}

Misilaren kea

2003/03/02 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Gerra zientzian oinarritutako jarduera bat da. Armak esperimentu askoren ondorioa dira, eta aurrerapen zientifikoaren iturri nagusietako bat aurrekontu militarra da. Ba al dago alternatibarik? Beharbada bai.
Gerrarik gabe ere, zientziak aurrera egingo du.

Nekatuta nago. Egun osoa ordenagailuaren aurrean edo auto barruan eman dut. Beraz, etxera itzultzerako leher eginda nago. Leher eginda… A zer esaera xelebrea! Azken bolada honetan, lehertu aditzarekin zerikusia duen edozer gauza aipatzen denean, Irak etortzen zait burura.

Dena dela, nire erosotasunean murgiltzen eta gai lehergarriak ahazten saiatu naiz. Baina ezin. Hainbat gauza oso zailak dira burutik kentzen; edonora begiratzen dudala ere, berriz azaleratzen da gaia. Hozkailu barrukoari so egin ondoren, kontserba-lataren bat zabaltzea erabaki dut. Sardinak ala muskuiluak? Sardinak, hori da. Baina metalean bildutako janariak ere gerra-usain madarikatua du gaur.

Napoleon bere gudariekin gerrara joaten zenean, kanpaina bukaezinak egiten zituen helburu bat bete arte. Hiri bat edo, hobe esanda, lurralde oso bat mendean hartu arte. Kanpainak zenbat iraungo zuen aldez aurretik esatea ezinezkoa zen, noski. Errusiakoa, adibidez, guztietan gogorrena izan zen haientzat; izan ere, neguak harrapatuta borrokatu behar izan zuten, eta Mosku hartu zutenean, hiria erreta aurkitu zuten, hau da, elikagairik aurkitzeko aukerarik ez zuten. Eta zerikusirik ba al du horrek nire sardinekin?

Egia esan, bai. Garai hartan, armada janariz hornitzeko beharrak ireki zion bidea kontserba-latari. Napoleonek bazekien hornitze hori izan zitekeela arrakastaren oinarria. Beraz, 12.000 liberako saria eskaini zuen janariak luze irauteko sistemarik onena asmatzen zuenarentzat.

Misilaren kea.

Saria Nicolas Appert frantziarrak irabazi zuen 1810ean. Esterilizazio-sistemak ikertu zituen, eta ontzi hermetikoak egin zituen janaria barruan gordetzeko. Urte berean, Peter Durand ingelesak metalezko lata patentatu zuen.

Asmakuntza ezin hobea zen. Soldadu bakoitzak egunean jango zuen anoa metalezko ontzi itxi, hermetiko batean sartu, eta primeran irauten zuen luzaroan; elikagaiez hornitu gabe luze iraun zezakeen gerrak.

Sabeleko mina

Nire lata ireki eta sardinak jaten hasi naiz. Goxoak daude. Gerraren asmakuntza, baina ezinbestekoa dugu gaur egun. Nire buruari galdetu diot ea Napoleonen gerrarik gabe ere sardina-lata asmatuko zuten. Baietz pentsatu nahi dut. Harrigarria da, baina lata xume batek etika-arazo bat ekar dezake egun batzuetan.

Ez da txantxetakoa. Gerraren besoak leku guztietara iritsi dira. Zer gertatuko litzateke, adibidez, sardina guztiak jan ondoren, sabeleko mina izango banu?

Badakit; gaur ezkor nabil. Dena dela, medikuarengana joango nintzateke; korrika, gainera. Medikuntzak biziak salbatzen ditu; ez da gerra bezalakoa. Kontrakoa da. Dena dela, medikuntzaren historian begiratzen badugu, gauza harrigarri bat topatuko dugu: gerrak asko lagundu zion medikuntzari.

Hiroshimako sarraskiaren biktima bat.

XIX. mendearen hasieran, gaitzen jatorria bilatzeko, estatistika aplikatu zen askotan. Sintoma bereko gaixoek gauza bera jan bazuten, adibidez, seguruenik, janari hori zen arazoa. Edo, gaixo guztiak oso inguru zikinean bizi baziren, pentsatzekoa zen garbitasunari buruzko gogoeta egin behar zela, ezta?

Estatistikak gaixotasun baten jatorria bilatzen laguntzeko, dena dela, gaixo asko behar ziren. Zenbat eta adibide gehiago izan, orduan eta fidagarriagoa zen ondorioa. Azken batean, XIX. mendeko medikuak matematika aplikatzen hasi ziren, baina gaixo asko izaten zen egoeretan bakarrik. Eta egoera horiek izurriteetan eta gerratan sortzen ziren batik bat. Gerra berriz ere.

Gerrarik ez

Pentsakor geratu naiz. Horiek gerra zientziarentzat baliagarria izan den kasuen adibide gutxi batzuk besterik ez dira. Baina beste asko daude. Orduan, zer? Gerra zientziaren sustatzaile nagusitzat onartu behar da? Jakintza berriak izateko gerra nahitaezkoa da? Misilak uzten duen kea zientziarentzat onura da?

Bada beste aukera bat. Gerrari ezetz esatea da beste aukera. Zientziak aurrera egingo du, gerrarik gabe ere. Eta ez dut nik bakarrik esaten. Linus Pauling estatubatuarrak ere hala esan zuen behin eta berriz. Eta, agian, nire iritzia baztergarria da; baina Paulingena ez.

Linus Pauling manifestazio batean.

Biokimikariek gogoan izango dute Pauling, oso zientzialari ospetsua izan zen eta. 1954. urtean Kimikako Nobel saria irabazi zuen proteinen a helizea aurkitzeagatik. Ez da makala; proteina askoren oinarrizko egitura da hori, eta gaur egun biokimikako liburuetan irakasten da. Horrez gain, beste ikerketa askotan ere hartu zuen parte.

Baina beste Nobel sari bat ere jaso zuen 1962. urtean: Bakearen Nobel saria. Sari hori eman zioten gerraren aurkako ekintzaile sutsua izan zelako.

Hiroshiman eta Nagasakin jaurtitako bonbek bi milioi lagun garbitu zituzten, eta munduak onartu egin zuen hori. Baina batzuek ez zituzten onartu bonba horiek. Horien artean Linus Pauling eta bere emazte Ava Helen zeuden: hitzaldi askotan proba nuklearren aurkako iritzia publiko egin zuten eta sarritan joan ziren manifestazioetara. Jarrera hori ikusita, Estatu Batuek Paulingi ukatu egin zioten pasaportea 1952an, baina Nobel saridun horren oihartzuna gureganaino ere iritsi da. Merezi du historia hori kontatzea.

Paulingek nire zalantza argitu du: zientziak ez du gerrarik behar. "Nire ustez, mundu osoa desarmatzea lor daiteke", esan zuen. Eta nik sinetsi egin diot.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia