Mundua zure esku atlas elektronikoa
1996/09/01 Elhuyarko Informatika Taldea Iturria: Elhuyar aldizkaria
Genionez, Elhuyarrek ekainaren bukaeran kaleratu zuen “ Munduko Atlas Elektronikoa ” izeneko CD-ROMa.
Azken urte hauetan informatikak, eta bereziki multimedia-arloak, ukaezineko garrantzia hartu du. Elhuyar duela urte batzuk hasi zen bide hau jorratzen eta aurrerantzean sakontzen jarraitzeko asmoa ere badu. Horiek horrela, iaz Oinarrizko Atlas Geografiko eta Politikoa modu klasikoan (hots, liburu-formatuan) argitaratu genuenean, gisa horretako materialak multimedia aplikazioen bidez landu eta euskarri berri horietan jartzeko premiaz jabetu ginen. Ez dugu liburuen esparrua ezertan ezeztatu nahi izan, baina areago jotzeko egokieraz ohartuta, teknika berriek mapa, argazki, soinu eta testuz osatutako informazioa lantzeko garaian eskaintzen dituzten abantailak aprobetxatu beharra zegoela iruditu zitzaigun. Zuk duzu orain azken hitza, irakurle, egindako aukera egokia ote den zuk zeuk erabaki beharko duzu eta.
Erabilterraza eta ikusgarria
Hezkuntzarako material osagarrien barruan kokatu genuen proiektua; horrek behartu gaitu, beraz, produktu didaktikoa egitera. CD-Roma diseinatzeko garaian Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBHko) ikasleak izan ditugu helburu eta hauxe da, hain justu, multimedia-aplikazio bat osatzeaz gain, beste ezaugarri batzuk ere betetzera bultzatu gaituen arrazoia. Horiek horrela, erabileraren sinpletasuna, grafismo atsegin eta adierazgarria, informazioaren antolaketa egokia eta aurkezpen argia, atzipen azkarra eta informazioan nabigatzeko aukera dira lan honen ezaugarri nagusiak.
Munduan nabigatzen hasteko
Sinpletasunari dagokionez, erabiltzaileak dagokion botoian sakatzea nahikoa izango du interesatzen zaion informazioa eskuratzeko. Produktua 12-13 urteko gazteentzat egina denez, laneko tresna atsegin eta erakargarria lortzera jo dugu eta horretarako irudiak erabili ditugu programak une bakoitzean eskaintzen dituen aukerak adierazteko.
Hartzailearen jarrera kontuan hartuz, informazioa maila desberdinetako unitateetan antolatu dugu. Alde batetik, oinarrizko informazioa dago (beti eskainiko dena) eta bestetik, informazio osagarria ere emango da (erabiltzaileak eskatutakoan soilik pantailaratuko dena). Horrela, jakinmin-maila desberdinak asetzea lortuko delakoan gaude.
Arestian esan bezala, diseinua nahikoa sinplea da, eta horri esker, eskatzen den informazioa zuzenean agertzen da pantailan. Horrez gain, erraz pasa gaitezke gai batetik bestera edota munduko punta batetik bestera pantailatan atzera eta aurrera ibili gabe. Erabiltzaile arruntak erosotasuna esaten dio horri, eta informatikako hizkeran, erabiltzailearekiko interaktibitatea deitzen zaio.
Munduko bazter guztiak zure aurrean
Goazen, bada, nabigatzera. PC edo Macintosh, bi sistemak onartzen ditu Atlasak eta, beraz, bateragarritasun-arazoak behingoz alde batera utziko ditugu. Ordenadorea piztu eta programa irekita, eguzki-sistema agertzen da zure aurrean. Edozein astrotan sakatu eta bere masa, bolumena, dentsitatea, diametroa, etab. azaltzen dira argazki batekin. Eguzki-sisteman jolasean ibili eta gero, Lurrera itzultzeko gogoa ere izango duzu, eta horretarako, Lurrean agertzen den globo txikian sakatu beharko duzu. Asmatu duzu: horixe da benetako Atlasaren sarbidea.
Animazio baten ondoren Munduko mapa mundia erakusten da. Puntu honetan dagoelarik, erabiltzaileak aukera ezberdinak ditu. Mundu-mailako zenbait mapa ikustea (erlijioa, klima, osasuna, begetazioa...) edo kontinenteetan banaturiko mapan kontinente batean sartzea, menuan izena hautatuz edo saguarekin mapan sakatuz. Aukera bada, zurea da.
Kontinente bakoitzean sartuta, mapa politikoa da lehenik ikusten dena, bertako musika zati tipikoa entzuten den aldi berean. Mapa honek erabiltzaileari oinarrizko informaziora (estatuko informaziora) iristeko aukera ematen dio eta horrexegatik da kontinente guztietan lehenik agertzen den mapa. Mapa fisikoa ere ikus daiteke dagokion botoian sakatuz: kontinente horretako basamortu, ibai, irla, itsaso, laku, lautada, lurmutur, penintsula eta mendi nagusiak azaltzen dira menu batean; baten bat aukeratuz, mapan kokatuko da.
Mapa politikora itzuliz, kontinenteko edozein estatutan sartu ahal izango duzu. Nahikoa da mapan bertan estatu jakin baten izenean sakatzea edo menuan izen hori hautatzea. Azken bide honek estatua zehatz-mehatz non kokatzen den jakin gabe ere bertara sartzeko aukera ematen du. Zer aurkituko duzu bertan? Hitz gutxitan, hauxe da estatu batera sartutakoan eskaintzen den oinarrizko informazioa: bertako bandera, informazio laburpena (biztanle-kopurua, dentsitatea, hizkuntza ofizialak, talde etnikoak, hiriburua, etab.), kokapen-mapa eta argazki bat. Eta horrez gain, lehen esan dugunez, informazio osagarria ere emango da: estatuaren informazio orokorra, historia, geografia, ekonomia, egitura politikoa eta artea. Horra iristeko berriz, informazio-botoian sakatu beharko duzu.
... eta ibili munduan
Behin baino gehiagotan esan dugu jadanik kaleratu berri dugun produktua Munduko Atlasa dela. Nolanahi ere, hurbiltasun-irizpideak direla medio, Europari eta Euskal Herriari tratamendu berezia eskaini zaie. Europako estatuetan aurreko informazioaz gain, estatuaren mapa politikoa ere ikus daiteke hiri nagusiekin, estatuaren kokapen-mapan agertzen den lupatxoan sakatuz. Euskal Herriaren kasuan, estatua bailitzan, menuaren bidez edo Europako mapa politikoan izenean sakatuz aukera daiteke. Mapa politikoa, oinarrizko informazioa eta osagarriaz gain, mapa fisikoa ere ematen da.
Are gehiago, probintzia bakoitzean sakontzeko aukera ere bai. Ohizko informazioaz gain, biztanleen jatorria eta hizkuntza-gaitasuna ere azter daitezke; banderaren ordez, probintzia bakoitzeko armarria egongo da ikusgai eta probintziaren kokapen-mapako lupatxoan sakatuz, probintziaren eskualdekako banaketa azaltzen da eta bertan eskualde jakin baten izena aukeratuz eskualde horretako herrien banaketa.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia