Molekula klorodunak, tropikoko uharteetatik atmosferara
2000/01/25 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Atmosfera ez dago bakarrik oxigenoz, nitrogenoz, karbono dioxidoz eta urez osatuta, testu liburuetan azaltzen den bezala. Beste molekula asko dago, nahiz eta kontzentrazio txikietan banatu. Horien artean kloroa eta fluorra dutenak ere aurki daitezke. Ozono geruzaren murrizketa dela eta ikasi genuen hori duela urte batzuk. Nondik sortzen dira molekula horiek?
Azkenaldian ikusi da gizakion produkzioak CFC izeneko molekulak sortzen dituela eta horietako bakoitzak 100.000 ozono molekula inguru suntsitu ditzakeela. CFC-en iturri nagusienak aerosolak, propulsatzaileak, zenbait disolbatzaile, hozkarriak eta apar sortzaileak izan dira, den-denak gizakiak sortuak. Hori guztia egia da eta ozonoaren geruzaren murrizketa ikusita, CFC-en erabilerari gehiago ez eusteko hitzarmenak hartu ziren. Baina molekula mota hauek naturan ere badaude.
Kloroaren iturri nagusia
Atmosferan aurki daitezkeenen arteko molekula klorodunik ugariena cloro metanoa da (CH 3 Cl). Hori da, beraz, kloro atomoen iturri nagusiena estratosferan. Batez beste urte eta erdiko bizitza kalkulatu zaio molekula horri atmosferan, ozonoarekin ez ezik beste substantzia batzuekin ere erreakzionatzen baitu. Jakina da ozeanoek eta itsasoek molekula horren kopuru handiak igotzen dituztela. Hain zuzen ere, iturri natural nagusitzat hartzen zen itsasoen igorpena. Bestalde, biomasaren erreketa ere kontuan hartzekoa zen. Baina ikerketak egin ondoren ulertu da bi iturri hauek ez dutela kloro metanoaren kopuru osoa azaltzen eta iturri berriak bilatzen hasi ziren.
Aste honetako Nature aldizkari espezializatuak bilaketa horren emaitza argitaratu du. Ikerketa hori talde japoniar batekoek burutu dute Kanadako beste batekoekin elkarlanean. Laborategiak ere toki ezin hobeagoetan daude kokatuta: Okinawa uharte tropikala eta ia Ipar poloan dagoen Alert herrian. Japonia eta Kanada arteko joan-etorrian etengabe zebilen itsasontzi batek Lurrarren latitudean bi gradu mugitzen zen bakoitzeko laginak hartzen zituen. 1996ko uztailetik 1998ko abendura arte egin ziren neurketak. Horrela, urtaroaren aldaketaren eragina ere aztertua izan da. Aurkitu da molekula horren kontzentrazioak, udazkenetan beherakada txikiak izaten dituela eta gorakadak udaberrietan.
Tropikoaren latitudeetan kloro metanoaren kontzentrazioa beste hainbat aldeetan baino handiagoa da. Ikerlarien ustez, aurkitutakoa azaltzeko itsasoko bioamasak igortzen duenaz gain lehorreko iturriez ere pentsatu behar da. Azterketa isolatuak ere egin ziren lehorrean, Java eta Jakarta uharteetan. Kloro metanoaren kontzentrazioa izugarri handia zen. Egurra usteltzean agertzen diren onddoek dira horren iturri. Zientzialariek diotenez, kostaldeko landareetan barnealdekoetan baino handiagoa da.
Aldagai asko duen sistema
Onartu behar da, beraz, atmosferako klorodun molekulak naturalki ere igortzen direla. Kloro metanoa, behintzat, bai. Zientzialariak beste azterketa mota batzuk egiteko zain daude, adibidez, klimatologiaren eragina. Gainera, ez dira ezagunak atmosferaren substantzien garraioa nolako prozesuen bitartez gertatzen diren eta horrek ikerketa luzea eskatzen du. Emaitzak, oraingoz, latitude guztietara zabaldu dira, baina baldintza hain ezberdinak izanda, parekoak izango al dira beste lurraldeetan? Europan, adibidez? Gogoratu behar da neurriak Kanada eta Japoniaren arteko zonan jaso direla.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia