonia mugikorraren erradiazio elektromagnetikoa absorbatzeko.

Julian Gonzalez, EHUko Magnetismo Taldeko zuzendariaren esanetan ikerketa horren azken helburua esparru industrialetan aplikazioak bilatzea da. "Aplikazioetako bat energia elektromagnetikoa absorbatzen duten ehunak egitea da, gigahertzen mailan, telefonia mugikorrak erabiltzen duen lan-frekuentzian, alegia. 15 dezibeletik gorako absortzio-faktoreak lortu ditugu, eta, gainera, banda-zabalera ia uniforme batean. Horrez gain, mikrohari horietan oinarritutako kodifikazio magnetikoko sistema berri baten prototipoa garatu dugu. Autoetako luneta antitermikoak egiteko erabiltzen ari dira mikrohari horiek. Orain arte, luneta antitermikoak atzealdean bakarrik jarri dira, erabiltzen diren materialek ez baitute uzten ongi ikusten; aplikazio honi esker, ordea, aurreko aldean jartzeko moduko lunetak egin nahi dituzte ".

Horrez gain, pertsonak edota merkantziak identifikatzeko erabil daiteke; kirol-erregistroak kontrolatzeko, esate baterako. Azterketa horiek egiteko hainbat aparatu erabiltzen dituzte. Horietako batzuk mikroharien ezaugarri magnetikoak aztertzeko erabiltzen dira, eta beste batzuk, aldiz, maiztasun handiko uhin elektromagnetikoek sortzen duten efektua ikusteko.

Gramo bat metaletik kilometro bat mikrohari lortzen da. Beraz, ez da material oso garestia. Horregatik, eta dituen ezaugarriei esker, EHUn uste dute etorkizunean aplikazio ugari izango dituela mota guztietako teknologietan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia