}

Molekula bakarreko autoa

2005/10/24 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Rice Unibertsitateko zientzialariek munduko autorik txikiena egin dute. Molekula bakarra du, baina, auto arruntek bezalaxe, xasisa, ardatzak eta lau gurpil ditu.

Orain arte, beste ikertzaile-talde batzuek ere egin dituzte autoen itxura duten nanoobjektuak, baina, Rice Unibertsitateko ikertzaileen iritziz, eurek garatu dutena da autoen moduan funtzionatzen duen lehen ibilgailua; alegia, biratzen duten lau gurpilen mugimenduaz ardatzekiko perpendikularki aurrera egiten duen lehena.

Autoa 3-4 nanometro luze da gutxi gorabehera; hau da, ile baten diametroa baino hogei aldiz txikiagoa. Xasisa eta ardatzak ondo zehaztutako talde organikoz eginda daude; horiei esker, esekidura birakaria du eta ardatzek askatasunez biratzen dute. Gurpilak, berriz, fulerenoak dira, eta karbonozko 60 atomoz osatuta daude.

Ibilgailua egiteko, zortzi urte behar izan dituzte ikertzaileek. Bereziki zaila izan omen da gurpilak xasisari eta ardatzei lotzea. Hala ere, benetan funtzionatzen duela frogatzea izan da zailena. Horretarako, nanoautoa urrezko azal batean ibilarazi dute, eta, STM teknikaren bidez, nola mugitzen den ikusi eta grabatu ahal izan dute.

Argazkia: T. Sasaki/Rice Unibertsitatea