MPLS teknologia: etorkizuneko telekomunikazio-sarea
2014/03/01 Antoñana Abalos, Inaxio - Ingeniaria Iturria: Elhuyar aldizkaria
IP sareak 1970eko hamarkadan hasi ziren eraikitzen, ordenagailuen artean informazioa trukatzeko, eta, harrezkero, nabarmen bilakatu dira, gaur egun Internet moduko sare erraldoiak eratu arte. Nahiz eta hastapenetan datuak soilik garraiatzen zituzten, IP sare modernoak gai dira ahots-deiak eta bideoa ere maneiatzeko.
IP sare baten nodoak bideratzaileak edo routerrak dira; informazioa bidaltzeko eta bidalketak kontrolatzeko, TCP/IP protokolo-multzoa erabiltzen da. Laburduraren atzean esanahi hau dago: Transport Control Protocol/ Internet Protocol , garraiorako kontrolaren protokoloa/Internet protokoloa, alegia. IP protokoloa OSI ereduaren hirugarren mailan --sare-mailan-- kokatzen da, eta TCP laugarren mailan --garraio-mailan--. Sarera konektaturik dagoen nodo batek beste nodo bati informazioa bidali behar dionean, bitak paketetan --edo datagramatan-- antolatzen ditu bideratzaileak. Pakete batek bi bit-sekuentzia nagusi ditu: baliozko datuak eta goiburua. Izan ere, baliozko datuak transmititzen hasi baino lehen, goiburua ere jartzen da, sarean zehar paketearen bidaia kontrolatzeko balioko duena. Goiburuak hainbat bit esanguratsu ditu: protokoloaren bertsioa --IPV4/IPV6--, erroreak kontrolatzeko bitak, hartzailearen helbidea, igorlearen helbidea eta abar.
Muturreko ordenagailuak, edo bestelako dispositibo batek, pakete bat igorriko dio sareko lehenengo bideratzaileari. Horrek datagramaren goiburua aztertuko du, hartzailearen helbidea zein den ikusteko. Ondorioz, konektaturik dituen esteketako batetik edo bestetik birbidaliko dio hurrengo bideratzaileari, eta, modu horretan, paketea bere helmugara ailegatuko da.
Goiburuko "erroreak kontrolatzeko bitak" ere aztertuko ditu bideratzaileak, eta, transmisioan akatsen bat aurkituz gero, jatorrizko ekipoari birbidaltzeko eskatuko dio. Batzuetan, paketeak azkarregi etortzen zaizkie bideratzaileei, eta ezin dituzte maneiatu: buxadurak agertzen dira. Egoera horietan, paketeak deuseztatzen dituzte bideratzaileek.
Datagramak, normalean, ordenaturik iristen dira helmugara, baina, batzuetan, sareko bide desberdinak egiten dituztenez, desordenan iristen dira. Orduan, helmugako ekipoak ordenatu egin behar ditu. Ahots-deiak edo bideoak transmititzean, ostera, ezin da datagramen ordena aldatu, ezta birbidalketak egin ere.
Transmisioaren kalitatea bermatzeko, QoS mekanismoa ( Quality of Service , zerbitzuaren kalitatea) erabiltzen da. Mekanismo horren arabera, paketeak hainbat kategoriatan sailkatzen dira: ahotsa, bideoa eta datuak. Bideratzaileek paketearen QoSari begiratuko diote, eta horren araberako lehentasuna emango diote, pakete jakin hori birbidaltzerakoan eta deuseztatzerakoan; ahots- eta bideo-paketeek lehentasun handiagoa dute datu-paketeek baino, irudiek eta soinuek ez baitute atzerapenik onartzen transmisioan.
TCP/IP mailen gainean beste protokolo asko erabiltzen dira IP sarean. Interneten nabigatzen duen edonorentzat oso ezagunak dira honako protokolo hauek: HTTP, HTTPS, FTP, SMTP, POP3 eta IMAP. Lehenengo biak Interneten nabigatzeko erabiltzen dira; hirugarrena, fitxategiak Internet bidez garraiatzeko eta trukatzeko; eta azken hirurak, posta elektronikorako.
Duela urte gutxi arte, enpresen sareak --sare lokalak, hirikoak eta hedadura zabalekoak-- eta Internet sarea eratzeko erabili dira IP sareak.
Azken urteotan, ordea, garraio-sare tradizionalen betebeharra ere asetzen ari dira sare horiek, eta zirkuitu dedikatuak eratu ditzakete, edozein trafiko-mota puntu batetik beste batera era seguruan garraiatzeko: ahotsa, datuak eta bideoak. Hain zuzen ere, ohiko IP sareak eraldatu egin dira, eta NGN sare bihurtu dira ( Next Generation Network , hurrengo belaunaldiko sarea). Sare horiek MPLS ( Multiprotocol Label Switching , protokolo anitzeko etiketa-kommutazioa) mekanismoa edo teknologia erabiltzen dute; horregatik, MPLS sare ere deitzen zaie. Sare-mailaren eta lotura-mailaren artean kokatzen dira OSI ereduan. Datagramak garraiatzeko, bi teknika nagusiz baliatzen dira MPLS sare horiek: etiketak eta trafiko-klasea (CoS: Class of Service , zerbitzuaren klasea); alde batetik, paketearen goiburuan, hartzailearen helbidea jarri ondoren, etiketa berri bat gehitzen da, beste bit-sekuentzia bat, alegia; bestetik, zerbitzuaren kalitatearen arabera, lehentasuna ematen zaie pakete batzuei beste pakete batzuen aurrean, transmisioaren kalitatea bermatzeko.
Sareko bideratzaileek, oraingoan, ez diote paketearen helburu-helbideari begiratuko, baizik eta etiketaren zenbakiari. Horrela, paketeen kommutazioa askoz ere azkarrago egiten da bideratzailearen barruan, ekipoak berehala kalkulatzen baitu paketeak zein estekatan birbidali behar dituen. Etiketei esker, zirkuitu dedikatuak sortu ahal dira. Azpimarratu behar da zirkuitu horiek ez direla fisikoak, birtualak baizik. Zirkuitu dedikatu birtual horiek, beren muturretan, Ethernet interfazeak eskain ditzakete, eta VLL zirkuituak sortu ( Virtual Leased Line , linea alokatu birtualak).
Logistika-enpresa batekin paralelismoa egin dezakegu, kontzeptu hori argitzeko: batetik, errepide-sarea dago, eta, bestetik, enpresaren garraio-lineak daude, bata besteetatik independenteak direnak. Zama-kamioiek, informazio-paketeek bezala, bidaiak egiten dituzte, bata bestearen atzetik helburura ailegatu arte, fisikoki existitzen ez diren linea birtualak sortuz.
Sareek IP mundurantz egiten ari diren migrazioak aldaketa sakonak eragiten dizkio telekomunikazio-arloari, eta hurrengo urteetako erronka nagusietako bat izango da telekomunikazio-enpresetarako. Operadore gehienak, gaur egun, beren azpiegiturak eraldatzen ari dira, MPLS teknologiaren onurak eskuratzeko asmoz.
Bibliografia
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia