}

Minbiziaren prebentziorako teknika berria Kanbon

2001/03/06 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Biriketako minbiziaren diagnostiko goiztiarra egiteko, bronkoskopio berria ekarri dute.Kanboko Toki Eder osasun-zentrora. Martxoaren 3an egin zuten komunikabideen aitzinean aparatu berri horren aurkezpena. Zentroko arduradunak oso pozik agertu dira Akitaniara ekartzen den era horretako lehen aparatua baita.

Bronkoskopia bronkioen endoskopia da. Horretarako, gaixoaren sudurretik, eztarritik eta trakeatik hodi finak eta malguak sartzen dira bronkioen barneko azterketa egiteko. Gaixoaren bronkioetan hodiak sartzea ez da gauza berria, baina teknika horrek aurrerapen asko ezagutu ditu. Jacques Mujika zuzendariak esan digunez, "hasieran, hodi zurrunekin egiten zen, eta, noski, oso azterketa deserosoa zen gaixoarentzat. Orain, hodi fibroskopikoak erabiltzen dira, hau da beira-zuntzez egindako hodiak. Azken horiek malguak dira eta askoz diametro txikiagoa dute. Normala denez, azterketa hau askoz erosoagoa da eriarentzat". Teknika horri esker, askoz urrunago heltzeko aukera izaten da eta, gainera, laginak ere har daitezke. Dena dela, Jacques Mujikak argi utzi nahi izan du, nahiz eta biriketako minbizia esaten den ez dela biriken azterketa egiten, bronkioena baizik.

Kanboko Toki Eder zentroan estreinatu duten endoskopiako zerbitzua berria da. Departamentu horretan erabiliko den sistemaren printzipioa orain artekoa bezalakoa da. Aparatu berria fibroskopio bat da, tresna optiko argiduna. Baina, orain arteko fibroskopikoek kolore zuria erabiltzen dute eta honek argi monokromatiko urdina bidaltzen du. Muki bronkial normalak eta minbizidunak bereizteko, mukiak islatzen duen argiaren kolorea hartzen da aintzat. Muki bronkial osasuntsuak argi berdea islatzen du eta minbiziaren arrastorik egonez gero, berriz, islatzen duen argia marroixka da. Kolore-desberdintasuna minbiziaren hasieratik ikusten da eta, jakina, horixe da teknikaren interesik handiena. Minbiziak zenbat eta azkarrago detektatu, orduan eta errazago sendatzen baitira. "Hemendik aurrera, berriz, biriketako minbiziaren diagnostiko goiztiarra egiteko ez da aitzakiarik izango, baina beti bezala dena ez dago zentroaren esku. Norberaren esku dago gutako bakoitzaren osasuna eta ezinbestekoa da gaixoa azterketa hau egitera zentrora etortzea".

Aparatu honek badu beste erabilera interesgarri bat ere; jadanik biriketako minbizia ukan duten gaixoei jarraipena egiteko balio du. Bi azterketa-mota daudela erran daiteke: ebakuntza aurreko azterketa eta ebakuntza ondorengoa.

Toki Ederren 151 gaixoentzako lekua dago eta, besteak beste, arnas gutxiegitasuna eta gaixotasun baskularrak dituzten pertsonei zuzenduta dago eta aurrerantzean punta-puntako bihotz-biriketako azterketak egingo dira. Kontsulta bakoitza 600-700 libera (14.400-16.800 pezeta) kostatuko da eta gizarte-segurantzak gastuak bere gain hartuko ditu. Gainera, Jacques Mujikak azpimarratu duenez, "ateak denei irekiak izanen dira eta aurrerantzean Hego Euskal Herriko sendagileek teknika hori ezagutu eta baliatu nahi badute, gu prest gaude ikastaroak antolatu eta behar duten zerbitzu guztia eskaintzeko".

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia