}

Mintzamenaren gunearen berrikuspena, XIX. mendeko bi garunengatik

2007/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Mintzamenaren gunearen berrikuspena, XIX. mendeko bi garunengatik
2007/06/01 | Elhuyar
(Argazkia: Artxibokoa)

Paul Broca mediku frantsesak mintzairan arazoak zituzten bi pazienteren garunak aztertu zituen XIX. mendean. Ikusi zuen gune frontalean, ezkerreko aldean, zutela arazoa biek. Harrezkero, ezkerreko aurreko lobuluko beheko aldeari Brocaren area deritzo, eta mintzamenaren gunetzat hartzen da. Hor lesioren bat gertatzen bada, mintzatzeko gaitasuna hondatzen da.

Bi garunak alkoholetan sartu eta Parisko museo batean gorde zituen Broca medikuak. AEBko Kaliforniako ikerketa-zentro bateko Nina Dronkers-ek eta haren lankideek Parisko museoko bi garunen erresonantzia magnetikoaren bidezko irudiak lortu dituzte. Orain baino lehen eskaneatu zen garunetako bat, baina bestearentzat lehen aldia zen. Gainera, orain arte irudiak ez ziren alderatu Brocaren arearen interpretazio modernoekin. Eta aurkitutakoak harritu egin ditu. Bietan, lesioa zuen gunea Brocaren area baino handiagoa dela ikusi dute. Dronkers-en ustez, mintzamen-arazoak dituzten pertsonen diagnosian gaizki-ulertuak ekar ditzake horrek, azterketa klinikoek kanpoan utz dezaketelako arazoaren jatorria, gune bakar batera --Brocaren areara-- mugatzen badute azterketa.

Dronkersek eta haren lankideek irudiak lortzeko teknika berriak probatu nahi dituzte orain, garunaren beste area batzuk ikertzeko; teknika berri horiek baliatuz, orain arte ikusi ez duten zerbait ikusteko esperantza dute.

1
232
2007
6
015
Medikuntza; Anatomia/Fisiologia; Biologia
Berriak labur
9

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia