MUGIMENDUAREN ILUSIOA
2020/05/04 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Zinemak nolabaiteko magia dauka. Hala esaten da. Zinemaren magia hori, gutxienez, bi kontutan dago: Bata istorio baten kontakizunean, noski, eta bestea alde teknikoan bertan. Zergatik ikusten ditugu irudiak, mugimendua alegia, baldin badakigu argazki fijoak direla bata bestearen atzean? Telebistak ere horrela funtzionatzen du. Eta bideo guztiek. Esan behar da zinemaren historian hasieratik ikertu dela nola gertatzen den magia hori, alegia, nola den posible argazkien segida bat jasotzea begietatik eta guk mugimendua ikustea irudi horietan.
Hain zuzen ere, bada istorio bat horrekin lotuta, pelikula batean bertan ederki kontatu daitekeen istorio bat.
Proba egin. Bilatu ezazu interneten nola gertatzen den magia hori eta toki askotan azalduko dizute gure begiaren erretinak irudi bat gordetzen duela segundo baten hamarren batez (hau da 10 irudi segundoko), eta irudi bakoitzak han irauten duela hurrengo irudi batek haren lekua hartzen duen arte. Eta azalpenaren bukaera da, irudi horien nahasketak ematen digula aukera mugimendua ikusteko berez estatikoak diren argazki batzuetatik abiatuta.
Oso azalpen polita da baina guztiz okerra, eta hor dago istorio honen magia. Azalpen horrek sorgindu egin gintuen, gustatu zitzaigun eta ontzat eman genuen urtetan, baina ez da zuzena. Ontzat eman genuen, azalpen okerra zela frogatu ondoren ere. Erretinak ez ditu irudiak gordetzen segundo baten hamarren batez. Gainera, erretinari buruz hitz egin dugu azalpen horretan, baina ez dugu garuna aipatu. Eta garunak egiten du lan gehiena. Magia garunean eta nerbio optikoan gertatzen da.
Bego Vicarioarekin ikasi nuen hau, bera animatzailea da, Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako irakaslea eta asko miresten dudan norbait. Berak kontatzen zidan gure garunak funtzionatzen duela, ez irudi osoak etengabe jasotzen, baizik eta irudi batetik besterako aldaketei antzematen.
Antzerako zerbait egiten du H264 kodeak gure ohiko bideoetan interneten. Irudi osoak bata bestearen segidan gorde beharrean, irudi batetik bestera dagoen aldaketa kodetzen du; eta gure player-ak interpretatu egiten du aldaketa horren segida pelikula bat sortuz. Bada, garunak antzeko gauza bat egiten du. Askoz konplikatuagoa da, harrapatzen dugun irudia neuronek prozesatzen dutelako, adimen naturalaren bidez tratatzen dugulako, baina oinarrian, hori da gertatzen dena. Hori da magia. Zinemaren magia.
Zer ikasi dudan horrekin guztiarekin? Bada, teoria baten edertasunak ez diola zuzentasuna ematen teoriari. Polita izango da, baina okerra ere izan daiteke, nahiz eta gu liluratuta egon azalpenarekin. Askotan gertatzen zaigu gauza bera. Ez dakit hori magia den ala ez.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia