}

Minbiziari buruz solasean

1994/06/01 Karrera, Jesus Mari Iturria: Elhuyar aldizkaria

Agian egunik ez da osasunari buruzko edo medikuntzari buruzko albisterik gabe. Edozein komunikabidetan entzun/irakur ditzakegu medikuntzan egiten ari diren aurrerapenen berriak, eta bereziki minbizi edo kantzerraren arloan egiten direnenak.

Ikerketa eta aurkikuntza bitxiak, kartzinogeno berri bat edota tratamendu iraultzaile baten itxaropena, han-hemenka ikerle eta zientzilarien ahotan jarrita noiznahi ikus ditzakegu; egunkarietan batipat.

Oraindik orain, tabakoa, elikagaiak, ingurugiroko poluzioa, erradiazioak, birusak eta horrelako faktore exogenoak aurkezten zizkiguten gaitza izatearen arrazoi edo minbiziaren errudun.

Gaur egun berriz, biologia molekularra, mutazio genetikoak, onkogeneak, ADN kateak, antigorputzak, entzima sustatzaile edo, aldiz, inhibitzaileak eta mota honetako hitz mardulak erabiltzen dira minbiziarekiko aipamenetan.

Ez dira, ordea, hitz berri eta biribilak bakarrik; azken hamarkadetan laborategian egindako hainbat ikasketa eta aurkikuntzaren azalpena eta ondorioa baizik.

Minbizi-mota gehienen prozesu klinikoa nahikoa ezaguna genuen. Ehun eta organo konkretu batean hasi edo ekoiztu, bertan tumore- edo multzo-eran garatu eta azkenik, bere hedapenean, beste organoetara zabaldu, beren funtzio biologikoak hankaz gora jarriz.

Baina prozedura guzti horren fase ezberdinen mekanismoak eta uneak, eta batez ere zelula arruntaren gaiztotzearen azken arrazoia, misterioa zen.

Eta gaur egun argitu ote dira ba ilunak?

Hainbat erantzun zehatz eskuratu arren (tumore batzuen sortzaile diren geneak eta hauek zein kromosomatan kokatuak diren badakigu, adibidez) eta gaur egun misterioetan ez sinistu arren, oraindik gertakizun askori buruz ezjakin gara.

Hala eta guztiz ere, eta aurrera begira, ikerketa horiei esker, eta osabide berriak direla medio (inmunoterapia, erantzun biologikoaren modulatzaileak, terapia genikoa, etab.) emaitza berriak ezezik, kontzeptu eta ikuspegi berriak jasotzen ari gara:

  • Zelula bakoitzaren bizitza gobernatzen duen kode genetikoaren gora-beheratan dago minbiziaren gakoa.
  • Kantzerra zeluletako eta gorputzeko min bizia da benetan, biologikoa alegia, eta bera gainditzeko erremedio biologikoak izango dira beharrezko.
  • Tratamendu aldetik, farmako selektiboagoak, zelula kantzerosoei edo onkogeneen desorekari bakarrik eragingo diotenak, izango dira.
  • Eta azkenik, minbizia norberaren genetikako gaiztotze edo okertze partikularra dela dirudienez, osabide edo zuzenketak ere partikularra edo bakoitzarena izan beharko du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia