}

Mundu osoan nabaritu da Tonga sumendiaren erupzioaren eragina

2022/01/19 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

mundu-osoan-nabaritu-da-hunga-tonga-sumendiaren-er
Arg. Reuters

Larunbatean Pazifikoaren erdian lehertutako Tonga sumendiaren ondorioak larriak eta, era berean, ikusgarriak izaten ari dira. Zientzialariek, ordea, oraindik gutxi dakite ondorio horien jatorriaz.

Ondorio ikusgarrienetako bat irla bera desagertzea izan da. Zazpi urteko bizitza besterik ez zuen. 2015an sortu zen, urpeko sumendia lehertu eta orduan sortutako laba eta hautsezko hodeiaren ondorioz. Hunga Tonga-Hunga Ha´apai deitu zioten, baina ikertzaileek uste zuten hiruzpalau hilabete besterik ez zuela iraungo ozeanoren indarraren eraginez. Hara non, orain arte mantentzea lortu du, baina leherketa berriak desagerrarazi du, ia erabat.

Duela zazpi urteko jaiotako irla hau ia desagertu da jada ozenoaren azpian. Arg. NASA

Sumendiaren erupzioak ez du izan eragin lokala bakarrik, inondik inora ere. Tsunami bat hedatu zen Pazifikoan, eta olatuek Australia, Zeelanda Berria, Japonia eta Amerikako kosta jo zuten.

Leherketak eragindako presio-uhina ere atmosferatik mundu osora zabaldu zen. Pazifikoko puntu horretatik planeta osoa zeharkatu zuen 1.000 km/h-ko abiaduran, Tonga irletatik hasi eta haien antipodaraino iritsita (Afrikaraino). Izan ere, atmosfera eremu jarraitua denez, mugarik gabea, puntu batean gertatzen den edozer norabide guztietan barreiatzen da. Kasu honetan, haren indarraren eraginez, Aljerian errebote moduko bat egin eta kontrako norantzan zabaldu zen berriz. Hala, mundu osoko barometroek sentitu zuten uhina.

Itsasoan ere mundu osoan nabaritu zen Tongaren leherketak sortutako presioaren eragina. Mediterraneoan metro erdiko igoera somatu zen itsas mailan tarte batez. Meteotsunami bat izan da, baina aire-korronte hotz eta beroen arteko talkak eragindakoa izan beharrean, munduko beste muturrean gertatutako sumendiaren leherketak sustatuta.

Bestelakoa da sumendiak askatutako partikulek eta errauts-hodeiak izango duten eragina. Planeta osoko tenperaturan jaitsiera txiki bat eragin dezaketela adierazi dute hainbat adituk, beste sumendi batzuetan ikusi den bezala. Eragin meteorologikorik, ordea, ez da aurreikusten.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia