}

Moluskuen sexua poluzioaren adierazle

2008/12/01 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Azken urteetan, itsasontzietako pinturetan oso erabilia izan den substantzia batek, TBTak, kalteak eragiten ditu itsasoko bizidunetan. Horregatik, gaur egun, Europan galarazita dago substantzia hori. AZTI-Tecnalia zentro teknologikoko ikertzaileek Gipuzkoako kostaldean TBTaren eragina nolako den jakin nahi izan dute, eta, horretarako, molusku batzuen sexuari erreparatu diote.
Moluskuen sexua poluzioaren adierazle
2008/12/01 | Etxebeste Aduriz, Egoitz | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: infomatique/Creative Commons/Aitortu eta partekatu baimen beraren arabera)

Gainazal egonkorrak oso preziatuak dira itsasoan, batez ere, sakonera txikian badaude. Jarri gainazal bat itsasoan --adreilu bat, esaterako--, eta denbora gutxiren buruan ekosistema oso bat izango duzu: mikroorganismoak, algak, briozooak, zirripedoak, poliketoak...

Horixe gertatzen da, neurririk hartu ezean, itsasontzien kroskoetan ere. Baina itsasontziaren jabeari ez zaio interesatzen kroskoan ekosistemarik izatea; ez horixe. Batetik, materialari ez diolako onik egiten; eta, bestetik, fauna eta flora hori guztia garraiatzeak nabarmen handitzen duelako marruskadura, eta horrek erregai gehiago kontsumitzea ekarriko duelako.

Hori dela eta, pintura bereziak erabiltzen dira itsasontzien azpiak garbi eta leun mantentzeko. Pintura horiek biozidak izan ohi dituzte, izaki bizidunak hiltzeko gai toxikoak. Bada, azken hamarkadetan itsasontzietarako pinturetan gehien erabili den biozida eztainu tributiloa edo TBTa da.

Kroskoetatik haratago

Arazoa da, ordea, TBTaren eragina ez dela ontziaren kroskora mugatzen. Ondorioak nahi baino zabalagoak izan daitezke. Hain zuzen ere, bibalbo-haztegietan eta itsasoko ekosistemetan TBTak eragiten dituen kalteak direla eta, 1980ko hamarkadatik aurrera, hainbat herrialdetan, substantzia horren erabilera mugatuz joan dira pixkanaka; eta 2008ko urtarrilaren 1az geroztik galarazita dago Europan.

Nassarius reticulatus eta Nassarius nitidus gasteropodoen Gipuzkoako populazioetan neurtu dute imposex -maila. Argazkian, lehenengo espeziea.
AZTI-Tecnalia

Baina horrelako substantziak ez dira gauetik goizera desagertzen, ezta substantzia horiek ingurumenean izan dezaketen eragina ere, jakina. AZTI-Tecnaliak azterketa bat egin du Gipuzkoako egoera gaur egun nolakoa den jakiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza eta Jakintzaren Gizartea Departamentuak eta Eusko Jaurlaritzako Uren Zuzendaritzak finantzatuta.

Badaude aurrekariak. Gipuzkoan, TBTak eragindako poluzioari buruzko lehenengo ikerketa Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Aplikatua Departamentuko Esmeralda Millán irakaslearen taldeak egin zuen, 2000. urtean. Ikerketa horretan, TBT-kontzentrazio oso handiak topatu zituzten Gipuzkoako estuario batzuetako sedimentuetan.

Ikerketa hori oinarri hartuta, poluzio horren eboluzioa nolakoa izan den jakin nahi izan dute AZTI-Tecnaliako ikertzaileek. Eta emaitza berriek erakutsi dute sedimentuetako TBT-kontzentrazioa txikitu egin dela, oro har, 2000ko datuekin alderatuta. Hala ere, ikertzaileen arabera, gaur egungo maila oraindik ere ingurumenean eragiteko modukoa da.

Emeak ar

Ingurumenean duen eragina aztertzeko, sedimentuetako TBT-poluzioa neurtzeaz gain, izaki biomonitoreak ere erabili dituzte AZTI-Tecnaliakoek. Bi gasteropodo-espezietan imposex -maila neurtu dute; hau da, gasteropodo emeetan arren ezaugarri anatomikorik agertzen den begiratu dute.

Blakeman S. Smith ikertzaileak (Rochester-ko Unibertsitatea, AEB) aurkitu zuen 1971n fenomeno hori: gasteropodo eme batzuek zakila eta hodi deferentea garatzen zituztela ikusi zuen; eta hark eman zion imposex izena fenomeno horri. Gerora, hainbat ikertzailek ikusi dute emeetan gertatzen den anormaltasun hori TBTak eragiten duela, hain zuzen ere. Horregatik, gaur egun, hainbat erakundek eta nazioarteko hitzarmenek gomendatzen dute TBTak eragindako poluzioa aztertzean imposex fenomenoa ebaluatzea.

TBTarekin poluitutako uretako Nassarius reticulatus gasteropodo eme honek zakila garatuta du.
AZTI-Tecnalia

AZTI-Tecnaliakoek Nassarius reticulatus eta Nassarius nitidus gasteropodoen Gipuzkoako populazioetan neurtu dute imposex -maila, eta maila altuena Lezo inguruan aurkitu dute, Oiartzun ibaiaren estuarioan. Eremu horretan aztertutako eme guztiek zakila eta hodi deferentea oso garatuta zituzten. Aitzitik, itsas trafikotik urrun dauden eremuetako emeetan ez dute imposex -aztarnarik topatu.

Azterketarekin jarraitzeko, gaur egun ingurunean dagoen TBTak zer bioerabilgarritasun duen neurtu nahi izan dute; hau da, substantzia hori zenbateraino den eskuragarri bizidunentzat, edo zenbateraino asimilatzen duten. Horretarako, imposex -ik gabeko eremuetako gasteropodoak hartu, eta Pasaiako portuan sartu zituzten 75 egunez. Esperimentu horrek nabarmen utzi zuen TBTaren eragina: 75 egun horietan, emeen % 39k zakila edo hodi deferentea garatu zuten.

Bestalde, ikertzaileen esanean, argi gelditu da gasteropodo horiek biomonitore gisa erabiltzea eraginkorra dela TBTaren bioerabilgarritasuna ebaluatzeko. Hala, prozedura hori oso baliagarria izango da Europak jarritako debekuaren eraginez itsas inguruneak izan beharko lukeen hobekuntzaren jarraipena egiteko. Datozen urteetan, arriskugunetan jarraipena eginez egiaztatu ahal izango da hobekuntza hori.

Etxebeste Aduriz, Egoitz
3
248
2008
12
035
Ingurumena; Biologia
Artikulua
50

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia