}

Mikroplastikoen euria euri azidoa baino larriagoa izan daitekeela ohartarazi dute

2020/06/16 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

mikroplastikoen-euria-euri-azidoa-baino-larriagoa-
Arg. Pixabay

Science aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, euriak atmosferako mikroplastikoak isurtzen ditu etengabe. AEBko mendebaldeko parke nazional babestuetan urtero 1.000 tona metriko mikroplastiko baino gehiago isurtzen dituztela kalkulatu dute; 120 milioi plastikozko botilaren pareko kantitatea. Datu hori AEBko azaleraren % 6ari baino ez dagokiola gogorarazi dute ikertzaileek, arazoaren magnitudeaz ohartarazteko.

Ikerketaren arabera, jasotako euri-laginen % 98k zituen mikroplastiko-partikulak. Partikula atmosferiko guztietatik % 4 ziren polimero sintetikoak. Gehienak poliester-arropek garbigailuan askatzen dituzten mikrozuntzak izaten direla adierazi dute Utah-eko Unibertsitateko ikertzaileek.

Mikroplastiko-laginak jasotzeaz gain, ekaitz bakoitzaren jatorria ere aztertu dute: zer hirietatik pasa diren ekaitzak, ura isuri aurretik. Badirudi haizeak lurzoruko mikroplastiko-partikulak erauzi eta atmosferatik garraiatzen dituela. Hala, ekaitzen ibilbidea aztertu eta mapa batean islatu dute nola garraiatzen dituzten partikulak sistema meteorologikoek. Mikroplastikoak haize-korronte altuetara iristen direla ikusi dute; horrek azalduko luke partikula plastikoak urrutira iritsi eta nola ari diren kutsatzen orain arte garbitzat jotzen ziren habitatak. Oso gertu dugu horren adibide bat: Europako hiriak mikroplastikoz betetzen ari dira Artikoa.

Ikerketaren egileek kezka adierazi dute, mikroplastikoak nanoplastikoetan bihurtuz doazen heinean, oso zaila izango baita haiek detektatzea. Oraingoz, ez dute lortu lau mikrometrotik beherako partikularik detektatzea, baina horrek ez du esan nahi arnasten ari ez garenik.

Euri plastikoa euri azidoa bera baino arazo larriagoa izan litekeela ohartarazi dute ikertzaileek. Izan ere, euri azidoa sufre dioxidoa eta nitrogeno oxidoaren ondorio da, eta horiek neurri batean murriztea lortu da. Baina askoz ere zailagoa ikusten dute ura, lurra eta airea mikroplastikoez eta nanoplastikoez garbitzea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia