}

Mikroskopio akustikoa

2002/12/09 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

PanAmerikako eta Iberiako Akustikaren lehenengo bileran, ehun biologikoak aztertzeko teknika bat aurkeztu dute. Diotenez, medikuntzan oso baliagarria izan daiteke, orain arte erabiltzen diren teknikek ez bezala, bizirik dauden ehunak ‘ikustea’ ahalbidetuko baitu, baita gorputz-barrukoak ere.

Izan ere, mikroskopio optikoekin, ehunak aztertzeko biopsia egin behar da, eta ehun horiek tindatu egin behar dira. Teknika honekin, berriz, hori dena saihesten da.

Teknika ultrasoinuetan oinarritzen da. Zunda baten bidez, ultrasoinuak igortzen dira, eta ehunek ultrasoinuei nola erantzuten dieten ikusten da iruditan. Horri esker, ehunen ezaugarri mekanikoen berri jasotzen da, eta ezaugarri optikoak ezagututa baino datu gehiago jakin daitezke horrela. Adibidez, Alzheimerraren plakak hobeto antzematen dira, eta azaleko gaitzak ere askoz azkarrago diagnostikatzen dira, besteak beste, ez dagoelako biopsiarik egin beharrik.

Ikertzaileek onartzen dutenez, oraindik ez dute nahi besteko bereizmena lortu, ez dira maila molekularrera iritsi. Gehienezko bereizmena 0,1 mikrakoa da, gutxi gorabehera globulu gorri baten zabaleraren ehunena.

Hala eta guztiz ere, teknika horrek aplikazio interesgarriak ditu kardiologian. Ultrasoinuak igortzen dituen kamera bat prestatu dute odol-zirkulazioan sartzeko; horrekin, hodiak buxatzeko arriskuan dauden ala ez ikus daiteke. Aplikazio horretarako prestatutako teknikari IVUS deitzen zaio, eta dagoeneko erabiltzen da hainbat ospitaletan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia