James Young Simpson: minik gabe erditzea
2023/09/01 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
1847ko azaroak 4, Edinburgo. Ohi bezala, ilunabarrean, James Young Simpsonen etxean elkartu ziren Simpson bera eta beste bi lagun. Anestesiko eraginkor baten bila ari ziren, eta ikerketa-metodo sinplea zuten: substantzia jakin bat inhalatu, eta zer eragiten zien aztertzen zuten. Ordurako, probatuak zituzten azetona, bentzina, etilo nitratoa, iodoformo-lurruna, hidrokarburo kloratuak, aldehidoak eta abar. Oraingoan, kloroformoaren txanda zen.
Hasieran, umore ona eta alaitasuna sentitu zituzten, baina, berehala, ziplo erori ziren hirurak. Hurrengo goizera arte ez zuten konortea berreskuratu. Esnatu orduko jabetu zen Simpson aurkitu zuela bilatzen ari zena.
Urtebete baino ez zen pasa William Mortonek Bostonen eterraren ahalmen anestesikoa frogatu zuenetik. Europan, Robert Listonek ezagutarazi zuen “yankien trikimailu” hura. Listonen ikasle izana zen Simpson, eta erakustaldi hartan izan zen, eta txundituta gelditu zen. Berehala konturatu zen aurkikuntza hura zer garrantzitsua izan zitekeen bere arlorako. Obstetra zen Simpson, eta gertutik ezagutzen zuen erditzeak zekarren sufrimendua.
Listonen erakustalditik bi hilabetera, 1847ko urtarrilaren 19an, probatu zuen lehenengoz eterra, erditze zail batean. Eta, handik aurrera, erditzeetan anestesia erabiltzearen alde egin zuen, sutsuki. Hala ere, eterrari zenbait arazo ikusi zizkion: sukoia zen, motela, birikak narritatzen zituen, eta oka eginarazten zuen askotan.
1847ko udan ekin zion anestesiko hobe bat bilatzeari. Kloroformoarekin zortea izan zuten. Gutxixeago inhalatu izan bazuten, ez zien eraginik egingo; eta, gehiegi hartuz gero, berriz, ez zuten kontatzerik izango. Ongi atera zitzaien, ordea, eta berehala hasi zen Simpson kloroformoarekin lanean.
Azaroaren 8an erabili zuen, lehenengoz, erditze batean. Honela jaso zuen esperientzia: “Erditzea hasi eta hiru ordu eta erdira, lehen etapa amaitu baino lehen, kloroformoaren eraginpean jarri nuen, koilaratxokada bat likidorekin bustiz zapi bat, inbutu-forman biribildua, eta inbutuaren mutur zabal edo irekiarekin ahoa eta sudur-zuloak inguratuz. Fluidoa lurrundu zenean, berritu egin genuen, gutxi gorabehera hamar edo hamabi minutura. Inhalazioa hasi zenetik hogeita bost bat minutura atera zen haurra”.
“Gero, nigana itzuli, eta esan zidan izugarri gustura egin zuela lo, eta behar zuela gainera, hain nekatuta sentitzen baitzen, ezen ezingo baitzion aurrean zuen lanari ekin... Erizainak haurra ekarri zionean, ez zitzaigun gutxi kostatu zur eta lur zegoen ama hura konbentzitzea erditzea bukatua zela eta huraxe zuela haurra”.
Anestesiko gisa eterra baino hobea zenez, laster zabaldu zen kloroformoaren erabilera. Erditzeetarako erabiltzea, ordea, ez zen ongi ikusia izan, eta aurkari asko izan zituen. Izan ere, erditzearen mina kentzea Jaungoikoaren borondatearen kontra zihoan, honela baitzioen Genesiak: “Emakumeari esan zion: Zure erditzeen oinazeak biderkatuko ditut, eta minez erdituko zara zure haurrez”.
Mediku askok onartu zuten kasu batzuetan erabiltzea, aparteko esku-hartzerik behar zenean; baina erditze normaletarako ez zuten beharrezkoa ikusten, azken finean erditzearen mina zerbait naturala baitzen.
Simpsonek, berriz, garbi zuen emakumeen alferrikako sufrimendu hari amaiera jarri behar zitzaiola. Lau urtez kloroformoa erabiltzen aritu ondoren, honela idatzi zuen: “Gero eta gusturago nago kloroformoa emagintzan erabiltzearekin, eta, batzuetan, nire buruari galdetzen diot nola hartuko ote duten gure bilobek hau izaten ari den aurkaritza”.
Anestesiaz gain, ekarpen gehiago ere egin zituen Edinburgoko obstetrak. Esaterako, fetuaren bihotz-taupadak monitorizatzearen garrantzia nabarmendu zuen, besteak beste, ikusi zuelako askotan taupadak moteltzea fetua arriskuan dagoen seinale izaten dela. Eta iradoki zuen erditzea eraginda haurraren bizia salba zitekeela arrisku-kasu batzuetan.
“Simpsonen forzepsak” asmatu zituen, aurretik zeudenak baino askoz ere hobeak; eta asko erabili ziren gerora. Eta xurgapen bidez haurra ateratzeko gailu bat ere asmatu zuen, bentosa obstetrikoaren aitzindaria, bentosak garatu baino ehun urte lehenago.
Bestalde, emaginak ospitaleetan integratzearen alde egin zuen. Eta arreta handia jarri zuen ospitaleetako infekzioetan. Izan ere, sukar puerperalak amen heriotzen erdiak eragiten zituen. Simpsonek ondorioztatu zuen sukar puerperala eta kirurgia ondoko sukarra gauza bertsua zirela eta biak ere oso kutsakorrak zirela. Eta argudiatu zuen ezen, medikuek eskuak eta tresnak desinfektatuz gero, asko murriztu zitezkeela infekzio horiek.
Ospitaleetan gaixo gehiegi pilatzeak zituen ondorio kaltegarriez ohartarazi zuen, eta erakutsi zuen hilkortasun-tasek lotura estua zutela ospitaleetako baldintza eskasekin eta ebakuntza ondoko infekzioak oso lotuta zeudela ospitaleen diseinu desegokiarekin, aireztapen txarrarekin eta kudeaketa-arazoekin. Eta beharrezkoa zela ospitale hobeak eraikitzea.
Eta bestelako gaiak ere ikertu zituen; esaterako, hermafroditismoa, gai erabat tabua garai hartan. Baita arkeologia ere. Eta Samuel Hahnemann homeopatiaren sortzailearen ideiak ere aztertu zituen. Ondorioztatu zuen ez zutela inolako oinarririk.
Hala ere, kloroformoa izan zen sona handiena eman ziona. Aurkari asko izan arren, Eskozian zabaltzen joan zen erditzeetan erabiltzea. Eta Simpsonengana gero eta emakume gehiago iristen ziren, baita atzerritik ere.
1953ko apirilaren 7an, John Snow medikuak Viktoria erreginari eman zion, Leopoldo printzeaz erditzeko. Orduan isildu ziren kritikak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia