Mundu osoko anfibio-populazioen gainbehera dela eta
2002/05/26 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Arazo horien arrazoiak zeintzuk diren jakin nahian, hainbat ikerketa egin ditu zientzia-komunitateak.
Argi eta garbi dago anfibioen populazioak beherakada izugarria izan duela. Espezie asko desagertutzat jotzen dira gaur egun, eta beste espezie askotan gorputz-adarren deformazioa eta hermafroditismoa, esaterako, normalean baino maiztasun handiagoarekin agertzen ari direla ikusi dute zientzialariek.
Gorputz-adarretan deformazioak agertzearen arrazoiak ez dira argitu oraindik. Zientzialari batzuek fenomeno naturala dela dioten arren, beste askok kutsaduraren eraginaren ondorio zuzena direla uste dute. Edozein modutan, arazoa nahiko larria da. Eta hain zuzen, deformazioak izan daitezke anfibioen populazioak gutxitzearen arrazoietako bat, anfibio deformatuek osasuntsuekiko desabantaila izugarria baitaukate. Hala ere, anfibioak ez dira poluzioarekin kontaktuan dauden izaki bizidun bakarrak, eta horietan agertzen dira deformazio-tasa handienak. Zergatik sortzen dira deformazioak anfibioetan?
Prozesu naturalak
Esan bezala, deformazio horien atzean faktore posible asko daude eta, zientzialarien ustez, ezin zaio faktore bakarrari erru guztia bota. Batzuentzat prozesu naturalen ondorio dira eta horren adibide da anfibioek zapaburu-garaian jasaten duten harraparitza: zapaburuek, metamorfosia egiten hasten direnean, beste igel eta arrainen erasoak pairatzen dituzte eta, askotan, garatzeko bidean dauden gorputz-adarrak jaten dizkiete.
Metamorfosiaren lehen faseetan harrapatuz gero, zapaburuek badute gorputz-adar berria sortzeko gaitasuna, baina fase berantiarretan gaitasun hori guztiz galtzen dute eta, erasoen ondorioz, gorputz-adar deformatuak agertzen dira.
Horretaz gain, badaude hanka deformatuak eragiten dituzten trematodo bizkarroiak ere. Trematodoak milimetro eskas batzuk dituzten zizareak dira. Horien bizi-zikloaren fase batean, igelen aldakan bizi dira, eta hanketan deformazioak eragin ditzakete.
Aipatutako bi gertaerak naturalak dira, eta betidanik agertu izan dira igel deformatuak hezeguneetan. Prozesu naturalen teoria bultzatzen duten zientzialarien ustez, orain gutxira arte anfibioei kasu gutxi egin zaie eta ez da anfibioen inguruko azterketa sakonik egin.
Zientzialariak anfibioen garrantziaz konturatzean, azterketak egin eta lehen ezkutuan zeuden anfibio deformatuak ikusten hasi dira. Lehendik ere hor zeuden, baina inor ez omen zen hori baieztatzeaz arduratu.
Hala ere, zientzialari askorentzat azalpen hori arazoa estaltzeko aitzakia besterik ez da. Deformitate kasu batzuk naturalak direla onartu arren, normalean baino askoz kasu gehiago daudela nabarmena omen da. Gainera, azterketa askotan deformazioak pestiziden kontzentrazio altuekin zuzenean erlazionatuta daudela ikusi da.
Pestiziden eragin larriak
Gaur egun erabiltzen diren pestizida gehienak biodegradagarriak dira eta ingurumenari ia gaitzik ez diotela egiten esaten da. Hala ere, askotan ez da jakiten pestiziden osagai guztiak zeintzuk diren, horietako batzuk markaren osagai sekretua direlako, eta, beraz, merkataritzako sekretua. Hori dela eta, ezin da ziur jakin zein substantzia diren eta nolako eragina izan dezaketen ingurumenean.
Horretaz gain, pestizidetatik eratorritako substantziak ere kontuan hartu beharrekoak dira. Pestizida biodegradatzeko prozesuan, molekulek eraldaketa kimiko ugari jasaten dituzte eta, zientzialari batzuen ustez, bitarte horretan sortzen diren molekulak pestizida bera baino arriskutsuagoak izan daitezke.
Eta zein erlazio dago pestiziden eta anfibio deformatuen artean? Aipatutako substantzia horietatik askok hormonak sortu eta kontrolatzen dituen sistema endokrinoan eragiten dute. Izan ere, hormonen antzeko itxura dute, baina ez dute hormonen funtzioa betetzeko gaitasunik.
Ondorioz, behin organismoa engainatu eta sartuz gero, arazo ugari besterik ez dute sortzen, besteak beste, gorputz-adarren deformazioak. Arazoa uste baino larriagoa izan daiteke, anfibioek ia bizitza osoa uretan igarotzen dutelako eta, beraz, etengabeko kontaktua dutelako uretan disolbatutako substantzia kimikoekin.
Horretaz gain, hermafroditismoa ere behatu izan da anfibio askotan: animalia ar zein emeek organo sexualen mota biak garatzen dituzte, eta hori ez da inolako abantaila anfibioentzako.
Beraz, eztabaida handia dago zientzia-komunitatean anfibioen gainbeheraren kausak argitu eta dituzten arazo guztiak azaltzerako orduan. Askoren ustez, ezin zaio faktore bakarrari guztiaren errua bota. Dirudienez, aipatutako faktore guztien eta oraindik ezezagunak diren beste hainbaten konbinazioaren ondorioa da egoera hori.
Gara-ko Geltokia gehigarrian argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia