}

Metastasia, gantzen metabolismoari lotuta

2016/12/12 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Tumoreen metastasiak gantzen metabolismoarekin zerikusia duela argitu du Bartzelonako ikerketa talde batek. Ikertzaileen arabera, minbizi zelulen ehuneko oso txiki batek baino ez du metastasia sortzeko ahalmena: % 1-% 5ek baino ez. Bada, orain jakin dutenez, haientzat gantza ezinbestekoa da.
minbizien-metastasia-gantzen-metabolismoari-lotuta
Salvador Aznar Benitah ikertzailea eta Gloria Pascual ikerketaburua, Bartzelonako Ikerketa Biomedikurako Institutuaren laborategian. Arg. M. Minocri/IRB Bartzelona
Bartzelonako Ikerketa Biomedikorako Institutuan egin dute ikerketa, eta han argitu dute metastasia eragiteko ahalmena duten zeluletan besteetan baino askoz ere gehiago espresatzen dela CD36 izeneko genea. Gene horrek kontrolatzen duen proteina gantz-azidoen errezeptore bat da; horrek erakusten du lotura zuzena dagoela gantzen eta metastasiaren artean. 
 
Bestalde, proteinak metastasiarekin duen erlazioa ere garbia dela frogatu dute, saguetan egindako esperimentuetan: tumoreari CD36 genea gehituz gero, gaiztoa bihurtzen da eta metastasia eragiten du; aldiz, inhibituz gero, metastasia ia desagertu egiten da.
 
Hori ikusita, ikertzaileak minbizi gaiztoak tratatzeko bide berri bat probatzen ari dira, CD36 genea blokeatzean oinarrituta. Britainia Handiko MRC Technology konpainiarekin batera hasi dira probak egiten, eta, dena ondo bidean, 5-10 urte barru CD36 genea blokeatzen duten antigorputzak prest izatea espero dute.
 
Horrez gain, dietan hartzen den gantzaren eta metastasiaren arteko erlazioa ere ikertzen ari dira. Izan ere, lehendik ere jakina zen gantzen kontsumoa minbizi batzuen garapenarekin lotuta dagoela, adibidez, kolonekoarekin. Erlazio hori ikertzeko, tumore-zelulak injektatu zizkieten saguei, eta, haietako batzuei besteei baino % 15 gantz-azido ase gehiago eman zieten janariarekin. Dieta arruntarekin elikatutako saguen % 30ak metastasia izan zuen; gantz-azido ase gehiago hartu zutenen artean, berriz, % 80k izan zuen metastasia, eta, gainera, tumoreak gehiago hazi ziren.  
 
Ikertzaileek ohartarazi dutenez, gantz-azidoen artean palmitikoa litzateke okerrena; hain zuzen, horixe da janari prozesatu askok daramatena (etiketetan palma-olio gisa agertzen da).
 
Nature aldizkari ospetsuan argitaratu dute ikerketa. Artikuluan nabarmendu dutenez, beraiek ahoko minbizia ikertu duten arren, gauza bera gertatuko da CD36 genearen jarduera areagotuta azaltzen den beste minbizi batzuetan ere, hala nola melanoman, biriketakoan, maskurikoan, gibelekoan, eta bularreko minbizi-mota batean.
 
 
Ikerketaren azalpen-bideoa, Bartzelonako Ikerkeeta Biomedikorako Institutuaren eskutik, ingelesez.
 
Berria egunkarian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia