Mikroorganismoak orain arteko pH basikoenean
2004/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Chicagotik gertu dagoen Calumet aintziran mikrooganismoak aurkitu dituzte: Clostridium eta Bacillus generoetakoak. Albisteak ikertzaileen jakin-mina piztu du, aintzirak duen pH basikoa dela eta ez baitzuten bizidunik aurkitzerik espero. Lehen ere aurkitu izan dituzte mikroorganismoak muturreko kondizioetan, esate baterako, Hegoafrikako urre-meategi bateko ur poluituan.
Calumet aintzirako uraren pHa 12,8 da industriak eraginda; izan ere, burdina isuri izan da urte askoan, eta oso poluitua dago aintzira. Inoiz ez da mikroorganismorik aurkitu hain pH altuan.
Ikertzaileek oraindik ez dakitena da mikroorganismo horien jatorria zein den: bertako espezieak ingurunearekin batera egokitu ote dira, ala, alderantziz, kanpotik ekarriak dira? Galdera horri eta beste hainbati erantzuteko lanean jarraitzeko asmoa agertu du Amerikako Geologia Erakundeak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia