}

Mukiz babestutako lo sakona

2010/11/18 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Harrigarriak dira koralezko arrezifeetan bizi diren zenbait arrainek defentsarako erabiltzen dituzten taktikak. Loro-arrainena (Clorurus sordidus) dugu horren adibide: gauez, lo egiteko tokia aukeratu ostean, muki likatsu bat jariatzen du arrain horrek, eta, harekin bere gorputz osoa inguratzen du gero, babesteko.

Ordubete inguru ematen du bere mukiarekin estalki hori eratzen. Dena den, egunean xahutzen duen energia guztiaren % 2 baino ez du baliatzen horretan, eta defentsarako taktika eraginkorra da.

Queensland-eko Unibertsitateko ikertzaileek ikusi dute arrainen ezkatak hozkatu eta haien odola xurgatzen duten krustazeo txiki batzuen erasotik babesteko baliagarria dela. Berriki egindako esperimentu batean, bultzada leunen bitartez loro-arrainak, esnatu gabe, haien estalkitik kanporatzea lortu zuten. Lau ordu pasatxo egin zituzten babesik gabe lo egiten, eta arrain haien % 95ek krustazeoen erasoak jasan zituzten; mukiz babestuta zeudenen artean, berriz, % 10ek baino ez.

Irudia: A. Grutter/Queensland-eko Unibertsitatea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia