}

Mundu oso bat kontserbatzeko

2011/09/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Mundu oso bat kontserbatzeko
2011/09/01 | Roa Zubia, Guillermo | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

 

Iritegiko kobaren sarrerako atea. Arg.: Jesus Roa.

Iritegiko koba Oñatitik gertu dago, Gipuzkoan. Kobaren sarreran, Ibon Aranberri eskultorearen artelan bat dago, altzairuzko ate handi bat. Eskultura egin baino lehen, baimena eskatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundian; baimena lortu, eta altzairuzko atea egin eta instalatu zuen. Handik hilabete batzuetara, Oñatiko Natur Taldekoek esan zioten Iritegiko koba garrantzitsua dela saguzar-kolonia bat dagoelako barruan. Eta, orduan, Aranberrik EHUko zoologoengana jo zuen.

 

Hain zuzen ere, Joxerra Aihartza da saguzarrak ikertzen dituen EHUko taldearen burua. "Eskulturaren berri izan genuen Aranberri bera etorri zelako. Galdetu nahi zigun ea kalterik ekar zezakeen" gogoratzen du. "Noski, horrelako instalazio batek sekulako inpaktua du. Zorionez, batetik, koba honek bi sarrera ditu, eta, bestetik, Aranberrik bere diseinuan zulo bat aurreikusi zuen, goialdean. Eta ez dakigu zergatik, beste sarrerarengatik edo eskulturaren zuloarengatik, uste dugu ateak ez diola kalte egin koloniari. Baina txiripa hutsa izan zen".

Iritegiko kobazuloaren kasua saguzarraren babesak izan duen "utzikeriaren" adibide bat da. Kasu guztietan ez da horrelakorik gertatzen. Munduko hainbat tokitan, ederki babesten dira koloniak; beste hainbatetan, ez. Nolanahi ere, badago kezka bat saguzarraren kontserbazioarekin, eta horregatik izendatu dituzte 2011 eta 2012 Saguzarraren Nazioarteko Urtea, kontserbazioaren aldeko ahalegin bereziak egiteko.

Polinizatzaileak

© iStockphoto.com/Milehigh traveler

"Babestu egin behar ditugu, biodibertsitatearen zati garrantzitsua direlako" dio Paul Racey Aberdeengo Unibertsitateko irakasle emeritu eta saguzarraren ikertzaile ospetsuenetako batek. "Nire herrialdean, Erresuma Batuan, saguzar-espezieen kopurua beste edozein ugaztun-espezierena baino handiagoa da. 18 saguzar-espezie daude. Beraz, saguzarraren taldeak espezie gehiago ditu saguenak, oreinenak edo beste edozein animaliarenak baino". Gainera, Raceyk dio izurriak kontrolatzen dituztela, eta ikuspuntu ekonomikotik ere justifika daitekeela saguzarrak babesteko ahalegina. "Saguzarrek munduko hainbat tokitan ematen diguten zerbitzu garrantzitsuena polinizazioa da". Asiako hego-ekialdeko ekonomian, Durio generoko landareak polinizatzen ditu, adibidez, eta landare horiek oso garrantzi komertzial handiko frutak ematen dituzte. "Madagaskarren ere garrantzi handia dute; sei baobab-espezie daude han, eta saguzarrek hiru espezie polinizatzen dituzte".

Racey munduko erreferentzia handienetako bat da arlo horretan. Aihartzak berak esaten du: "Raceyren ikerketa-curriculuma izugarria da. Mundu osoan egin du lan saguzarraren kontserbazioan, eta ikuspegi global bat dauka". Horregatik, Raceyk luze hitz egiten du saguzarraren kontserbazioaren gaia aipatzen zaionean. Eta ez da saguzarretara mugatzen. Berbaldiaren erdian, eten bat egin du, eta gehitu du: "utzidazu esaten ez dugula justifikatu behar eboluzionatu duen faunaren existitzeko eskubidea. Animaliek eta landareek guk bezainbesteko eskubidea dute existitzeko. Babestu behar ditugu gure herentzia direlako."

Saguzarraren egoera ez da toki guztietan berdina. Oso talde zabala da, askotarikoa. Munduan 1.300 espezie daude, gutxi gorabehera. Eta ia planeta osoan bizi direnez, asko aldatzen da egoera espezie batetik bestera, eta habitat batetik bestera ere bai.

 

Paul Racey. Nekez egin daiteke saguzarraren ikertzaile nagusien zerrenda bat Paul Racey aipatu gabe. Eta nekez egin daiteke Erresuma Batuko kontserbazionista nagusien zerrenda bat ere Racey aipatu gabe. Hain zuzen ere, BBC Wildlife aldizkariak aukeratu egin zuen zerrenda horretarako. Zoologoa da, eta mundu osoko saguzarrak ikertu ditu; lan garrantzitsuenak Madagaskarren eta, jakina, Erresuma Batuan egin ditu. Aberdeeengo Unibertsitatearen titulu historiko bat izan du: Historia Naturalaren arloko Regius Professor da (Erresuma Batuko unibertsitate tradizional gutxi batzuek eslei dezaketen postu berezi bat, pertsona bakar batek izaten duen titulu bat alegia). 2009an erretiratu zen, eta gaur egun Kornuallesen ari da lanean, Falmouth-en, Exeterko Unibertsitateko jendearekin. Arg.: Paul Raceyk utzita.

Beste animalia askorekin gertatzen dena saguzarrekin ere gertatzen da. Gizakiaren jarduera dute mehatxu handia; habitaten suntsipenean dago hainbat populazioren gainbeheraren arrazoietako bat, babeslekuen desagerpena hain zuzen ere. "Saguzarraren kontserbazioak habitataren kontserbazioa ekartzen du" dio Aihartzak. "Guardasol-espezie gisa funtzionatzen dute. Saguzar bat baso batean kontserbatzeko, adibidez, bertako artropodo-komunitate osoa babestu behar duzu. Aniztasun osoa. Eta landareak eta abar."

 

Hala ere, arazoa ez da habitatarena bakarrik. Kontserbazionistek duten erronka handiena da saguzarrak babestea janari tradizionala diren tokietan. Raceyk bertatik bertara ezagutzen ditu adibideak: "Herri horietako askotan izan naiz. Nik hoberen ezagutzen dudana Madagaskar da. Han ez dago debekatuta saguzarrak harrapatzea. Umatze-garaian bai, ilegala da, baina ez dago inongo kontrolik debeku horren gainean. Eta janari tradizionala da hainbat tributan. Arazo handia da, saguzarrak ez direlako saguak bezala umatzen. Oro har, saguzarrek kume bakarra izaten dute urtean, eta, beraz, ezin dituzu ale asko harrapatu populazioak behera egin gabe". Asian ere arazo handia da hori.

Irudi txarra, irudi ona

Nazioarteko urtearen antolatzaileek, EUROBATS erakundeak eta UNEPeko espezie migratzaileen konbentzioak alegia, beste faktore bat ere nabarmendu dute: saguzarraren aurkako aurreiritzia.

"Mendebaldeko herrietan badago saguzarraren aurkako halako jarrera bat" dio Raceyk, baina, alde horretatik, oso baikorra da, jarrera horrek eboluzionatu egin duelako azken hamarkadetan. "Lan handia egin da publikoaren ikuspegia aldatzeko. Ni saguzarrekin lanean hasi nintzenean, jendeak telefonoz deitzen zidan etxeetan edo elizetan saguzarrak zituztela esateko. 'Haietaz libratu nahi dut', esaten zidaten. Orain, deitzen didatenean, esaten didate: 'Badakit babestuta daudela, eta ez diet kalterik egin nahi, baina kezkatuta nago habia bat egingo ote duten, edo kableei kosk egingo ote dioten'. Noski, azaldu behar diet saguzarrek ez dutela habiarik egiten eta ez dietela kableei kosk egiten, ez baitituzte karraskariek bezalako hortzak. Baina aldaketa sakon bat izan da saguzarraren pertzepzio publikoan; oso positiboa izan da hemen, Europan".

EUROBATS erakundea arduratu da lan horretaz. Gobernu askoren arteko hitzarmen batek sortu zuen erakundea. Hitzarmena Europako gobernu gehienek sinatu dute, eta ez haiek bakarrik, baizik eta Europako saguzar migratzaileak bizi diren beste herrietako gobernuek ere. Adibidez, Afrikako iparraldeko herriek. Frantziaren hegoaldean edo Euskal Herrian bizi diren saguzar askok hara migratzen dute. Eta herri horiek ere sartuta daude EUROBATS erakundean.

Ekialdean, egoera askoz txarragoa da. Muturreko kasu baten adibidetzat India aipatzen du Raceyk. "Han, saguzar frutajale handienetako batzuek irudi txarra dute, salerosketarako fruta jaten dutelako. Frutajaleetan 13 espezie daude, baina gehienak basoko espezieak dira, eta ez dira inoiz fruta komertziala dagoen tokietara hurbiltzen. Eta, hala eta guztiz ere, Indian saguzar guztiak daude basapiztien taldean sailkatuta. Legez, gainera. Nola demontre babestu daiteke basapizti moduan sailkatua dagoen animalia bat?".

Hegoaldeko belarrihandi grisa, Plecotus austriacus . Arg.: © Eric Isselée/123RF

Eta hain muturreko kasuak izan gabe, Raceyk nabarmentzen du toki askotan pertzepzio txarrak ez duela kontserbazioan laguntzen: "Afrikan, Hegoafrikan izan ezik, ez dago kontserbazioaz arduratzen den erakunderik, eta estatuek ez dute saguzarretan interesik. Ez dago kontserbaziorako erakunderik antzinako Sobietar Batasuneko herrietan; zerbaitetan hasi dira Errusian, baina besteetan ez dago ezer. Mongolian ere hasi ginen lanean, eta uste dut itxaropen-zantzu bat badagoela. Txinan ere ez dago ezer; oso egoera txarra dute".

Txinako kasua, gainera, azpimarratzekoa da, hango tradizioak aldeko jarrera izan baitu saguzarrekin. "Saguzarra zorioneko animaliatzat hartzen dute" dio Aihartzak. "Han, badute sinbolo bat, Wu Fu sinboloa, bost zorionak adierazteko: boterea, osasuna, bizitza luzea, maitasuna eta bertutea" dio Aihartzak. "Eta bost saguzarrekin irudikatzen dituzte. Hain zuzen ere, Bat Conservation International erakundeak anagramatzat hartu zuen sinboloa.

Eta Aihartzak dio Txina ez dela aldeko tradizioa dutenen adibide bakarra. "Australian azeri hegalariak daude, saguzar frutajale handiak. Han eroritako edo amarik gabe geratu den kume bat aurkitzen dutenean, jendeak bere burua eskaintzen du animalia hori hazteko adin bat izan arte, eta gero askatzeko. Umeentzat babysitter -ak dauden bezala, saguzarrarentzat batsitter -ak daude. Saguzar frutajaleek jendearen samurkeria pizten dute oso begi handiak dituztelako. Oso espresiboak dira, eta, gainera, fruta jaten dutenez, oso erraza da haiek bazkatzea".

Joxerra Aihartza. Saguzarraren ikerketarako euskal erreferentzia da Joxerra Aihartza. EHUko zoologoa da, eta saguzarrekin lanean bakarka hasi bazen ere, jendea erakarri, eta talde handi bat ari da osatzen animalia horien ikerketaren inguruan. Nabarmentzekoa da Euskal Herriko saguzar-koloniekin egin duen lan handia, baina Aihartzaren lana ez da Euskal Herrira mugatzen, hainbat tokitako talderekin ari baita lanean. Valentzia inguruko saguzar arrainjalea izan da Aihartzaren ikergaietako bat, esate baterako, eta Europako ekialdean ere egiten ditu lanak; Georgian, adibidez. Arg.: Guillermo Roa.

Perez saguzarra

Euskal tradizioa bera saguzarraren aldekoa izan da, nekazari-munduarena behintzat. "Arratian, esate baterako, eta gauza bera da Nafarroako hainbat lekutan, ume batek hortz bat galtzen duenean ez zaio Perez sagutxoari ematen, baizik eta saguzarrei botatzen zaie. Etxeko teilatura botatzen da gauez hortza. Eta badago kantu bat: Saguzarra zaharra, eroaizu hagin zaharra, ekarrizu barria, saguzar barregarria. Badaude bertsio ezberdinak. Umeek hori kantatzen dute, hortza bota eta sari bat jasotzen dute edo dena delakoa. Horrek adierazten du saguzarra ez dela animalia txartzat hartu".

Aihartza eta taldekoak ikerketarako laginketan ibiltzen zirenean, bertako baserritarrek esaten zieten saguzarrak zaindu egin behar direla. "Ermita batera joan saguzarraren bila, eta esaten ziguten 'Eh! Horiei kalterik ez egin'. Eta guk ezetz, kalterik ez geniela egingo". Saguzarraren gorotzak inoiz gehiegi zikintzen bazuten, baserritarrek ketu egiten zituzten saguzarrak, leku batetik bestera mugiarazteko kea erabilita. "Baina ez edozein ke" dio Aihartzak. "Aitona zahar batek esan zidan belar berdea erretzen zutela, eta lurrun horrek mugiarazten zituela saguzarrak. Ermita baten aterpean, ate aurretik, adibidez, ermitaren atzeko aldera edo aldameneko kortara. Horrek ez die arazorik eragiten. Ketu egiten dituzte, baina inoiz ez kalte egin".

Turismorako amua

Arratoi-belarri bat, Myotis myotis . Arg.: © iStockphoto.com/Zbynek Burival.

Tradizioa aldekoa ala kontrakoa izan, babesteko ahalegin faltak ekartzen du kaltea. Euskal Autonomia Erkidegoan arazo handia da hori. Populazioen jarraipena egin beharko litzateke, inguruko beste toki askotan egiten den bezala. "Iparraldean ere askoz gauza gehiago egiten dira kontserbazioaren alde" azaltzen du Aihartzak. Azken batean, haren ustez, kontserbazioan dirua sartu beharko litzateke, gaur egun sartzen dena baino gehiago.

Eta beste hainbat lekutan garatu dituzten ideiei hel dakieke. "Leku askotan, turismoa erakartzeko erabiltzen dira saguzarrak; zergatik ez?". Munduan dagoen kasurik harrigarriena Austin hiriarena da, Estatu Batuetan. Colorado ibaiaren gaineko zubi baten azpian milioi bat aleko kolonia bat dago, eta mundu osoko jendea joaten da saguzar horiek ikustera.

Beste maila batean, baina Euskal Autonomia Erkidegoan, adibidez, ideia hori ere aplika daiteke, Aihartzaren arabera. "Askotan esan izan dut: zergatik ez dugu ideia hori hemen erabiliko hemengo kobetan? Pozalaguan edo dena delakoan. Saguzar-kolonia bat baldin badaukazu, bideo-kamera bat jarri, ultrasoinuen entzungailu bat, monitore bat ikusteko animaliak nola irteten diren, eta erabili ingurune-heziketa egiteko, baina animaliei kalte egin gabe".

Egia esan, kobazuloetara gerturatzeak zaletasuna piztu du kasu askotan, baita gerora saguzarrak ikertu dituztenengan ere. Aihartzaren taldean bertan daude adibideak. Eta ikerketara egiteraino iritsi baldin badira batzuk, ez dago zalantzarik pertzepzio publikoan eta kontserbazioan ere laguntzen duela animalia horiek bertatik bertara ikusteak.

Saguaren itzala
Tradizioak lotu egin ditu saguak eta saguzarrak. Saguzar izenean islatzen da hori, eta ez euskaraz bakarrik. Inguruko hizkuntzetan ere egiten zaio saguari erreferentzia saguzarraren izenean. Gaztelaniazko murciélago latinetik dator eta sagu itsua esan nahi du ( mus sagua da, eta caeculus itsua). Jatorri bera du portugalerazko morcego hitzak. Frantsesez saguzar chauve-souris esaten da, literalki sagu burusoila. Eta alemanez fledermaus da, jira-biraka hegan egiten duen sagua.
Hala ere, saguzarrak ez dira saguak. Biologoek argi dute hori; sailkapen taxonomikoetan saguena ez den beste adar batean daude. Saguak karraskarien ordenan sailkatuta daude, Rodentia, eta saguzarrak, aldiz, berezko ordena bat osatzen dute sailkapenean, Chiroptera. Are gehiago, saguak bizitza laburreko animaliak dira, hiru bat urtekoak, eta oso azkar ugaltzen dira; saguzarrek, aldiz, bizitza luzea dute --saguzar txiki bat, Pipistrellus bat, 30 urte bizi daiteke--, eta urtean umealdi bakarra izaten dute, oro har. Ez dira saguak bezalako animaliak, ez itsuak, ezta burusoilak ere; baina tradizioak ez du hori guztia kontuan hartu.
Drakula eta Batman
Saguzarraren pertzepzioaren adibide izan dira. "Drakula" eleberria 1897an argitaratu zuen Bram Stoker idazle irlandarrak. Batman komikietako heroia lau hamarkada geroago sortu zuen Bob Kane marrazkilariak, 1939an. Biak dira fikziozko pertsonaiak, arrakastatsuak, eta biek izan dute eragin handia saguzarraren pertzepzio publikoan. Eta, aldi berean, biak dira sortu ziren garaietako pertzepzioaren isla bat, dagoeneko existitzen ziren topikoena. Drakula ekialdeko Europan zabaldu zen mito baten ondorioa da, banpiroen mito fantastikoarena. Eta Batmanek Estatu Batuetako giro hiritarrean saguzarrei buruz zuten ideia islatzen du, ezkutatzen den animalia misteriotsuarena, alegia.
Roa Zubia, Guillermo
3
278
2011
9
019
Zoologia; Ekologia
Artikulua
34

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia