}

Mineralen eta metalen prezioa igotzeak kolokan jar dezake trantsizio energetikoa

2022/06/08 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

mineralen-eta-metalen-prezioaren-igoerak-kolokan-j
Arg. Ulrike Leone/Pixabay

Azken hamarkadetan, behera egin dute energia berriztagarrien teknologien prezioek etengabe ­­–eguzki-energia fotovoltaikoak eta bateriek, batez ere–, eta, neurri batean, trantsizio energetikoa errazten zuen horrek. Energiaren Nazioarteko Agentziak, ordea, bere kezka mahaigaineratu du: mineralen eta metalen prezioa gora egiten ari da azken aldian, eta beldur dira horrek ez ote duen trantsizio energetikoa bera kolokan jarriko.

Agentziaren arabera, hornidura-kate globalean dauden arazoak, oinarrizko produktuen prezioaren igoera, eta Errusia eta Ukrainaren arteko gatazkak sortutako egoera geopolitiko zaila dira igoeraren arrazoi nagusia. Ondorioak, larriak: litioak eta kobaltoak % 100etik gorako igoera izan dute; nikelak eta aluminioak % 25-40koa. Metal horiek guztiak beharrezkoak dira litiozko baterien katodoak sortzeko. Hala, orain arte metal horiek bateria osoaren prezioaren % 5 hartzen bazuten ere, gaur egun, % 20 hartzen dute. Horrek ibilgailu elektrikoen prezioa igotzea eragin du. Antzera eragingo du bestelako energia-iturrietan ere: 2021ean % 9 eta % 16 igo ziren turbina eolikoen eta eguzki-plaken prezioak, hurrenez hurren, eta 2022an gehiago igotzea espero dute.

Energiaren Nazioarteko Agentziak ohartarazi du prezio-igoera honek energia garbiagoetarako trantsizioa finantzatzeko beharra handituko duela, eta, hortaz, prozesua zaildu.