}

Mikroorganismoek ez dute moralik

2016/09/19 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Mikroorganismoak amoralak dira, ez dira bereizten on eta gaiztoen artean. Baieztapen hori deigarria izan daiteke askorentzat, azkenaldian nahiko zabalduta baitago bakterioak onuragarriak direla, bereziki hesteetan bizi direnak. Hain zuzen, horretan oinarritzen dira jogurt-ekoizle asko, adibidez, haien produktuak onuragarriak direla aldarrikatzeko.

Ez da beti horrela izan, ordea. Garai batean, bakterioak etsai beldurgarriak ziren, eta desagerrarazi egin behar ziren, kosta ahala kosta. Izan ere, gaixotasun-eragile ziren, eta milioika pertsonaren heriotzaren kausa. Legenarra, gonorrea, izurri beltza, tetanosa, tifusa… bakterioen sinonimo ziren.

Antzekoa gertatzen da, oraindik ere, birusekin. Birus denak jotzen dira gaiztotzat, ez dago birus zintzorik; edo, baldin badago, guk ez dugu ezagutzen.

Ikuspegi hori, ordea, okerra dela ohartarazi du Ed Yong zientzia-kazetariak bere azken liburuan. Gugan bizi diren mikroorganismoei buruz idatzi du Yongek, eta, haren esanean, auzia ez da hain sinplea. Mikroorganismoak ez dira berez gaiztoak edo zintzoak; harreman-kontua da. Haien artean eta ingurunearekin dituzten harremanak dira gakoa; harreman horren araberakoa izaten da onra edo kaltea eragitea. Eta, gainera, faktore askok eragiten dute harreman horretan.

Horren erakusgarri, Helicobacter pylori bakterioa jarri du adibidetzat Yongek. Bakterio hori giza espeziean bakarrik bizi da, eta oso ondo egokituta dago urdaileko inguruari. 1982an, bi ikertzailek, Marshallek eta Warrenek frogatu zuten hura zela urdaileko eta duodenoko ultzeren eragile nagusia, eta aurkikuntza horregatik Medikuntzako Nobel Saria jaso zuten 2005ean.

Dezente geroago jakin da bakterio horrek berak esofagoko minbizitik babesten duela. Horrenbestez, ezin esan H. pylori zintzoa ala gaiztoa den; dagoen lekuaren arabera, eta han dituen harremanen arabera izango da kaltegarria ala onuragarria.

Beste adibide bat: GBV-C birusa. Hasiera batean, C hepatitisarekin lotu zuten. Alabaina, gero ikusi zuten ez ziola kalterik egiten gibelari. Are gehiago: gure immunologia-sistemaren linfozitoak infektatzen ditu, eta, horren ondorioz, hiesaren birusak ezin du hain erraz infektatu linfozitoa (hiesa garatzeko lehen pausoa da hori). Ustezko gaizkilea zintzoetan zintzoena bilakatu da, beraz?

Bere liburuan, Yongek mikroorganismoak ez ezik, bizkarroiak eta beste bizidun handiagoak ere aipatzen ditu. Eta denetan erakusten du ez duela zentzurik on eta gaiztoen artean banatzeak.

Agidanez, ikuspegi antropozentrikoak errealitatea oker ulertzera eramaten gaitula frogatu da, beste behin ere.

Berria egunkarian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia