}

Mugikorrekin intimitate askorik ez

2009/12/20 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Telefono mugikorrak, gaur egun, dokumentuak idatzi, informazioa kontsultatu edo mezu elektronikoak bidaltzeko aukera ematen duten ordenagailu txikiak bihurtu dira, erabiltzailea dagoen tokian dagoela ere. Zalantzarik gabe, telefono mugikorren funtzioak biderkatzen ari dira etengabe. Horrenbestez, oharkabean, gero eta informazio gehiago maneiatzen du mugikorretan erabiltzaileak.
O. Lakar

Telefono mugikorrak ezinbesteko tresna dira askoren bizitzan. Horiek gabe badirudi ezin dugula bizi, eta gero eta konfiantza handiagoa dugu horietan. Baina segurua al da mugikorretan gordetzen dugun informazio guztia? Zer gertatzen da mugikorra galtzen badugu edo lapurtzen badigute?

Segur aski, izango duzu ezezagunekin partekatzerik nahi ez duzun informaziorik. Esaterako, gerta liteke telefono mugikorrean mezu pertsonalak izatea, eta inork irakurtzerik nahi ez izatea. Tira, bada, ahaztu horretaz mugikorra galtzen baduzu edo lapurtzen badizute. Bai, bederen, zure mugikor hori mugikorren tripak irakurtzeko gai diren adituen eskuetara iristen bada. Izan ere, telefono mugikorren SIM txartelean gordeta gelditzen da informazio guztia. Beraz, mugikorraren erabiltzaileak zenbait mezu eta informazio ahaztuta izan eta begiz ikusi ez arren, mugikorrean gorde den informazio guztiak ondo asko gordeta jarraitzen du aparatu txiki horretan. Maiz, erabiltzailea ez da horren jakitun. Mugikorren tripak irakurtzen dituzten adituek, ordea, ondo asko ikasia dute hori guztia; eta mugikorrean dagoen informazio guztia eta gehiago erauzi eta bistaratu dezakete ordenagailu baten pantailan, erabiltzailea harritzeraino.

Sekreturik ez

Mugikorra galtzen baduzu edo lapurtzen badizute, eta zure mugikor hori mugikorren tripak irakurtzeko gai diren adituen eskuetara iristen bada, akabo!
Artxibokoa

Mugikorretako mezuak gutxienekoa direla esan liteke, Newscientist aldizkarian argitaratutako artikulu batean ageri denez. Izan ere, mezu horietan konta daitekeena ez ezik, litekeena da, esate baterako, mugikorraren erabiltzailea nondik nora ibili den ere agerian gelditzea, betiere telefono mugikorraren funtzioen eta teknologiaren arabera, noski. Duela hamarkada batzuk, mugikorrek mezuak idazteko aukera eta agenda besterik ez zuten. Gaur egun, berriz, GPSa, WiFia eta mugimendu-sentsoreak dituzte zenbaitek; eta horrek guztiak aurrera jarraitzen du. Mugikorren hurrengo belaunaldia gai izango da, besteak beste, erabiltzailearen osasuna zaintzeko, dirua gordetzeko eta transakzio txikiak egiteko. Asian dagoeneko badituzte horrelakoak.

Telefono mugikorren SIM txartelean gordeta gelditzen da informazio guztia.

Bitxia da Newscientist aldizkarian kontatzen duten kasua. SIM txartelean gordetako mezuez gain, erabiltzailearen informazio pertsonalizatua eta zehatza erauzi dute mugikor batek zuen Sports Tracker aplikaziotik. Aplikazio hori gai da denboran zehar erabiltzailearen kirol-errendimendua neurtzeko. Eta, hain zuzen, erabiltzeak aplikazio hori erabiltzen zuen egunero lanera bizikletaz zenbateraino azkar joaten zen jakiteko. Izan ere, aplikazio horrek ibilbidearen distantzia, abiadura, erretako kaloriak eta abar neurtzen ditu. Baina mugikorra adituen eskuetara iritsi zenean, eta adituek datu horiek guztiak Google Maps eta Google Street View aplikazioetan sartu zituztenean, haren lantokiaren argazkia ikusi zuten, eta jakin ahal izan zuten zer ordutan irteten zen etxetik, zer ordutan iristen zen eta hamaika datu gehiago. Mugikor horren erabiltzailearen nondik norako asko jakin zituzten, alegia.

Horren harira, Latitud izeneko softwarea kaleratu zuen Googlek otsailean. Software horrek mugikorraren erabiltzailearen kokapenaren berri ematen die beste pertsona batzuei; tartean ezezagunei, noski. Gaizkileentzat, lagun jeloskorrentzat eta abarrentzat opari paregabea izan liteke. Ez, ordea, erabiltzailearentzat. Non dago norberaren intimitatearen muga? Zuhur jokatu.

7k-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia